Gamanek aldagailu inklusiboak eta higienikoak diseinatzen eta instalatzen ditu desgaitasuna duten pertsonentzat

0
PRUEBA

Gaur egun, Espainian, etxetik kanpoko komun batera joaten den 200 pertsonetatik bat lurrean etzan behar da garbitzeko. Horixe da, duela hiru urte, pertsona guztientzako bizimodu independentea eraikitzeko xedearekin sortu zen Gaman enpresa sozialaren abiapuntua. “Mondragon Unibertsitatean Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) esparruan beharrak bilatzeko prozesu sakona burutu ondoren jaio zen ideia”, dio Andoni Etxebarria CEOak eta enpresaren sortzaileetako batek. Hautatutako beharra ezberdintasunak murriztea izan zen, eta une horretan konturatu ziren desgaitasuna duten pertsonak direla gaur egun ezberdintasun sozial eta ekonomiko gehien bizi dituztenak.

“Sektoreko elkarteetara hainbat bisita egin eta gero, higienean laguntzeko premia handia duten pertsonentzako komunik ez zegoela azaldu, eta Erresuma Batuan urteak hazten zeraman kontzeptuaren berri eman ziguten: Changing Places (Aldagailu Inklusiboak)“, adierazi du Etxebarriak. Horrela, Gamanek ideia hori inportatu du, eta orain enpresetan eta administrazioetan aldagailu horiek instalatzea erraza izan dadin saiatzen da. Doako aholkularitza eskaintzen die hurbiltzen den erakunde orori, behar duten ekipamenduari buruz gidatzen ditu –hornitzeaz gain–, eta modulu-sistemaren obra edo instalazioa egiten du. “Bezeroak behar duenera egokitzen gara. Horrela, nazioarteko mugimendu sozialaren estandarrak betetzen direla ziurtatzen dugu”, dio Etxebarriak.

Bezeroei dagokienez, batez ere instituzionalak dira. “Zuzenean, kontratatzen dute espazio bat eraberritzea edo Aldagailu Inklusibo bat ezartzea formatu modularrean; eta, zeharka, erakunde horiek ere alokatzen gaituzte eraikuntza-enpresen bidez: eraikin edo erreforma handiak enkargatzen zaizkien enpresen bitartez, non Aldagailu Inklusiboak dauden”, adierazi du sortzailekideak. Era berean, Gamanek hainbat proiektu ditu elkarteekin, orain arte desgaitasunaren mundukoak eta haien zentroetan horrelako komunen beharra dituztenak.

Gamanen sortzailearen ustez, bere enpresaren garrantzia produktuaren testatzean datza, eta erabiltzaile asko, dagoeneko, Aldagela Inklusiboetatik igaro direla ere bai. Bestalde, errealitatea ezagutzen du eta irisgarritasunean aditua da. “Egiten dugunarekin erabiltzailea eta bera laguntzeko dauden pertsonak zaintzeaz arduratzen gara. Uste dut gure aldagailuekin hautsitako bizkar batzuk saihestu ditugula”, gaineratu du Etxebarriak.

Gamanen etorkizuneko planei buruz galdetzen zaionean, Etxebarriak hausnarketa bat egiten du: “Gaur egun, denak funtzionatzen duen abiadura handiagatik, enpresaren eta ekintzailetzaren munduak barne, badirudi ontzat daukagula sortutako guztia oso azkar hazi behar dela”. Oraingoz, 2023an izan da jarduera izan duten lehen urte osoa. “Urte ona izan da emaitzei dagokienez, baina ez gaitezen erotu, lan asko dago aurretik”, amaitu du Etxebarriak.

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.