Bizkaiak 88.000 euro erabiliko ditu lehen sektoreko profesionalen eta enpresen elkarteen jarduna sustatzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiak onetsi du 88.000 euro ipintzea lehen sektoreko profesionalen eta enpresen elkarteei beren jarduna sustatzen laguntzeko. Laguntzak norgehiagoka-araubidean emango dira, eta entitate bakoitzak gehienez ere 35.000 euro jaso ahal izango ditu.

Diru-kopuru horrekin honako gastu hauek finantzatuko dira:

  • Elkarteen jardun-gastu arruntak eta ordezkaritza-gastuak, beren helburu sozialak behar bezala bete ahal izateko. Dirulaguntzak gastu horien % 80 finantzatu ahal izango du gehienez.
  • Sektoreko profesionalen lana sustatzeko eta beren jarduna eta azpisektoreen inguruabar sozioekonomikoak hobetzeko azterlan eta jarduera esperimentalen gastuak. Dirulaguntzak horrelakoak egiteko aurrekontu osoa (% 100) hartu ahal izango du, baldin eta entitate bakoitzak gehienez jaso dezakeena gainditzen ez bada.
  • Ekoizpen-azpisektoreak sustatzeko gastuak, entitate hauekin lotutako nekazaritzako ustiategietako kideentzako prestakuntza-jardueren gastuak, ezagutza teknikoak eskuratzeko eta gero zabaltzeko egiten diren ostera teknikoen gastua, eta laguntza teknikoak eta zerbitzuek eragiten dituzten gastuak. Gastu horien %80 finantzatu ahal izango da gehienez (prestakuntzako gastuen, bidaien gastuen eta ekitaldietako gastuen % 50); ostera teknikoen gastuak osorik (%100) finantzatu ahal izango dira.

Laguntza hauen helburua da elkarte horietako kideen ordezkaritza, babesa eta interes profesional eta ekonomikoen koordinazioa bultzatzea, eta pertsona horien jarduna garatzeko eta hobetzeko jarduketak abian jartzea. Horren ildotik, ezinbestekoa da elkarte horiek bideak ezartzea atxikita dauden nekazaritzako ustiategietako kideak profesionalizatzeko eta prestatzeko, eta horretarako laguntza teknikoak eduki behar dituzte, zerbitzuak eskaini behar zaizkie, eta laguntza eman behar zaie eraberritzeko eta produktu onak eskuratzeko ingurumena babesten duten teknikez baliatuz.