Bizkaiko Foru Aldundiak talentua sustatzeko eta enpresen kudeaketa hobetzeko bi laguntza-deialdi berri ireki ditu

0

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 750.000 euro bideratuko ditu, guztira, lurraldeko enpresen lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa bultzatzeko bi laguntza-programatara, talentua erakarriz eta leial bihurtuz eta enpresa-kudeaketa hobetuz. Gobernu Kontseiluak egindako bileran, Bizkaiko enpresa-sareari zuzendutako dirulaguntzen deialdi berri horiek arautzen dituzten bi foru dekretu onartu ditu.

Talentua sustatzeko laguntzak plantillan 5 langile edo gehiago dituzten eta industriaren sektorean, industriarekin lotutako zerbitzuetan, eraikuntzan, garraioan, turismoan eta handizkako merkataritzan diharduten enpresentzat dira. 400.000 euroko aurrekontua du, eta proposamenak aurkezteko epea apirilaren 8tik irailaren 13ra bitartean egongo da zabalik.

Laguntza-programa honen helburua da Euskaditik kanpo bizi eta lan egiten ari diren kualifikazio eta esperientzia handiko profesionalen talentua erakartzeko, aberriratzeko, lotzeko eta atxikitzeko erraztasunak eta laguntza ematea, beren karrera profesionala Bizkaian jarrai dezaten. Horrela, mota horretako adituen kontratazioa babesten da, haiek hartzen dituzten enpresen merkatuko lehiakortasuna hobetzeko.

Bestalde, Innobideak-Kudeabide dirulaguntzen programak enpresa-kudeaketa hobetzeko proiektuak babestuko ditu 2024rako. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 350.000 euro bideratuko ditu 5 eta 50 langile bitarteko plantillak dituzten industriako eta industriari lotutako zerbitzuetako enpresa txikientzako zuzeneko laguntza ekonomiko horietarako. Deialdi honetara proiektuak aurkezteko epea apirilaren 15etik irailaren 30era bitartean egongo da zabalik.

Innobideak-Kudeabide programa Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundien baterako ekimena da, eta Euskalit, Bikaintasunerako Euskal Fundazioa, delakoaren lankidetza du. 2014an sortu zen, enpresen kudeaketa hobetuz, enpresen lehiakortasuna sustatzeko.

Horrela, Euskalitek programa honetan parte hartu nahi duten enpresen enpresa-kudeaketako praktiken aldez aurreko doako azterketa bat egiten du, eta Kudeaketa Aurreratuko Ereduarekin alderatzen ditu. Emaitza gisa, enpresek txosten bat lortuko dute, arlo horretan hobetu ahal izateko lehentasunezko hiru arlo identifikatzen dituena. Alderdi horietako batzuei kanpoko aholkularitza espezializatu baten laguntzarekin heltzeko, Bizkaiko enpresek 7.200 euroko dirulaguntza jaso dezakete gehienez. Gainera, enpresa txiki eta ertainek (ETEek) aukera dute, hobari batekin, Euskalitek autoazterketan, praktikan eta esperientzia arrakastatsuen trukean oinarritutako bere Know-Inn metodologiarekin diseinatu dituen kudeaketa aurreratuko metodologiak ezartzeko ikastaroen katalogo osoa eskuratzeko. Informazio guztia  esteka honetan lor dezakezu.