Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Klára Dán von Neumann (1911-1963) programazioko aitzindariak idatzi zuen MANIAC I makinan erabilitako kodea; John von Neumann matematikariak eta Julian Bigelow ingeniariak garatu zuten aipatutako makina. Era berean, ENIAC makinaren kontrol berrien diseinuan parte hartu zuen, eta haren lehen programatzaileetako bat izan zen. Eta, gainera, modu autodidaktan ikasi zuen programatzen, hori guztia egin ahal izateko.
Klára Dán 1911ko abuztuaren 18an jaio zen, familia aberats batean. Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik ezagutu zuen John von Neumann. 1938an, matematikaria eta haren emaztea dibortziatu egin ziren, eta Klara Dán eta haren senarra ere bai. Hala, elkarrekin ezkondu ziren. Bikote ezkonduak Estatu Batuetara emigratu zuen, eta Neumannek katedra bat eskuratu zuen Princetonen.
Une hartan, munduko zientzialaririk ospetsuenetako bat bilakatu zen John, eta 1943an Manhattan Proiektura sartu zen. Estatu Batuetako Gobernuaren ikerketa proiektua zen, Robert Oppenheimerrek zuzendua, lehenengo bonba atomikoa sortzea helburu zuena.
Programatzaile autodidakta
Klárak ez zuen matematikako prestakuntzarik jaso institutuaz geroztik, eta modu autodidaktan ikasi zuen programatzen. ‘Laguntzaile’ gisa aipatzen dute hainbat proiektutan, baina haren funtzioa benetan garrantzitsua izan zen. George Dysonek idatzitako konputazioaren historiari buruzko liburuak, ‘Turing’s Cathedral’ izenekoak, Kláraren testigantza hau jasotzen du:
“Makina amaitu baino askoz ere lehenago, Johnnyren esperimentuetarako untxia bihurtu nintzen. Hori izan zen dibertigarriena. Ekuazio aljebraikoak zenbakietara itzultzen ikasi nuen. Horiek, aldi berean, makinaren hizkuntzara pasatu behar ziren, makinak kalkulatu beharreko ordenan”.
Noski, John von Neumann zen “Johnny”.
MANIACen aurretik: ENIAC eta EDVAC
Erabilera orokorrerako lehenengo ordenagailuetako bat izan zen ENIAC (‘Electronic Numerical Integrator And Computer’-en akronimoa) makina, eta 1946an jarri zuten martxan. Bi ingeniarik eraiki zuten, John Presper Eckertek eta John William Mauchlyk. Eta sei emakumek programatu zuten: Betty Snyder Holberton, Betty Jean Jennings Bartik, Kathleen McNulty Mauchly Antonelli, Marlyn Wescoff Meltzer, Ruth Lichterman Teitelbaum eta Frances Bilas Spence.
Makina hori, hasiera batean, Estatu Batuetako Armadaren Ikerketa Balistikorako Laborategirako diseinatu zuten, artilleriaren tiro taulak kalkulatzeko. Gero, ordea, berriz programatu zuten, zenbakizko beste problema mota batzuk ebazteko. 1950ean, Princetoneko Ikerketa Aurreratuen Institutuko meteorologo talde batek erabili zuen ENIAC, zenbakizko tekniken bidez eguraldia iragartzeko. Talde horretan zeuden John eta Klára ere. Hain zuzen ere, Klára arduratu zen dinamika atmosferikoaren ekuazio sinplifikatuak programazio kodera itzultzeaz. Era berean, makina programatzen irakatsi zien meteorologoei, eta amaierako programa berrikusi zuen.
Von Neumannek eta Jule Charney eta Ragnar Fjörtoft meteorologoek ‘Numerical Integration of the Barotropic Vorticity Equation’ artikulua argitaratu zuten 1950ean, esperimentu haren xehetasunekin. Klára ez zen lan haren egile gisa agertu, eta ez zioten aitorpenik egin. Amaierako eskerretan baino ez zen agertzen, “Mrs. K. von Neumann” gisa. Hortaz, bi aldiz bilakatu zuten ikusezin.
ENIAC makina martxan jarri aurretik diseinatu zuten EDVAC (‘Electronic Discrete Variable Automatic Computer’-en akronimoa) makina. Lehenengoa ez bezala, EDVAC bitarra zen eta haren programak diseinatu eta gorde egin zitezkeen. Eckert eta Mauchlyk eraiki zuten hura ere. Gerora Neumann batu zitzaien eta, 1945ean, ‘First Draft of a Report about the EDVAC’ txostena idatzi zuen, lantaldearen memoria gisa. Herman Goldstine matematikariak adiskide batzuen artean banatu zuen dokumentu hura, eta haren egile bakarra Neumann zela esan zuen. Adiskide haiek, aldi berean, Estatu Batuetako eta Ingalaterrako beste ikertzaile batzuei bidali zieten zirriborroa. Osatu gabea zen arren, konputagailu elektroniko digitalak eraikitzeko eredu bilakatu zen txosten hura, eta EDVACen arkitektura ‘von Neumannen arkitektura’ izenez egin zen ezagun. EDVAC makina 1951n hasi zen funtzionatzen.
MANIAC makinaren hasiera
Nicholas Constantine Metropolis fisikariak MANIAC I makina (‘Mathematical Analyzer, Numerator, Integrator, and Computer’-en akronimoa) diseinatu eta eraiki zuen 1952an, Los Alamosko Laborategi Nazionalean. Neumannek Princetonen garatu zuen IAS makinaren arkitekturan oinarritzen zen. 1952an hasi zen lanean, arrakastaz, 1957an MANIAC II makinak ordezkatu zuen arte. Hirugarren bertsio bat ere eraiki zuten 1964an, Chicagoko Unibertsitatean, MANIAC III izenekoa.
Erreakzio termonuklear bat gidatzen duten mekanismoen kalkulu zorrotzak eta zabalak egitea izan zen MANIAC I makinari esleitutako lehen lana. 1953an eskuratu zuen lehenengo ekuazioa MANIAC I makinak, Monte Carlo integrazioaren bidez kalkulatuta, konfigurazio eremuan aldatuta.
Aurrez aipatu ditugun konputagailuen programatzaile asko emakumeak ziren. Gehienek matematikako prestakuntza osoa zuten, eta makina erraldoi horiek funtzionatzea lortu zuten haien ezagutzei eta trebetasunei esker. Emakume horietako bat izan zen Klára Dán Von Neumann.
John von Neumannen lana iraunarazteko laguntza
Von Neumann hil zenean, 1957an, Klára Dánek ‘Silliman Konferentziak’ testua editatu zuen eta hitzaurrea idatzi zuen. 1955 eta 1956. urteen artean eman zuen konferentzia hura Von Neumannek, ordurako gaixo zela. 1958an argitaratu ziren eta, gerora, editatu eta ‘The Computer and the Brain’ izenburupean argitaratu zituzten berriz.
Carl Eckart ozeanografo eta fisikariarekin ezkondu zen Klára 1958an. Haren laugarren ezkontza izan zen. Bikotea La Jollara joan zen bizitzera, Kaliforniara.
1963ko azaroaren 10ean itota agertu zen hondartzan; ziur asko, bere buruaz beste egin zuen. Klára Maria Goeppert-Mayer Fisikako Nobel saridunaren ohorezko festa batetik irten ondoren gertatu zen hura. Klárak, Goeppert-Mayerrek ez bezala, ez zuen inolako aitortzarik jaso programazioaren aurrerapenari egin zizkion ekarpenengatik.
Artikulu honen lehen bertsioa UPV/EHUren Mujeres con ciencia blogean argitaratu zen.