Urtero bezala, Martxoaren 31n, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Trans pertsonenganako diskriminazioaren aurka gizartea sentsibilizatzeko eguna.
Genero-autodeterminaziorako eskubidea, Giza Eskubideei buruzko nazioarteko araudian aitortzen da, eta, estatu mailan, 2023ko otsailaren 16an trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI eskubideak bermatzeko Lege berria onartzean islatu zen.
Ildo horretatik, Eusko Legebiltzarrean, otsailaren 15eko 4/2024 LEGEA, pertsona transak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa onartu izana ospatu nahi dugu. Lege horrek zabaldu egiten ditu 2012ko Legean, kolektiboari legez aitortutako eskubideak eta emakume eta gizon transexualez gain, barnean hartzen ditu pertsona intersexualak eta transgeneroak.
Zalantzarik gabe, Berdindu!-rentzat aurrerapauso handia izan da kolektibo horien eskubideen aitortzan, haien identitate pertsonala, gizarte-aitorpena eta, beraz, ikusgarritasuna bermatzeko.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Berdindu! zerbitzuak euskal gizarte osoa animatu nahi du pertsona horiei begietara begiratzera eta haiekin batera haien aniztasuna eta gizarte gisa dugun aniztasuna ospatzera. Aniztasuna eskubideen gizarte oso baten oinarri gisa eta balio erantsi gisa ulertuta. Aniztasuna diskriminaziorik ezaz, errespetuaz, tolerantziaz edo koexistentziaz haratago. Pertsona guztientzako eskubideen bermeari, aukera-berdintasunari, bizikidetzari eta gizarte-elkarreragin osoari dagokienez bizitako aniztasuna.