Eusko Jaurlaritzak 2024rako % 1,9ko eta 2025erako % 2,1eko hazkunde ekonomikoaren bere aurreikuspena berrikusi du

0

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak ekitaldi honetako euskal ekonomiaren hiruhilekoko lehen txostena argitaratu du gaur, 2023ko laugarren hiruhilekoko datuekin. Bertan, 2024rako hazkunde ekonomikoa berrikusi eta % 1,9an kokatu du (aurrekoan % 2,1ean), eta % 2025erakoa 2,1ean (aurrekon % 1,8an). Bi ekitaldietan 18.000 enplegu sortuko dira, eta batez besteko langabezia-tasa % 7koa izango da 2024rako, eta % 6,6koa 2025erako. Estimazio horiek koiuntura ekonomikoaren adierazle berrienak barne hartzen dituzte, eta horien artean nabarmentzen dira Eustatek argitaratu berri dituen 2023ko laugarren hiruhilekoko kontu ekonomikoak.

Iaz, Euskadiko eta Europako industriak aurre egin behar izan zieten zailtasunak nabarmendu ziren. Energiaren prezio altuek, interes-tasen igoerak, gatazka geopolitikoek eta nazioarteko merkataritzaren jaitsierak sektorearen jarduera geldiarazi zuten. Zailtasun horiek gorabehera, 2023ko laugarren hiruhilekoko datuek berretsi egin zuten munduko ekonomiaren erresilientzia, urtearen amaieran hazkundearen eta inflazioaren konbinazioa ekitaldiaren hasieran aurreikusitakoa baino hobea izan baitzen.

Hala ere, munduko ekonomiaren egoera ez dago egonkortuta. Nazioarteko merkataritzaren ahultasun luzeak, inflazio oraindik ere handiak, EBZren moneta-politika murriztaileak eta Txinak Alemaniako produktuen eskaria nabarmen jaitsi izanak euroguneko hazkunde-erritmoaren dezelerazio handia ekarri dute. Izan ere, euroguneak urtea geldirik amaitu du eta antzeko egoeran jarraituko du 2024ko lehen hilabeteetan.

Hala berretsi dute Europako Batzordearen azken aurreikuspenek. 2024rako euroguneko hazkunde-aurreikuspenak aurreko % 1,2tik % 0,8ra jaitsi ditu, baina 2024ko bigarren erdian pixkanaka suspertzea aurreikusten dute, inflazio-presioen jaitsierak, soldata errealen aurreikusitako igoerak eta lan-merkatuaren sendotasunak bultzatuta, horrek familien gastua suspertuko baitu.

Era berean, 2024rako eta 2025erako mundu-mailako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenek profil moderatua erakusten jarraitzen dute. NDFk egoera hobea aurreikusten du Txinako eta Estatu Batuetako ekonomientzat. Ekonomia aurreratu guztietarako aurreikuspenak, ordea, ez dira hain positiboak, bereziki Europar Batasuneko herrialdeentzat.

Euskal ekonomiaren 2024ko bidea urteko lehen hiruhilekoaren emaitzak baldintzatuko du. Hain zuzen, ohi baino ziurgabetasun zertxobait handiagoa dago emaitza horren gainean. Urte arteko ikuspegitik espero zitekeen arren kanpo-sektoreak atzera egingo zuela, 2023ko lehen hiruhilekoan kanpo-merkataritzaren gorakada izan zelako, urteko lehen datu koiunturalak ez dira positiboak.

Nolanahi ere, urteko bilakaera goranzkoa izango dela aurreikusten da, batez ere urtearen bigarren erdian. Urte horretan, moneta-politika erlaxatzea espero da, eta, ondorioz, interes-tasa baxuagoak eta beheranzko joerakoak espero dira. Horrekin batera, inflazioaren euste gero eta argiago dago eta Europako egoera ekonomikoa pixkanaka hobetzea espero da.

 

EUSKAL EKONOMIARAKO HIRU HILEROKO AURREIKUSPENAK (2024ko martxoa)   

Urte arteko aldakuntza-tasak

  2024 2024 2025
I II III IV
BPGd 1,4 1,7 2,0 2,2 1,9 2,1
Azken kontsumoko gastua 1,4 1,6 2,1 2,1 1,8 1,9
Etxeetako kontsumo-gastua 1,3 1,6 2,0 2,0 1,7 1,8
Herri-administrazioen kontsumo-gastua 1,6 1,9 2,6 2,7 2,2 2,3
Kapital-eraketa gordina 2,0 2,5 2,7 3,1 2,6 2,5
Barne-eskariaren ekarpena 1,6 1,9 2,3 2,4 2,1 2,1
Kanpo-saldoaren ekarpena -0,2 -0,2 -0,2 -0,2 -0,2 0,0
Lehen sektorea 2,2 3,4 0,6 4,6 2,6 4,7
Industria eta energia 0,0 0,7 1,2 1,6 0,9 1,8
Eraikuntza 1,2 0,8 1,6 2,0 1,4 1,9
Zerbitzuak 2,0 2,1 2,3 2,4 2,2 2,2
Balio erantsi gordina 1,5 1,7 2,0 2,2 1,9 2,1
Produktuen gaineko zergak 0,9 1,5 2,1 2,2 1,7 2,2
BPGd nominala 4,6 4,8 4,9 4,9 4,8 4,1
BPGd deflatorea 3,1 3,0 2,8 2,6 2,9 1,9
Lanaldi osoko lanpostuak 2,1 2,0 1,7 1,6 1,8 1,6
Pertsona okupatuak (BJA) 1,1 1,0 1,0 1,0 1,0 1,1
Langabezia-tasa 7,5 7,2 6,7 6,9 7,0 6,6

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza.

 

Euskal ekonomiaren barne-eskaria % 2,1ekoa izango litzateke urte osoan, eta datu hori 2025ean errepikatuko litzateke, baina urte horretan jadanik kanpo-saldoaren ekarpen neutroarekin, esportazioen pixkanakako hobekuntzaren ondorioz. Hobekuntza hori inportazioena baino handiagoa izango da barne-eskariaren bultzadaren ondorioz. Arlo horretan, ziurgabetasun nagusia, jakina, lehentasunezko bazkide komertzial batzuen testuinguru ekonomikoari lotuta dago, bereziki Alemaniari. Hala ere, prezio industrialei buruz orain arte ezagutzen zen informazioa koiunturalak ere, batez ere energia-prezioen murrizketagatik, horretan aurten euskal sektore esportatzailearen alde jokatuko duen faktore gisa pentsatzera garamatza.

Zerbitzuen sektorearen dinamikak euskal ekonomiaren hazkundeari tiraka jarraitzen du, ikuspegi sektorialetik. 2023an % 2,4ko hazkundea izan ondoren, espero da hurrengo urteetan jardueraren hazkundea % 2tik gorako urteko erritmoan handitzea. Eskariaren aldetik azken kontsumoarekin duten zuzeneko erlazioagatik ez ezik, garraioarekin lotutako jarduera-adarrak dinamismo handia izaten ari dira, eta joera luzatu egingo dela aurreikusten da.

Eraikuntzaren sektorearen bilakaera nabarmena izan da interes-tasen testuingurua kontuan hartuta, nahiz eta aurreikuspenen arabera sektoreak haien eragina izango duen eta hazkundea % 1,4ra jaitsiko den 2024an, eta % 1,9ra igoko den 2025ean, interes-tasa hobeen eraginez. Zehazki, Euriborra beherantz doa.

Bestalde, industria-sektoreak % 0,3 baino ez zuen igo bere produkzioa 2023an, eta, hurrengo urteetan hazkunde-tasak handiagoak izango direla aurreikusten bada ere (% 0,9 2024an eta % 1,8 2025ean), kanpo-ingurunearen ahultasun horrek baldintzatu egiten ditu hazkunde-espektatibak.