Hezkuntzak eta ONCEk lankidetza-hitzarmena berritu dute eskolatze konbinatuko zerbitzu berri batekin

0

Hezkuntza Departamentuak eta ONCEk hitzarmena berritu dute ikusmen-urritasuna duten ikasleei hezkuntza-zerbitzuak emateko. Erakunde arteko akordio horrek berrikuntza garrantzitsu bat du, eta, era horretan, aukera emango du itsutasuna duten eta curriculumaren garapen ebolutiboan zailtasunak dituzten ikasleen behar espezifikoak Nafarroan osatzeko, horretarako Foru Komunitatetik kanpora joan behar izan gabe.

Horrenbestez, hitzarmen berriak, orain, Eskolatze Konbinatuko Zerbitzua (SEC) izendatua jasotzen du alderdiek emandako baliabideen artean. Zerbitzu hori ikastetxe arruntetan artatutako ikasleentzat da zeinek curriculum arlo zehatzetan ikasteko zailtasun bereziak dituzten. Ondorioz, ONCEk ikasle horien gaitasunak landuko ditu Iruñako egoitzan, ikastetxearekin koordinatuta.

Zerbitzuaren helburua da ikasleek duten itsutasunak edo ikusmen-urritasun larriak eragindako hezkuntza premiei erantzun puntuala, zehatza, espezifikoa eta laburra ematea.

Landu beharreko arloen artean, itsutasunari lotutako arlo zehatzak aipatzen ditu hitzarmenak, ikasleen garapen egokirako ezinbestekoak direnak, esaterako braille hizkuntza, teknologia, autonomia pertsonala edota doikuntza emozionala, besteak beste. SEC-en jarduera guztiak ikasleen banakako laguntza-planean barne hartuko dira.

Baliabide horiez gainera, hitzarmenak gehitu egiten ditu Departamentuaren araudian ikasle mota horiei arreta emateko oro har aurreikusitakoak, esaterako ikastetxeetako irakasleak (tutoreak, arloko irakasleak, pedagogia terapeutikoko eta/edo entzumeneko nahiz hizkuntzako espezialistak, etab.), orientazio-zerbitzuak, hezkuntza-laguntzarako langile espezialistak zein langileria espezializatua hala nola Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabideen Zentroko (CREENA) baliabideak eta programak.

ONCE Nafarroak, aldi berean, beste baliabide pertsonal espezializatu batzuk jarriko ditu: CREENA-ren hala nola PAAE-ren  (Autonomia, Irisgarritasun eta Enplegu Programa) ikus-eremurako irakasleak, gizarte langileak, doikuntza psikosozialeko profesionalak, errehabilitazio integraleko zerbitzua, komunikazio eta informaziorako sarbideko profesionalak (irakasle tifloteknikoak eta braillea), arreta goiztiarreko irakasleak eta gor-itsutasunean espezializatutako profesionalak, hala nola liburutegi digitala eta animazio soziokulturaleko eta kirol-sustapeneko beste tresna batzuk.

Hitzarmen honetan, azkenik, CREENA-ko ikusmen-taldearen baliabideen parte-hartzea jasotzen da, ikusmen-desgaitasunetik eratorritako beharrizanetan oinarrituz, esku-hartzeko hainbat arlo espezifiko baliatuz: haurren garapen ebolutiboa, familiaren esku-hartzea, ikusmen-estimulazioa, oftalmologia eta optika, autonomia, oinarrizko teknika instrumentalak, gizarte-gaitasuna, aisialdia eta denbora librea, hezkuntza-orientazioa, eskola-curriculuma, ikusmen-desgaitasunarekiko doikuntza, etab.

Hezkuntza-ONCE arteko hitzarmenaren funtsezko helburuen artean dago, itsutasuna eta ikusmen-urritasun larria duten ikasleei hezkuntza inklusiboaren esparruan hezkuntza- eta gizarte-arreta orokorra zein espezifikoa emango zaiela bermatzeko baterako jarduerak bultzatzea.

Hitzarmena Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok eta ONCE-k Nafarroan duen ordezkariak izenpetu dute.

Hitzarmenaren onuradunak Nafarroako ikastetxeetako edozein mailatan zein unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-etapatan eskolaratutako ikasleak izango dira, betiere 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zorroztasun maila bat izaten badute, ikusmen-zuzentasun ahalik eta onenaren arabera, edo euren ikusmen-eremua 10 gradura edota gutxiagora murrizten bada.

Onuradunak izango dira halaber ikusmen-baldintzen harira ikusmen-zorroztasunaren 0,3 edo ikusmen-eremuaren 30 graduko murrizketa gainditzen ez dituztenak; CREENA-k dagokion balioespena egin ondoren, ikusmen maila urria dela-eta eskola-arreta espezializatua behar dutenak.

Hitzarmenaren baldintzei jarraiki, Hezkuntzak beharrezkoak diren neurriak sustatuko ditu ikastetxeak, ikasturtea amaitu baino lehen, ikasle onuradunentzako liburuen zein curriculum materialen zerrenda eman dezaten, horiek egokitze aldera (braille sistemara transkribatzea, grabatzea, etab.); baita ikasle horiek ingurune informatikoetara eta euskarri digitaletara edo Internet bidez hedatutakoetara irisgarritasuna izango dutela bermatzeko beharrezko neurriak ere, eta inor ez da baztertuta geratuko bere desgaitasunagatik.

Guztira, 105 ikasle artatzen ditu CREENA-k ikusmen-desgaitasunaren esparruan.