Perseus: “Perseusen I+G+b da gure zerbitzuak hobetzeko erabiltzen dugun indarra”

0
PRUEBA

Perseus Zamudioko Parke Teknologikoan kokatuta dagoen enpresa bat da, eta zibersegurtasun-zerbitzuen hornitzaile gisa jarduten du. Gaur egun, 42 langile ditu, Bizkaiko egoitza zentralarekin eta Madrilen duen ordezkaritzarekin. “Hainbat eremutako proiektuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugu. Adibidez, bezeroarekiko arriskua aztertzen dugu eta haren inbertsioa bideratzen dugu, aholkularitza eskainiz; edo babes-azpiegituren integrazioa, bezeroaren ingurunea monitorizatzeko eta inpaktua gutxitzeko, erasoen aurrean erantzuteko operazio-zerbitzuekin”, azaldu du Perseuseko CEOak, José Ramón Conchak. 

Konpainiak azkenaldian egin dituen proiektuen artean, aipatzekoak dira Bilboko Metroaren segurtasun informatikoko plataformaren mantentze-lanak eta bilakaera, Bilboko Portuko Agintaritzan zibersegurtasuna kudeatzen laguntzeko zerbitzua edo EiTBn segurtasun-azpiegiturak ezartzea. 

Lan horiek egiteko, berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu handia egin du azken urteotan. “Perseusen I+G+b da gure zerbitzuak hobetzeko erabiltzen dugun indarra. Gaur egun, Hazitek ‘Basque Cyber Security Shared Data (BCSSD)’ proiektuaren buru gara, eta beste Hazitek  programarako prestatzen ari gara, ‘PANACEA’ proiektuarekin. SPRI taldearekin harreman hurbila dugu eta gure enpresaren eta gure bezeroen garapenerako foro eta jardueretan parte hartzen dugu”, adierazi du CEOk. 

Bere bezero gehienak bertakoak izanik, Perseus atzerrian hazi da azkenaldian. “Gure nazioarteko jarduera % 5 handitu dugu azken bi urte hauetan. Europan lantegiak dituzten euskal erakundeentzat egiten dugu lan, batez ere industria sektorekoak. Bezeroek dituzten araudiak edo erregulazioak betetzeko segurtasun-maila bermatzen dugu”, azpimarratu du CEOk. 

Perseusek duela gutxi hurrengo hiru urteetarako plan estrategikoa burutu du, bere operazioak gehiago optimizatzeko, merkatu berrietara zabaltzeko edo egungo bezeroak sendotzeko helburuekin. “Erakunde guztiek mundu digital eta fisikoan dituzten negozioak babesteko eta berreskuratzeko behar dituzten zibersegurtasuneko zerbitzuen hornitzailea izan nahi gara”, adierazi du José Ramón Conchak. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.