Euskalmeten arabera, martxoa hilabete normala izan da, baina kontraste handiak eta batez besteko tenperatura oso epelak izan dira

0

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, martxoa hilabete normala izan da orokorrean, baina kontrasteak izan dira Euskadiko lurraldeen artean. Horrela, eguraldi bustia izan da, eta ohikoa dena baino prezipitazio handiagoak izan dira, itsasertzean eta Araba eta Gipuzkoa arteko mendialdean eta eguraldi lehorra kantauriar haranetan eta Arabako Errioxan.

Euskalmeten arabera, martxoko batez besteko tenperaturak oso epelak izan dira. Kostaldean 11-13 ºC inguruan ibili dira eta Arabako Lautadan 9 ºC inguruan, gutxi gorabehera 1991-2020 aldi normalaren gainetik 1,4 ºC. Mende honi dagokionez, erregistro hori bosgarren lekuan dago, 2023kotik edo 2003kotik urruti.

Tenperatura horiekin batera izandako intsolazioa ezberdina izan da lurraldean barrena: itsasertzean defizita izan da baina barnealdean superabita. Kostaldeko eskualdeetan eguzki-orduak batez besteko klimatologikoa baino % 10 gutxiago izan dira, eta beste eskualde batzuetan, esate baterako, Arabako Lautadan, % 16 gehiago. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 124 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 127 eta Gasteizek 171.

Prezipitazioei dagokienez, baliorik altuenak Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroako mugan, erregistratu ziren, 200 l/-m²ren bueltan (Eskas 222,5, Añarbe 194,8, Oiartzun 183,8, Behobia 170,4).

Martxoaren beste ezaugarri bat haizearen eragina izan da, eta azpimarratzekoak dira hilaren 8ko gauean eta 9ko goizaldean Urduñan erregistratu ziren urakan-boladak (126,3 km/h hilaren 8an eta 123,5 km/h hilaren 9an) eta haizeguneak ez diren Gipuzkoako zenbait lekutan erregistratutako 90-100 km/h-ko boladak (Zizurkil 102 km/h hilaren 8an eta 98,8 km/h hilaren 9an; eta Bidanian 91,7 km/h hilaren 9an). Horrez gainera, 80-90 km/h-ko boladak ere izan ziren batez ere haizeguneak ez diren Arabako hainbat lekutan.

Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 32 abisu hori aktibatu zituen martxoan itsaso zakarrarekin eta haize-bolada indartsuekin lotuta. Horietako batzuk inpaktu handiko bi borraskaren garapenarekin lotuta egon ziren: Monika, hilaren 9tik aurrera, eta Nelson, hilaren 26tik aurrera.