Finantzaketa publikoa duten tratamendu medikoekiko atxikidura erraztera Eusko Jaurlaritzak bideratzen dituen laguntzak eskatzeko epea zabalik

0

Eusko Jaurlaritzak dagoeneko ireki du tratamendu medikoekiko atxikidura ziurtatzeko laguntzak eskatzeko epea, Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren ordezko laguntzak, hain zuzen. Horrela, bermatu nahi da agindutako medikazioa inork hartzeari utziko ez diola arrazoi ekonomikoengatik. Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaren Agindua joan den martxoaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Beraz, eskabideak aurkezteko epea zabalik dago eta abenduaren 10era arte luzatuko da.

Laguntza hauek Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoarekiko une oro erakutsi duen aurkakotasunaren barruan kokatzen dira. Izan ere, gaitzespen irmo horren ondorioz, errenta baxuak dituzten pertsonentzako eta talde behartsuentzako (pentsiodun, langabe, egoera irregularrean dauden etorkin eta abarrentzako) konpentsazio-neurriak hartu zituen Estatuko lehen erkidegoa izan zen Euskadi, agindutako medikazioa arrazoi ekonomikoengatik hartzeari inork utzi ez ziezaion ziurtatzeko.

Oraingo deialdia dagokio 2023ko ekitaldian 2023ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eta 2024ko ekitaldian 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egindako gastu-aldiari.

Laguntza hauek ematen hasi zirenetik (dagoeneko hamabi urtez jarraian eman dira), 798.000 eskaera baino gehiago tramitatu ditu Eusko Jaurlaritzak, 43,6 milioi eurotik gorako zenbatekoaz. Iaz, 2023an, Eusko Jaurlaritzak guztira 2.114.448 euro bideratu zituen 2022ko deialdiaren bigarren epeari eta 2023ko deialdiaren lehen epeari dagozkien laguntzen onuradunentzat. Gogoan izan behar da 2021ean handitu egin zela farmazian ordaintzetik salbuetsita geratzen diren kolektiboen kopurua.

Osasun Sailak gomendatzen du eskaera Internet bidez tramitatzea Eusko Jaurlaritzaren webguneko helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336322/web01-tramite/eu/ eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336321/web01-tramite/eu/.

Modu presentziala hautatuz gero, Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuaren osasun-zentroetan eta Zuzenean – Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Azpimarratu behar da laguntzak ez direla aurkezpen-ordenaren arabera ordainduko.

Laguntza hauen onuradun izango dira:

  • Gizarte Segurantzako pentsiodunak eta horien onuradunak, urteko errentetan 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira.
  • Legez langabezian dauden pertsonak eta horien onuradunak, urtean 18.000 eurotik beherako errentak badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira.
  • Diru-sarrerak bermatzeko errenta laneko diru-sarrerak osatzeko errentaren modalitatean jasotzen duten pertsonak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako Osasun Txartel Indibidualaren titularrak badira.
  • Eta Espainiako Estatuan egoiliar gisa erregistratu edo baimendu gabeko atzerritarrak, Euskal Autonomia Erkidegoak emandako eskubide hori aitortu izanaren egiaztagiria badute.

Bi eskaera mota daude: sinplifikatua, OTI txartela duten eta Euskadiko farmazietan farmazia-gastuak egin dituzten pertsonei zuzendua batez ere, eta arrunta, OTI txartela duten eta Euskaditik kanpoko farmazietan farmazia-gastuak egin dituzten pertsonei zuzendua, baita MUFACE, MUGEJU eta ISFASeko mutualistei ere.

Eskatutako laguntzak bi epetan ordainduko dira (2024ko hirugarren hiruhilekoan eta 2025eko lehen hiruhilekoan), eskabidea 2024ko ekainaren 10a baino lehen entregatzen bada. Eskabidea 2024ko ekainaren 10etik aurrera entregatzen bada, ordainketa bakarra egingo da 2025eko lehen hiruhilekoan.