‘Oroibidea’ gerra zibileko eta frankismoko erreferentziazko artxibo digitala da estatu mailan eta 23.000 errepresaliatu baino gehiagori buruzko datuak eta dokumentuak biltzen baititu

0
collectionsIrudi galeria

Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak eta Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak ‘Oroibidea – Camino de memoria’ gerra zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren eguneratzea eta berritasunak aurkeztu dituzte gaur goizean. 2020an sortu zenetik zeuden sarrera eta erreferentzia pertsonalak  laukoiztu ditu ‘Oroibideak’, jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa eginez, eta, oraingoz, frankismoaren 23.053 biktimen erreferentziak jaso ditu. Erreferentzia horiek hainbat formatutan daude: testuak, audioak, elkarrizketak, bideoak, dokumentu juridikoak, hobiak aurkitzeko mapak, etab. Gainera, web ataria lau hizkuntzatan kontsulta daiteke: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez.

«Tresna hau Nafarroako Gobernuak 2015etik hasitako jarduera-ildo zabalago baten barruan kokatzen da, eta, egungo Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren bitartez, Nafarroako Memoriaren Institutuaren Dokumentazio Zentroaren bidez Foru Erkidegoko ondare memorialista zaintzearen eta zabaltzearen garrantzia azpimarratzen du», azaldu du Ollo lehendakariordeak.

Hori dela eta, Ollok azaltzen jarraitu duenez, hainbat proiektu egin dira gai eta une historiko ezberdinei buruzko lekukotasunak grabatzeko; dokumentu-funts publikoak eta pribatuak jaso eta digitalizatu dira, bai protagonistenak, bai elkarte, sindikatu eta alderdi politikoenak; ikerketak sustatu dira errepresioaren dimentsio zehatzei buruz, hala nola emakumeen aurkako indarkeriari buruz, LGTBI kolektiboari buruz, behartutako langileei buruz, errepresio ekonomikoari buruz, erbesteari buruz… «Material multzo handi hori guztia, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak edo Hobien Mapak bildutako datu ugariak barne, ‘Oroibidea – Camino de memoria’ proiektuan txertatzen ari dira. Proiektuaren egitura eta dimentsioa sendotu eta indartu egiten da, eta prozesatutako datuen bolumena esponentzialki biderkatzen du, 23.053 errepresaliatuenak izan arteraino».

Pertsona horiek guztiek errepresio mota bat edo gehiago jasan dituzte, hala nola espetxea, hilketa, kontzentrazio esparruetan edo behartutako langileen batailoietan barneratzea, errepresio ekonomikoa, erbestea, etab. Biktima bakoitzaren fitxa pertsonalak horiei buruz eskuragarri dagoen informazio guztia lortzeko bidea dira: dokumentuak, irudiak, elkarrizketak, erreferentzia bibliografikoak…

Artxiboak barne-funtzionamenduan duen konplexutasun teknikoa eta erabiltzeko erraztasuna uztartzen ditu; izan ere, Ollo lehendakariordeak zehaztu duenez, herritar guztiei sarbidea erraztea du helburu, ez bakarrik publiko espezializatuenari. » Tresna hau baliagarria izatea nahi dugu biktimek eta haien familiek egia jakiteko duten eskubidea bermatzeko; baita herritarrek, gizarteak, 1936ko uztailean hasi eta 40 urteko diktaduran hedatu zen iragan izugarri baten egia gordina ezagutzeko duten eskubidea bermatzeko ere. Eskubide hori bermatu egin behar da gure aurrean interes oso boteretsuak gurutzatzen diren garai hauetan, zeinak diktadura frankistaren eta haren oinarri izan ziren krimenen irudi desitxuratua, hutsaltzailea eta ukatzailea transmititu   nahi dituztenak».

«Tresna hau –azpimarratu du Ollok– belaunaldi gazteenei ere zuzenduta dago, ‘Memoria duten Eskolak’ programaren bidez herritarren prestakuntzan laguntzeko eta, horrela, memoria kritikoa sustatzeko, bizikidetzan oraina eta etorkizuna eraikitzeko tresna gisa».

Herritar guztientzat eskuragarri dagoen lankidetza-lana

‘Oroibidea’ artxibo digitalaren bertsio berri hau Nafarroako Gobernuak aldez aurretik laguntzen eta finantzatzen zituen beste datu-base batzuetatik, hala nola Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsetik edo Hobien Mapatik, datozen informazioak integratzearen emaitza izan da. Memoria historikoari buruzko eta errepresio frankistari buruzko hainbat modalitatetako ia berrogeita hamar lan sistematikoki ustiatzetik eratorritako milaka erreferentzia bibliografiko ere integratu dira. Hasierako bertsioaren bilakaera oso garrantzitsua izan da haren oinarrizko osagai bakoitzean.

Hala, Josemi Gastón Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak azaldu duenez, «duela urtebete jasotako 5.753 biktimen erreferentziak, gaur 23.053 dira, hau da, horien kopurua laukoiztu da. Gatibutasuna edozein modutan jasan zuten pertsonak aintzat hartzeak azaltzen du igoera».

Era berean, 161 elkarrizketatik ateratako 1.200 zatietatik 2.895 zatietara igaro gara, 356 elkarrizketetatik datozenak.

«Baita ere –zehaztu du Gastonek-, 50.816 erreferentzia bibliografiko daude 9.414 biktimei lotuta. Erreferentzia horiek 100.000 izango dira laster, argitaletxe publiko eta pribatuen lankidetzari esker, baita arlo horretan lanean jarraitzen duten ikertzaileen lankidetzari esker ere «.

‘Oroibidea’ artxibo digitalak, orain arte bezala, pertsonen edo herrien arabera bilaketak egiteko aukera emateaz gain, errepresio lekuetatik ere egiteko aukera ematen du. Bertan 244 hobi, 127 espetxe, 20 kontzentrazio-esparru eta behartutako langileen 45 batailoi sartu dira. Leku horietako bakoitzean, bertatik igaro ziren biktima guztiak zerrendatzen dira, 16.369 guztira.

Azkenik, dokumentazio berria sartu da, eta Iruñean egindako gerra-kontseiluen epaiak nabarmendu behar dira, ‘Oroibidean’ eralzionatutako 456 pertsonari eragin baitzieten.