Barakaldoko Herritarren Segurtasun Arloak Gabarra dela-eta dispositibo berezi bat ezarriko du itsasadarrerako sarbideetan

0

Athleticek irabazi berri duen Errege Kopa ospatzeko milaka jarraitzaile etorriko direlakoan, Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako arloak dispositibo berezi bat prestatu du ostegun honetarako, Gabarra Barakaldotik igarotzen denerako. Hedapena itsasadarraren ertz osoan zehar hedatuko da, batez ere jendea sartu ahal izango den tartean: Sestaorekin komunikatzen duen zubitik Arrontegiko zubiaren azpian amaitzen den pasealekuraino.

Angel Madrazo zinegotzi delegatuak jakitera eman duenez, itsasadarraren ertzera iristeko bi gune egongo dira: Urban auzoa (hainbat sarbide ditu) eta Lutxana, Interfabricas errepide zaharreko zubia eta «Paseo del Colesterol» izenekoa erabiliz. «Itsasadarraren mugakide diren gainerako eremuak, Lutxanatik Burtzeñaraino, ez dira irisgarriak izango, atrakatze-kaiak egoera txarrean daudelako eta ibilguan babes-elementurik ez dagoelako», jakinarazi du. Madrazorekin batera Egoitz Calderon eta José Antonio García izan dira, Udaltzaingoko eta Babes Zibileko arduradunak.

Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako Arloak jakinarazi duenez, Portuko dartsenako kai-muturra desgaitasuna duten mila pertsonarentzat baino gehiagorentzat egongo da gordeta.

Gabarra ikusteko sarbide libreko guneek kilometro lineal bat hartuko dute, gutxi gorabehera. Alde batetik, 450 metro irisgarri egongo dira Kaiku zubiaren eta Erandioko gasolino zaharraren ontziralekuaren arteko pasealekuan. Eta, bestetik, Portuko dartsenaren kai-muturraren hasieratik Arrontegiko zubiaren azpiraino doazen 450 metroak. Erdian, Itsasadarrerako ikuspenik gabeko pasealeku bat eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako espazio bat geratuko dira. Era berean, ez da onartuko Franco Belga kalearekin komunikatzen duen arrapala batean egotea, larrialdiko irteera gisa egokituko baita.

Dispositiboa 11:00etan hasiko da, eta Udaltzaingoko 25 agentek eta Babes Zibileko dozena bat boluntariok osatuko dute. Hedapenak Ertzaintzaren laguntza ere izango du. Hiru karpa jarriko dira: bat Lutxanako sarbidean, beste bat Portuko dartsenako kai-muturrean eta hirugarren bat Urbaneko etxebizitza berrien blokeen ondoan. Gainera, aginte-postu bat egongo da Kaikuren instalazioen aurrean. DEA ekipoak (desfibriladore automatikoak) eskuragarri egongo dira, osasun-larrialdi bati erantzun behar bazaio ere.

KANPATZEA DEBEKATUTA

«Ziur nago jendeak gizalegez eta erantzukizunez jokatuko duela, udaltzaingoen eta Babes Zibilaren aginduak uneoro betez. Nolanahi ere, garrantzitsua da jakitea ezingo dela kanpaketarik egin, ez eta elementu finkorik instalatu ere, hala nola karpa edo kanpin-denda bat. Debekatuta egongo da edozein material pirotekniko erabiltzea eta ezin izango da kargalekura sartu segurtasun arrazoiengatik «, zehaztu du.

Barakaldoko pasabidea 17:30erako aurreikusita dago, gutxi gorabehera. 11:00etatik 19:00etara ezin izango da ibilgailuekin bertara sartu, Bilbaína de Alquitranes fabrikan lan egiten dutenak izan ezik. Ildo horretan, hesiak jarriko dira Lutxanatik kaietara inor sar ez dadin.

Madrazok, azkenik, azpimarratu du beharrezkoa dela Itsasadarreko pasealekuetan bidea libre uztea eta jendeak baldosadun edo asfaltatutako eremuak bakarrik okupatzea.

Trafikoari dagokionez, ez da aurreikusten Urban inguruko bizilagunen garajeetarako sarbidea moztea edo mugatzea. Hori bai, mozketa puntualak egin daitezke, Gabarrako pasabidearen amaieran oinezkoei bidea errazteko.