Osakidetzak Euskadiko Intentsitate Handiko lehen Ultrasoinu-ekipoa instalatuko du Gurutzetan, mugimenduaren nahasmenduak dituzten gaixotasunak hartatzeko

0

APIRILAREN 11. PARKINSONEN GAIXOTASUNAREN MUNDU EGUNA

  • 20 milioi euroko inbertsioarekin, ekipamendua Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean instalatuko da, Parkinsonen gaixotasunaren eta mugimenduaren beste nahasmendu konplexu batzuen tratamendu kirurgikorako erreferentziazko zentroa baita
  • Teknologia horrekin eta Intentsitate Handiko Ultrasoinu Fokalizatuen (HIFU) bidez, egitura neurologikoak modu selektiboan aldatzea lortzen da, inolako ebaketarik egin behar izan gabe
  • Parkinsonen gaixotasunaren intzidentzia 100.000 biztanleko 8 eta 18 pertsona bitartekoa da, eta Euskadin urtean 400 kasu diagnostikatzen dira

Osakidetzak lizitaziora atera du mugimenduaren nahasmenduak eragiten dituzten gaixotasunak (hala nola, dardara esentziala eta Parkinsonen gaixotasuna) tratatzeko Euskadiko Intentsitate Handiko Ultrasoinu Fokalizatuko ekipoa (HIFU), Erresonantzia Magnetiko Nuklearrak gidatua. Hala jakinarazi du Osasun Sailak Parkinsonen Gaixotasunaren Mundu Egunaren, apirilaren 11, bezperan kaleratutako adierazpen batean.

10 milioi eurotik gorako inbertsioa (10.100.000 €) izango duen ekipamendua Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean instalatuko da, hain zuzen Parkinsonen gaixotasunaren eta mugimenduaren beste nahasmendu konplexu batzuen tratamendu kirurgikorako Osasun Sistema Nazionalak (CSUR) akreditatutako erreferentziazko zentroan.

Intentsitate Handiko Ultrasoinu Fokalizatuen ekipamendua (HIFU) da, gaur egun, mugimenduaren nahasmendua eragiten duten gaixotasunak tratatzeko teknologiarik modernoena. Oso inbaditzailea ez den teknika horri esker, azalean, hezurrean eta garunean inolako ebakirik egin behar izan gabe modu selektiboan aldatzen dira garunaren sakonean dauden egitura neurologikoak.

HIFU teknologiaren bidez, ohiko ekografia egiteko erabiltzen direnen antzeko ultrasoinuak aplikatzen zaizkio pazienteari, baina ultrasoinu horiek oso intentsitate handikoak dira eta oso lokalizatuta aplikatzen dira garunaren barruko diana txiki batean. Tratamendu horretan batez ere neurologoek, neurokirurgialariek eta neurorradiologoek parte hartzen dute. Erresonantzia magnetikoaren arloan egiten da, eta pazientea esna egoten da prozedura osoan.

Teknologia hori erabiliko bada, oso espezializazio eta esperientzia handia behar da, bai teknika horren hartzaile izan daitezkeen pazienteak egoki aukeratzeko, bai garunaren barruan diana txikiak behar bezala lokalizatzeko.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, erreferentziazko zentroa (CSUR)

Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea izango da Estatuan HIFU ekipamendu teknologikoa izango duen zentro bakanetako bat, eta hura erabiltzeko gaitasuna duen mediku-taldea du jada. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Mugimenduaren Nahasmenduaren Unitatea duela 20 urte baino gehiago jarri zen abian eta neurologoek, neurokirurgialariek, neurofisiologoek eta neurorradiologoek osatzen dute. Izan ere, Osasun Sistema Nazionalak (CSUR) Parkinsonen gaixotasunaren eta mugimenduaren beste nahasmendu konplexu batzuen tratamendu kirurgikorako erreferentziazko zentro akreditatu bakanetakoa da.

Parkinsonen gaixotasuna Euskadin

Parkinsonen gaixotasuna duela 200 urte baino gehiago, 1817an, deskribatu zuen James Parkinsonek, eta Alzheimerren gaixotasunaren ondoren ohikoena den bigarren gaixotasun neurodegeneratiboa da.

Gaixotasunaren intzidentzia 100.000 biztanleko 8 eta 18 pertsona bitartekoa da, eta Euskadin urtero 400 kasu inguru diagnostikatzen dira. Intzidentzia handiagoa da adinarekin, nahiz eta 65 urtetik behera ere kasuak ager daitezkeen —izatez, paziente guztien % 25 dira 65 urtetik beherakoak—.Era berean, maiztasuna handiagoa da gizonen artean emakumeen artean baino (1.4 vs 1) eta kasuen % 10era arte herentziazkoa izan daiteke.

Askotariko sintoma motak eta afektazio-mailak izan ditzakeenez gero, paziente bakoitzak bere sintomatologia du, eta, hartara, tratamendua beti pertsonalizatuko da. Bereizgarriena sintoma motorrak dira, eta, horien artean, zurruntasuna, dardarizoa, moteltasuna eta ibiltzeko alterazioak nabarmentzen dira. Hala ere, aldartearekin, loarekin, oroimenarekin eta abar lotzen diren sintoma ez-motorrak ere oso ohikoak dira, eta inpaktu negatibo handiagoa izan dezakete Parkinsonen gaixotasuna duten pertsonen bizi-kalitatean.

Tratamenduen ikuspuntutik, gaur egun ahozko terapiak eta kasu konplexuetan gaixotasunaren sintomak kontrolatzea ahalbidetzen duten terapia aurreratuak daude.