Nerea Vallejo López: Saguzarrek berezko balioa dute

0

EHU-ekinean 2. denboraldiko 3. podcasta: Nerea Vallejo López.

Sarean arrakasta handia dute katuek, txakurrek eta etxekotutako beste animalia batzuek. Nerea Vallejo López biologoak, ordea, saguzarrak ditu gogoko. Hain zuzen, haiei buruzko tesia egiten ari da EHUn, eta arrazoi ugari aipatzen ditu, azaltzeko zergatik diren hain animalia interesgarriak: “Jendeak ez ditu ezagutzen, baina ez da hor ez daudelako. Euskal Herrian 27 saguzar-espezie daude eta munduan 1.200. Era askotakoak dira, eta, gainera, beste mundu bat bezala dira. Adibidez, Euskal Herrikoak gauez bizi dira, eta, guk ikusmena erabiltzen dugun bezala, beraiek ekokokapena erabiltzen dute. Gainera, hegalariak dira, taldean bizi dira… Gauza asko dituzte oso interesgarriak ikerketa asko egiteko».

Azpimarratu duenez, ugaztun hegalari bakarrak dira, eta hori, ebolutiboki, oso berezia da. «Asko mugitzen dira; batzuek, gau bakar batean, 30 km egin ditzakete haien janlekuetara joateko», azaldu du.

Gogoratu du txikitan asko gustatzen zitzaizkiola animali basatiak, eta albaitari edo biologo izatea zuela amets. Hala, biologiako gradua egin zuen UPV/EHUn. Han badago saguzarrak ikertzen urteak daramatzan talde bat, eta haiekin egin zuen gradu-amaierako lana. Orain, tesia ere talde berarekin egiten ari da, Geoffroy saguzarraren ekologia trofikoa ezagutu nahian. «Geoffroy saguzarra Europan bizi den saguzar txikitxo bat da, eta nik bere dieta ikertzen dut, eta nola aldatzen den dieta denboraren arabera, koloniaren inguruko paisaiaren arabera eta abar».

Koronabirusaren jatorria saguzarretan egon zitekeela eta, pentsatzekoa zen, agian, haien kontrako mugimendua edo iritzia sor zitekeela. Vallejok, ordea, ezeztatu egin du: «Egia da asko hitz egin zela saguzarrei buruz, baina ikertzaileek eta saguzarrei buruz dibulgatzen dutenek lan handia eta oso ona egin dute, informazio hori testuinguruan jartzeko. Lehenengo unetik aritu ziren dibulgatzen, eta, gaur egun, ekintza asko egiten dira saguzarren inguruan, familian, adibidez, animalia hauek jendeari hurbilarazteko eta ez izateko hain arrotzak”.

Are gehiago: Vallejok gogoratu du 2020an egin zituela tesirako laginketak, udan, eta, orokorrean, inork ez zuela arazorik jarri bere baserrira edo dena delako lekura joateko lagin bila. “Jende askok horregatik ezagutu baditu ere, nik ez dut sumatu alderik COVID-19aren aurretik eta ondoren».

Saguzarren mehatxuak

Beraz, Vallejok ez du kezkarik jendearen jarrerarengatik; bai, ordea, saguzarren habitaten galerarengatik. «Saguzar-espezie asko daude mehatxupean, Euskal Herrian ere bai: ia guztiak intereseko espezie gisa sailkatuta daude, eta lau, uste dut, arriskuan. Orokorrean, haien arrisku-faktore handiena da gordelekuen degradazioa eta desagerpena. Gure inguruan gordeleku nagusiak izaten dira kobazuloak eta etxe zaharrak, baserriak; batzuetan kobazuloetakoak baserrietan ere topatzen ditugu. Eta, bestetik, oso mehatxatuta daude baita zuhaitzak eta basoak gordelekutzat erabiltzen dituzten saguzarrak ere».

Vallejoren esanean, kobazuloak oso degradatuta daude, eta inpaktu handia jasaten dute, aisialdiko eta kiroleko jarduerak modu masifikatuan egiten direnean. «Hala ere, jendeak asko errespetatzen ditu, oro har», zehaztu du.

Baserriak desagertzearekin batera ere, gordeleku batzuk galdu egiten dituzte. Basoetan bizi diren saguzarrak, berriz, zuhaitz zaharren zuloetan gordetzen dira, baina ez da hain erraza halakoak topatzea. «Gure mendiak landaketez beteta daude, eta horrelakoetan saguzarrek ez dute non gorde».

Gordelekuen arazoaren ondotik, beste arazo bat ere aipatu du Vallejok: elikadura. «Azken urteotan, gure inguruko paisaia asko aldatu da, eta, gizakiaren eraginarengatik, asko degradatu da. Eta horrek eragin zuzena du biodibertsitatean; hala, mundu osoan ikusi da intsektuak desagertzen ari direla. Euskal Herriko eta munduko saguzar gehienek intsektuak jaten dituzte, eta, gainera, intsektu asko behar dituzte bizirauteko».

Datu bat eman du: gau bakar batean, beraien pisuaren erdia baino gehiago jan dezakete. Izan ere, metabolismo azkarra dute, eta energia asko behar dute hegan egiteko, eta kumeak aurrera ateratzeko. «Orduan, saguzarrek asko nabaritzen dute paisaia-aldaketek eta nekazaritzaren intentsifikazioak biodibertsitatean duten eragina».

Berezko balioa

Vallejoren iritziz, ez da erraza jendeak ulertzea zein garrantzitsua den saguzarrak ikertzea. «Azkenaldian egin den dibulgazioari esker, jendea hasi da ezagutzen zer onura eragiten duten ekosistemetan: batzuk, tropikoetan, polinizatzaileak dira edo haziak barreiatzen dituzte; gure inguruan, batez ere, horrenbeste intsektu jaten dituztenez, hasi gara ikertzen ea izurriteen kontrako eragin positiboa duten… Baina, nire ustez, hortik haratago joan behar dugu, eta saguzarrei eman berezko balioa».

Azken finean, aldarrikatzen du ekosistema globalean funtsezko rola dutela, eta ekosistemikoei duten balioagatik dela garrantzitsua haiek ikertzea.

Onartu du ikertzaile-lana gogorra dela, baina asko betetzen duela. Hainbeste urte daramatza lehenengo ikasten eta gero ikertzen, kostatu egiten zaio bere burua beste zerbaitetan irudikatzea. Hala, irekita badago ere, ikertzea gustatu egiten zaio, eta oraingoz horri helduko dio.

Ikertzaileari buruz

Nerea Vallejo López Bilbon jaio zen, 1995an. Biologia ikasi zuen UPV/EHUn, eta jarraian, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Unibertsitate Masterra egin zuen, baita ere UPV/EHUn. Egun, doktoregaia da unibertsitate bereko Zoologiako departamentuan. Saguzar intsektujaleen ekologia trofikoa ikertzen du teknika molekularrak erabiliz. Zehazki, bere tesian Geoffoy saguzarraren ekologia trofikoaren azterketa lantzen du.