Euskadik munduko bazter guztietako kultura eta sormen sektoreko profesionalak hartuko ditu astelehenetik aurrera Sormenaren Munduko Foroan

0
  • Apirilaren 15ean, 16an eta 17an, Sormenaren Munduko Foroa egingo da Euskadin, eta kultura- eta sormen-industriei (KSI) lotutako munduko osoko eragileak, erakundeak eta enpresak erakarriko ditu
  • “Kultura- eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta berrikuntza” goiburuarekin, aurtengo edizioaren helburua da sektoreko ereduak eta azken joerak ezagutzea eta sektoreko eragileen artean lan-aukera eta harreman berriak sortzea.

Datorren astelehenetik asteazkenera bitarte, Euskadi kultura- eta sormen-industrien munduko epizentroa izango da, Sormenaren Munduko Foroa – CWF24 (ingelesezko siglen arabera: “Creativity World Forum”) iritsiko baita. Ekitaldia bi urtean behin antolatzen du nazioarteko Districts of Creativity (DC) Network sareak. Aurtengo edizioan, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, sektoreko ereduak eta azken joerak partekatzeaz gain, kultura-eragileen artean lan-aukera eta harreman berriak sortzea du helburu.

Foroaren egoitza nagusia Euskalduna Jauregia (Bilbo) izango da, baina Tabakaleran (Donostia) eta Artiumen (Gasteiz) ere egingo da. Hiru egunetan, ehunka pertsonak hartuko dute parte hitzaldietan, lantalde tematikoetan, jardunbide egokien kasuen aurkezpenetan, eztabaidetan edo kulturari eta sormenari lotutako leku eta espazioetarako bisita gidatuetan. (Ikus egitarau osoa). Iñigo Urkullu lehendakariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, hasiera ofiziala emango dio Creativity World Forumari, astelehenean, 9:30ean, Euskalduna Jauregian.

Ekitaldia euskal kultura- eta sormen-industrien agerikotasunaren arloan mugarria izatea aurreikusi da, nazioartean duen lekua indartzen eta ahalmen berritzailea are neurri handiagoan garatzen lagunduko duena, mundu osoko funtsezko eragileekin sinergiak ezartzearen bidez.

Bi urtez behingo ekitaldia

CWF24 Districts of Creativity (DC) Network sarearen ekitaldi bereizgarria da, bi urtean behin antolatzen dena. Aurreko edizioa 2022an izan zen, Baden-Württembergen (Alemania). Oraingo honetan, Euskadi arduratuko da kultura- eta sormen-industrien sektoreko funtsezko pertsonak hartzeaz (gobernu-, enpresa- eta hezkuntza-esparrukoak), sormenari, berrikuntzari eta enpresa-espirituari buruz eztabaidatzeko.

Gizartean diziplina arteko sormena bultzatuko duten jardunbideak partekatu eta garatzeko eta, era horretan, berrikuntza eta oparotasuna sustatzeko helburua Sormenaren Munduko Foroaren ezaugarri bereizgarria da. Hala ere, aurtengo edizioak —Euskadin egingo den CWF24 izenekoak— beste urrats bat egin nahi du, eta lanerako bide, harreman edo enpresa-proiektu berriak sortu nahi ditu hiru euskal hiriburuetan bilduko diren eragileen artean, Euskadi lankidetza-lurralde gisa proiektatzeko. Horretarako, programa ofizialak agerian jarriko du eskualdeek betetzen duten zereginaren garrantzia, eta azken urteetan Euskadin garatu diren kultura- eta sormen-industrietara bideratutako politika aitzindarietan eta abian jarritako Euskadiko Espezializazio Adimendunaren Estrategian (RIS3) oinarrituta egongo da. Hortik dator CWF24ren goiburua: “Kultura- eta sormen-ekosistemak: gobernantza-ereduak eta berrikuntza”.

Laneko 4 arlo tematiko

CWF24 foroaren helburuak lortzeko, lau arlo tematiko (AT aurrerantzean) hautatu dira. Haietako bakoitza gaian eta haren deribatuetan eta proiektuen koordinazioan esperientzia handia duen Euskadiko erakunde garrantzitsu batek koordinatzen du. Arlo horietako bakoitzeko funtsezko eragileek, euskal erakunde bat buru zutela, ekitaldiaren aurreko hilabeteetan aritu dira lanean arloko erronka nagusiak eta jardunbide egokien kasuak identifikatzeko. Arlo tematiko guztiek zeregin garrantzitsua beteko dute Foroan, eta hautatutako kasu arrakastatsuen ordezkariek parte hartuko dute. ATen bidezko ikuspegi hori eta aldez aurreko lan-prozesua aurtengo edizioko aldaketa nagusietako bi dira, ekitaldiaren programari sendotasuna, aniztasuna eta partaidetza-izaera ematen diotenak. CWF24ren ATak honako hauek dira:

  1. Gobernantza eta kultura- eta sormen-industriak
  2. Berrikuntza kultura- eta sormen-industriekin eta industria horien barruan.
  3. Kultura- eta sormen-industrietako enpresak eta merkatuak.
  4. Hezkuntza eta ikerketa kultura- eta sormen-industrietan.

Prestakuntza

Ikasleak trukatzeko nazioarteko programa bat (DC Living Lab) aurreikusi da, Districts of Creativity Network sareak bultzatua. Ohiko programa da edizio guztietan, eta disziplina ezberdinetako talde batean lan egiteko aukera ematen die ikasleei, kultura- eta sormen-industrien barruan erronka errealei aurre egiteko. Euskadin egingo den aurtengo edizioan, online eta presentzialki jarraitu ahal izango da. Gainera, KSIGUNEk, Euskal Goi Mailako Hezkuntzako Kultura eta Sormen Industrien Ezagutza Guneak koordinatuko du.