Iñigo Argomaniz sustatzaileak eta Eli Arabaolaza ikertzaileak irabazi dute XXIII. Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria

0

Sari banaketa ostiralean, apirilaren 19an, egingo dute UPV/EHUren Ignacio Maria Barriola Zentroan.

Donostiako Orfeoiak emanaldi labur bat egingo du. Ekitaldia publiko orokorrari irekita egongo da, edukiera mugatuarekin.

Iñigo Argomaniz sustatzaileak eta Eli Arabaolaza ikertzaileak Donostiako Orfeoia-UPV/EHU Saria irabazi dute. Sariketaren hogeita hirugarren edizioa da aurtengoa, eta bi helbururekin sortu zen: musika sorkuntzako ibilbide profesionala aitortzea eta musika arloko ikerketa sustatzea.

Eli Arabaolaza ikertzaileak ‘Musika ikerketa sustatu eta indartzea’ kategorian jaso du saria, ‘La Orquesta de Euskadi 1982-2022: Implicaciones culturales y educativas’ izeneko lanarengatik. Halaber, zuzeneko kontzertuen sustapenean egindako lanarengatik eta izandako ibilbide nabarmenagatik jaso du saria Iñigo Argomaniz sustatzaileak.

Iñigo Argomaniz “oso eskertuta” sentitzen da “Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Donostiako Orfeoiarekin, zuzeneko musika, artistak garatzeko lana eta nire pertsonaren atzean dagoen taldearen lana aitortzen duen sari honengatik”. Bestetik, Eli Arabaolazaren hitzetan, “ohorea da sari hau jasotzea; beste edizio batzuetan nire erreferenteek irabazi duten saria irabaztea oso hunkigarria da”.

Sari banaketa ostiralean egingo dute, apirilaren 19an, 19:00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Maria Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian. Ekitaldi akademiko horretan parte hartuko dute Donostiako Orfeoiaren presidenteak, Antxon Elóseguik, eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Agustín Erkiziak. Ekitaldia amaitzean, Donostiako Orfeoiko ordezkari batzuek erakustaldi labur bat egingo dute haien errepertorio tradizionaleko obrekin. Ekitaldia publiko orokorrari irekita egongo da, edukiera mugatuarekin.

Iñigo Argomanizek 80ko urteetan hasi zuen haren ibilbide profesionala. Garai hartako kontzertuen oihalen atzean ikasi zuen lanbidea, Santi Ugarte ameslaria buru zuen Tiburón Concert sustapen enpresa mitikoan. Espainiatik pasatzen ziren nazioarteko bira handien triangeluan Donostia kokatzea lortu zuen tokiko enpresa horrek: Bartzelona, Madril eta Donostia. 1991n bere sustapen eta management enpresa propioa sortu zuen Iñigok, Get In izenekoa, eta gaur egun bertako CEOa da. Promociones Musicales Get In enpresak hiru egoitza ditu: Donostia, Madril eta Mexiko Hiria. 800 kontzertu baino gehiago antolatzen dituzte urtean, eta 25 artistaren baino gehiagoren ibilbidea zuzentzen dute. Kontzertuen sustatzailea, ekitaldi handien ekoizlea, manager & booking, negozio berrien sortzailea eta garatzailea, eta Musika Sustatzaileen Elkartearen (APM) bazkide fundatzailea; elkarte horren presidentea izan zen 2008tik 2010era.  Eta une honetan zuzendaritzako kidea izaten jarraitzen du. 2024an Espainiako Musikaren Akademiaren sortzailea eta bazkidea da. Era berean, musikaren industriako hainbat elkartetako kidea; esaterako, A.R.T.E. eta M.I.E. Euskadi elkarteetakoa. Gainera, Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea da. Iñigo Argomanizek bere hiriko, Donostiako, sari gorena jaso zuen 2006ko urtarrilaren 20an: URREZKO DANBORRA. Hirian kontzertu garrantzitsuak antolatzeko egindako lanarengatik eman zioten saria, kontzertu horiek erakargarri turistikoak eta kulturalak baitira. Get In enpresak kontzertu bateko giroa simulatzen zuen erakusketa kultural arrakastatsu batekin ospatu zuen 30. urteurrena. *BACKSTAGE Tabakaleran garatu zuten 2021ean, eta 20.000 pertsona baino gehiago pasatu ziren handik.

Eli Arabaolaza Elorza doktorea da, Cum Laude izendapenarekin, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik (doktorego programa: Hezkuntza: Eskola, Hizkuntza eta Gizartea); Musikologian graduduna, Psikopedagogian lizentziatua eta Irakasle Ikasketetan diplomatua, Musika Hezkuntzaren, Gorputz Hezkuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzaren (ingelesa) espezialitateetan. UPV/EHUko irakaslea da 2016tik, Musika Adierazpidearen Didaktika arloan. Derrigorrezko hezkuntzako irakasle gisa lan egin du 15 urtez. Donostiako Orfeoiko kidea da 2001etik. Euskadiko Orkestrarekin batera lan egin izan du, gida didaktikoak egiten, sentsibilizazio tailerrak ematen eta kontzertu didaktikoak aurkezten. Euskadiko Orkestrarekin, emakumearekin eta musika hezkuntzarekin lotutako gaiak ikertzen ditu, eta irakasleen prestakuntzan musikak duen funtzioa ere bai.

Euskadiko Orkestra (EO) eta 1982 eta 2022 artean garatutako politika kulturalekin lotuta orkestrak egin dituen jarduerak aztertzea izan da haren ikerketaren helburu nagusia. Ikerketan erabilitako metodologia mistoa izan da, eta metodologia kualitatiboa gailendu da kuantitatiboaren gainetik. EOren alderdi sozialetan, alderdi artistiko-musikaletan eta hezkuntza alderdietan sakontzen duen kasu azterketa bat da tesi hau. Aurkeztutako datuak eskuratzeko hainbat iturri erabili ditu. Batetik, Euskadiko Orkestraren artxibo musikal eta historikoa eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko Imanol Olaizolaren funtsa. Bestetik, erdiegituratutako 64 elkarrizketa egin dizkie musikariei, kudeatzaileei, irakasleei eta hainbat profiletako pertsonei. Euskal musika arloan Euskadiko Orkestrak funtzio garrantzitsua eta paregabea izan duela ondorioztatu du lanak. Musika sinfonikoaren eta ganbera musikaren abonu denboraldiak sustatu ditu eta, gainera, beste euskal musika erakunde batzuek antolatutako jaialdietan eta zikloetan parte hartzen du sarri. Euskal konpositore nabarmenenen ondarea grabatu du. Sartu irtenak egin ditu musika sinfonikotik urrun dauden genero eta estilo musikaletan, eta kalitatezko musika eskaintza garatu du haurrentzat, kontzertu didaktikoen bidez.