Kultur elkarteek datorren maiatzaren 3ra arte eska ditzakete dirulaguntzak

0

Barakaldoko Udalak abian du hirian kultur ekimenak antolatzen dituzten tokiko elkarteentzako dirulaguntzen deialdia. Kultura arloko dirulaguntzak eskatzeko epea maiatzaren 3an amaituko da. Elkarteek erregistro telematikoaren bidez aurkez ditzakete eskabideak, udalaren webgunearen egoitza elektronikoan: www.barakaldo.eus. Partidak 131.000 euroko aurrekontua du.

Urtean kultur proiektuak edo jarduerak egin dituzten toki-erakunde guztiek jaso ditzakete laguntzak, bai eta unean uneko edo ezohiko ekimenak egitea erabaki dutenek ere. Lehenengo kategorian 99.500 euro banatuko dira eta bigarrenean 31.500 euro. Honela banatuko dira zenbatekoak: 24.500 euro 5.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuetarako; 32.000 euro 5.000 eta 10.000 euro arteko aurrekontua duten proiektuetarako, eta 43.000 euro 10.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuetarako. Jarduera puntualak edo apartekoak egiteko eskaerei dagokienez, zenbateko orokorra 31.500 eurokoa izango da, eta kategoria bakoitzari dagozkion zenbatekoak, 15.000 euro, 11.500 euro eta 5.000 euro, hurrenez hurren.

Dirulaguntzak publiko orokorrari zuzendutako programa, proiektu eta jardueretarako dira, eta literatura zabaltzen, argitalpenak sortzen eta editatzen, arte plastikoetan, musika-ikuskizunetan eta euskara babesteko ekimenetan laguntzen dute.

Laguntza hauek kanal telematikoaren bidez, www.barakaldo.eus egoitza elektronikoan eta Barakaldo APP doako aplikazio mugikorrean izapidetu daitezke.