Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko

0

Lau ekintzailek Lowerton sortu dute Bilbon, 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko plataforma bat Freelance taldeak sortzea eta horiek koordinatzea da plataformaren helburua, elkarren artean eraldaketa digitaleko proiektuak garatu ditzaten hainbat arlotan: robotika, errealitate areagotua, zibersegurtasuna, big data, computer vision, fabrikazio aditiboa edo biki digitalak, adibidez.

Industria-sektoreko plataforma aitzindaria da Lowerton, eta goitik behera aldatu du eraldaketa digitaleko proiektuak freelance lantaldeen bidez kudeatzeko modua. Silicon Valleyn eta teknologia aurreratuko proiektuetan esperientzia duten profesionalek sortu dute Lowerton, eta soluzio paregabea da enpresa ertain eta handientzat.

Proiektu honek freelance langileetan ikusten du industriaren etorkizuna. Deep tech arloko aditu hauek askatasuna dute zer proiektutan parte hartu nahi duten aukeratzeko, euren lanorduak zehazteko eta laneko konpromisoen eta konpromiso pertsonalen artean oreka lortzeko. Abantaila horiek direla eta, profesional horien kopurua % 44 hazi zen 2022 eta 2023 artean. Gainera, langile horien kalitatea eta espezializazioa zeharo altuak direla frogatu da. Emaitza bikainak eskaintzen dituzte sektore askotan, hala nola aeronautikan, kimikan, automobilgintzan eta metalurgian. Airbusen kasua nabarmentzen da. Izan ere, 1.000 freelance erabili zituzten A350 XWB hegazkina, orain arteko aurreratuena, garatzeko.

Egitasmo honek eskaintzen duen ereduak bertan behera uzten ditu enpresa handien kontratazio-eredu tradizionalen eta freelance langileen arteko tirabirak. Fakturak ordaintzeko epe luzeak faktore mugatzaileak dira freelance erako talentu gehiago garatzeko. Hortaz, Lowertonek aurrerapenak eskaintzen dizkie plataforman erregistratutako profesionalei, haien zerbitzuak kobratzeko orduan. Gainera, kontratazioaren tramite burokratikoak automatizatzen ditu, talentua bezero industrialen erronkak konpontzera bideratu ahal izateko.

Lowertonek adimen artifizialaz lagundutako prozesu baten inguruan egituratzen ditu proiektuak, hasierako analisia eta kudeaketa osoa barne. Hasieran, proiektu bakoitza sakon ebaluatzen dute. Hala, bezeroak adierazitako helburuak, baldintzak eta erronka espezifikoak aztertzen dira. Adimen artifizialean oinarritutako algoritmo aurreratuak erabiliz eta ingeniari adituen laguntzarekin, aurrekontu zehatza kalkulatzen da eta baliabide eta erronka teknikoak identifikatzen dira.

Informazio horrekin, neurrira egindako freelance taldeak osatzen ditu plataformak. Horretarako, aurrez baliozkotutako profesionalak erabiltzen ditu, proiektuaren beharretara egokitzen direla ziurtatzeko.

Behin lantaldea osatuta, proiektuaren etapa guztiak koordinatzeaz arduratzen da Lowerton. Horretarako, modu etengabean eta automatizatuan egiten du aurrerapen mailaren jarraipena, komunikazio arina du lantaldeko kideekin txaten bidez, eta mugarrien eta finantzen kudeaketa zorrotza egiten du. Gainera, automatizazio adimenduna erabiltzeari esker prozesu burokratikoa sinplifikatzen da, dokumentu giltzarriak eta fakturak automatikoki sortzen direlako. Eraginkortasun horri esker, denbora aurrezteaz eta karga administratiboa murrizteaz gain, dokumentuen zehaztasuna eta argitasuna hobetzen dira eta, hala, gardentasuna eta proiektuaren kudeaketarekiko konfiantza indartzen dira.