Osasun Sailak bi gida argitaratu ditu tabakoaren kalteei buruz kontzientziatzeko eta ohitura utzi nahi dutenei laguntzeko

0
PRUEBA
  • Kerik Gabeko Euskadi estrategiaren barruan, bat publiko orokorrari zuzenduta dago, eta bestea haurdunei espezifikoki

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gida praktiko bana argitaratu du erretzearen ondorio kaltegarriei buruz kontzientziatzeko eta ohitura uzten laguntzeko.

Lehenengoa, “Hobe tabakorik gabe. Lor dezakezu!”, herritar guztiei zuzenduta dago, eta tabakoaren kontsumoak dakartzan kalteei eta tabakoa uztearen onurei buruzko informazioa ematen du. Horrez gain, tabakoa uzteko prozesuaren urrats bakoitzean jarraitu beharreko gomendioak ematen ditu.

Gida horrekin batera, haurdunaldirako beste gida espezifiko bat prestatu da, eta “Haurdunaldia hobe tabakorik gabe” izenburua du. Azken horretan, kontsumoak haurrarengan dituen ondorioak azaltzen dira, mito faltsuak desmuntatzen dira eta haurdunaldiaren etapetarako aholkuak ematen dira, kerik gabeko ingurune batez inguratzearen abantailak nabarmenduta.

Ekimen hau Osasun Sailak eta Osakidetzak garatzen duten Kerik Gabeko Euskadi estrategiaren barruan kokatzen da, Osasunaren Mundu Erakundearen MPOWER planaren ildotik. Plan horrek arlo honetako funtsezko bost esku-hartzeetako bat bezala proposatzen du erretzeari uzteko laguntza eskaintzea.

Material honek, alde batetik, osatu egiten du Osakidetzak tabakismoa tratatzeko duen eskaintza zabala —modu presentzialean, online edo modu mistoan tratatzekoa—, eta, gainera, kontsultan erabil daiteke. Aldi berean, aproposa da tabakismoa prebenitzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko ekintza guztietan erabiltzeko, besteak beste, lanean, eskolan, familian edo komunitatean.

Formatu digitalaz gainera, gida orokorraren paperezko 6.000 aleko tirada egingo da, eta haurdunaldiari buruzko gida espezifikoaren 2.000 aleko beste bat. Gida hauek Osakidetzako osasun-zentroetan banatuko dira, bereziki Lehen Mailako Arretakoetan; Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean; adikzioen prebentzio komunitarioko taldeak dituzten toki-erakundeetan; prebentzio-lanak egiten dituzten hirugarren sektoreko erakundeetan, etab.

Osasun Sailak berriz ere azpimarratu du erretzeari —gailu elektronikoak erabiltzea barne— uztearen garrantzia, ez bakarrik erretzaileen osasunerako dituen ondorio onuragarriengatik, gaixotasun larrietatik prebenitzen dituelako, baita inguruko pertsonak kearen toxikotasunetik babesten direlako ere, bereziki kalteberenak direnak, hala nola adingabeak.