- Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua eta Euskadiko Unibertsitate Kontseilua honako hauek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, euskal unibertsitateek, unibertsitate horietako gizarte-kontseiluek, unibertsitateko ikasleen ordezkariek, UPV/EHUko langileek eta CONFEBASKek.
Hezkuntza Sailak gaur arratsaldean aurkeztu dio Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari unibertsitate-ikasketetarako prezio publikoen gaineko bere proposamena, 2024-2025 ikasturterako.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak aurkezturiko proposamenak, eta aipaturiko kontseiluak onartu duenak, unibertsitate tasa publikoak izozturik mantenduko ditu, hamargarren urtez jarraian. Hori dela eta, datorren 2024-2025 ikasturtean unibertsitate publikoko tasa guztiak –lehen matrikula eta hurrengoak– 2023-2024 ikasturte honetako berberak izango dira. Erabaki honek 2011-2012 ikasturteko kostu berean jarriko du lehen matrikularen prezio publikoa, nahiz eta KPIk % 34ko igoera izan duen aldi horretan.
Era berean, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak –gaur arratsaldean elkartu baita hau ere– unibertsitatean ikasteko beken eta laguntzen deialdi berria onartu du, 2024-2025 ikasturterako. Deialdi horretan errenta-muga % 5 handituko da laguntza jasotzeko eskubidea izateko. Gainera, egoitza-osagaia handitu egin da, ikasketak ohiko bizilekutik kanpo egiten dituzten ikasleek jasoko duten kopurua handitzeko.