Ertzaintzak hiru unibertsitatetako ikasleen praktiketako formakuntzan lagunduko du

0
  • Deustuko Unibertsitateak, Miguel de Cervantes Unibertsitate Europarrak eta Errioxako Unibertsitateak Ertzaintzarekin lankidetzan jardun nahi dute horietako praktiketako ikasleak Ertzaintzarekin presta daitezen 

Gobernu Kontseiluak gaur eman du oniritzia hiru unibertsitaterekin hezkuntza-arloan lankidetza ezartzeko hiru hitzarmen sinatzeko. Lankidetza horrek balioko du ikasleei prestakuntza integrala, teorikoa eta praktikoa eskaintzeko eta, era horretara, prestakuntza profesionala ziurtatzeko, haien enplegagarritasuna eta laneratzeko gaitasuna hobetuz. Hitzarmen horiek jarraian adierazitako unibertsitateetako ikasleen curriculumeko praktika akademikoak arautzeko esparrua ezartzen dute.

  • Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea.
  • Miguel de Cervantes Unibertsitateko Kriminologiako Gradua.
  • Errioxako Unibertsitateko gradua edo masterra.

Akordio horiei esker, unibertsitateko ikasleek praktiketako prestakuntza Ertzaintzaren egoitzetan egin ahal izango dute, bere aholkularitzapean eta laguntzarekin, eta praktika horiek hartzeko eta tutorizatzeko programa bati jarraituz.

Hiru hitzarmen horiek, batetik aldeentzat aberasgarria eta beharrezkoa den harremana bideratuko dute, eta, bestetik, Ertzaintzak gai horietan dituen prozedurentzat eta eraginkortasunarentzat etorkizunean mesedegarriak izan litezkeen ikasketak egitea ahalbidetuko dute.

Orain dela hainbat urtetatik, Segurtasun Sailak lankidetzan dihardu Euskadiko eta Estatuko hainbat unibertsitaterekin.  Hiru hitzarmen horiek 4 urteko indarraldia izango dute, eta beste lau urtez luzatu ahal izango dira.