SPRIren “Women in Industry” egitasmoaren arabera
“Emakumeen inpaktua lehiakortasun industrialean” azterlanak frogatu duenez, berdintasun handiagoa duten enpresek emaitza hobeak dituzte berrikuntza teknologikoari dagokionez, eta lehiakorragoak dira. Jasotako datuen arabera, enpresen genero-berdintasuna gero eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da I+G+b arloaren intentsitatea, eta emaitza hobeak dituzte fakturazioan, enpleguan eta nazioartekotzean. Hortaz, aldagaien artean korrelazio positibo handia dago.
Women in Industry egitasmoaren esparruan, SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak metodologia bat garatu du genero-berdintasunaren eta manufaktura-sektoreko lehiakortasun industrialaren arteko erlazioa ulertzeko. Euskadin onartu dute metodologia hori. Hain zuzen ere, Euskadin BPGaren ia % 40ko pisua du industriak, industriarekin lotutako zerbitzuak ere kontuan hartuz gero. Hala ere, industriako langileen % 21 baino ez dira emakumeak. Eskuratutako emaitzek frogatu dutenez, enpresaren berdintasun maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta lehiakorragoak dira enpresak. Euskadiko kasuaren azterketaren emaitza guztiak eskuragarri daude esteka honetan.
Hala, berdintasun maila baxuagoa duten lagineko enpresek gutxiago inbertitzen dute I+G+b arloan, berdintasun maila altuagoa duten enpresek baino. Egiaz, 2021ean, berdintasun maila baxueneko enpresen % 65,3k ez zuten inolako inbertsiorik egin I+G+b arloan.
Gainera, berdintasun maila altuko enpresen artean, gehiagok dituzte I+G+b arlora bakarrik bideratutako sailak, eta parte-hartze handiagoa dute arlo horretako eskualdeko, estatuko edo nazioarteko proiektuetan.
Bestetik, azterlan honek erakutsi duenez, berdintasun maila altuko enpresak lehiakorragoak dira. Gainera, datuek agerian uzten dute berdintasun handiena duten enpresek fakturazioan, enpleguan, I+G+b arloan eta nazioartekotzean emaitza hobeak dituztela. Bestalde, enpresa lehiakorrenek genero-berdintasuneko maila altuenak ere badituzte. Ondorio horretara iritsi dira enpresetako banaketa horizontala eta bertikala, kontziliazio-neurriak eta genero-politikak aztertuta.
Hortaz, lehiakortasunari eragiten dioten faktoreetako bat da emakumeek enpresan berdintasunezko parte-hartzea izatea.
#WomeninIndustry #Innovation #SpriTaldea