1945ean, Zaldibarren hainbat erreminta mota fabrikatzen zituen tailer txiki baten erosketa Irega enpresaren sorburua izan zen. Giltza ingelesaren manufakturan espezializatutako fabrikatzailea da, era guztietako profesionalentzat giltza doigarri ugari eskaintzeko gai dena.
Tresna mota bakar baten ekoizpenean espezializatzeko deliberazioa 1960an egin zen. Iregak, Bizkaiko udalerriko instalazioetan, giltza doigarriak egitea erabaki zuen: forjaketa-prozesutik hasi eta produktua amaitu arte. “Gertaera horrek, une horretatik aurrera, nazioarteko merkatuetarako oso orientazio sendoa ekarri zuen”, azaldu du Arturo Alonsok, Iregako zuzendari komertzialak. Gaur egun bere jarduera gauzatzen duen lantegia inauguratu zuenean, 1966an, bere produkzioaren % 70 atzerrira esportatzen zuen; orain, zifra % 95era igotzen da.
Bere historia osoan zehar, etengabe saiatu da bere produktuen kalitatea hobetzen. AENOR ISO 9001 ziurtagiria lortu zuen lehen eskuzko erremintaren fabrikatzaile nazionala izan zen —kalitatea eta bezeroen beharrak asetzeko gaitasuna erakusten duen Estatuko eta nazioarteko eredurik ezagunena— 1993an, eta 4001 ziurtagiria lortu zuen —edozein erakundetan, sektore publikokoa zein pribatukoa, ingurumen-kudeaketako plan bat ezartzea babestea helburu duena—, 2000. urtean.
Zaldibarko enpresak mundu osoko ia 80 herrialdetara esportatzen du, eta presentzia handia du “Estatu Batuak, Australia, Frantzia, Alemania edo Espainia bezalako merkatu zorrotzetan; eta Zelanda Berria, Japonia, Korea, Taiwan, Vietnam, Txile edo Uruguai bezalako merkatu gogorretan, kalitatea eta prezioari dagokionez”, Arturo Alonsoren arabera.
Martxoaren hasieran, Kolonian (Alemania), Iregak bi modelo berrien aurkezpen ofiziala egin du burdindegiaren eta brikolajearen nazioarteko erreferentziazko azokan (Eisenwarenmesse). Lehena, irekiera handiko giltza bat da, 250mm-10″ luzerakoa, 53mm-ko irekiera bereziarekin, 18″ -ko giltza baten berdina; bestea, Light Weight gama, pisu txikikoa. “Bietan espektatiba handiak jarri ditugu”, dio zuzendari komertzialak.
Iregaren helburua bere bezero eta/edo azken erabiltzaile profesionalentzat kalitate handiko giltza doigarriaren lehen aukera izatea da, “nazioarteko merkatuetan dugun lidergoa sendotzeko eta indartzeko“, Arturo Alonsoren aburuz. Hori lortzeko, ezinbestekotzat jotzen du “merkatuaren kalitate-mailarik altuena eskaintzen jarraitzea, erabiltzaileen behar aldakorrei irtenbidea emango dieten eredu berrietan berritzea, eta gure bezeroei hornidura-kate logistikoa bermatzea”.
Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.