Osakidetzak lehiaketara atera du Donostia Ospitalea handitzeko lehen fasea

0
  • Kanpo-kontsultetarako eraikin berriaren euste- eta hondeatze-lanak dira, 20 milioi euroko inbertsioarekin, eta beste urrats bat dira Donostiako osasun-konplexua berrantolatzeko asmo handiko proiektuan
  • Osakidetzak 78 milioi euro konprometitu ditu eraikin horretan. Eraikina Donostia Unibertsitate Ospitalean kokatuko da eta 48.000 m²-ko azalera eraikia izango du

Osakidetzak lehiaketara atera du Donostialdeko ESIaren kanpo-kontsultetarako eraikin berriaren euste- eta hondeatze-lanen lizitazioa, 20 milioi euroko zuzkidurarekin. Donostiako osasun-konplexua berrantolatzeko asmo handiko proiektuaren beste urrats bat da.

Gaur egun, abian dira behin-behineko aparkalekuaren obrak. Aparkaleku horrek aukera emango du egungo aparkalekuko lursailak libre uzteko eta, hala, protonterapia eta kanpo-kontsultetarako eraikinak eraikitzeko. Aurreikusten da Protonterapia Unitatearen obrei udan hasiera ematea eta kanpo-kontsultetarako eraikin berriaren eraikuntzari urtea amaitu aurretik hasiera ematea.

Osakidetzak 78 milioi euro konprometitu ditu kanpo-kontsulten eraikinean. Eraikina Donostia Unibertsitate Ospitalean kokatuko da eta 48.000 m2-ko azalera eraikia izango du. Eraikuntzak 5 solairu izango ditu sestra gainean, eta batez ere kontsulta-eremurako (250 eremu berri baino gehiago pazienteen diagnostikorako eta tratamendurako) eta eguneko ospitale berrirako izango dira. Gainera, 4 solairu izango ditu sestra azpian. Horietako hiru aparkalekurako izango dira (560 plaza), eta lehenengo soto-solairua banatuko da erradiologia-eremu baten eta ospitale osorako espazio logistiko handi baten artean.

Eraikina sotoetako barne-galeria baten bidez egongo da Protonterapia Unitatearekin konektatuta, baita Donostia Ospitaleko gainerako eraikinekin ere. Bestalde, aireko konexio-galeria baten bidez, posible izango da Donostia Ospitaleko eraikinen arteko langileen konexioa.

Asistentziaren kalitatea eta modernizazioa

Horrela, Donostialdeko ESIko Donostia Unibertsitate Ospitaleak eraikin berri eta modernoa izango du. Eraikin horren helburua da osasun-sistemaren asistentzia-kalitateari eta modernizazioari heltzea, ekipamendua, teknologia eta instalazioak egokitzearen eta berritzearen bidetik. Azken helburua da pazienteari ematen zaion arreta integrala hobetzea, eta, horretarako, gertakari kliniko anbulatorioei diziplina anitzen bidez ekitea eta bereizmen handiko proba osagarriak eranstea.

Kanpo-kontsultetan, asistentzia-profil berriak eta erizaintzako profesionalentzako zeregin berriak gehituko dira, Eguneko Ospitalerako eremu bat izango da, eta probak egiteko eremuak (erradiologikoak…), prozeduretarako eremuak (ebakuntza arinak) eta diziplina anitzeko lan- eta asistentzia-eremuak antolatuko dira.

Kanpo-kontsultetarako eraikin berriari esker, egungo espaziorik eza konponduko da. Gainera, sistemarako irisgarritasuna hobetuko da, eta, horrela, asistentzia anbulatorio espezializatuko kontsulta kopurua handituko da eta espezialitate batzuetako itxaron-zerrendak murriztu. Hartara, kanpo-kontsultak ospitalizazioarekin eta Donostialdeko ESIko osasun-konplexuko gainerako eraikinekin lotuko dira.