12.000 pertsonak zainduko dute A-21eko hauteskunde-eguneko segurtasuna eta bermea

0
PRUEBA
  • Iganderako prestatutako makro-dispositiboaren parte izango dira: mahaietako kideak, administrazio publikoek hauteskunde-lokaletako prozesua zaintzeko kontratatutako langileak, informatikako eta ikus-entzunezkoetako teknikari taldeak, hauteskunde-batzordeak, hautagai-zerrenden artekariak, Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agenteak,…
  • Ia 1,8 milioi pertsonak osatzen dute XIII. Legealdirako Euskadiren norabide politiko eta instituzionala erabakiko duen hautesle-errolda
  • Eusko Jaurlaritzak web-orri bat gaitu du jada parte-hartzearen eta boto-zenbaketaren jarraipena egiteko
  • Behin-behineko boto-zenbaketa 20:00etan hasiko da, eta 22:30erako amaituko dela aurreikusten da
  • Atzerrian bizi diren pertsonen (AEHE) posta bidezko botoa ostiralean, hilaren 26an, zenbatuko da
  • Emaitzak Aurkezteko Zentroa Lehendakaritzaren egoitzan instalatuko da, eta Josu Erkorekak 5 agerraldi egingo ditu bertatik herritarrei informazioa emateko
  • Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du hauteskunde-eguna egonkorra eta lasaia izango dela, ez dirudiela euririk egingo duenik eta iparraldeko haize freskoa izango dela eguneko ordu zentraletan.

Eusko Legebiltzarrerako 2024ko Hauteskunde hauetan botoa emateko eskubidea duten 1.795.212 pertsona daude erroldan, orain dela lau urte baino 896 gehiago. Horietatik 75.634 hauteskunde autonomiko batzuetan lehenengo aldiz bozkatuko duten gazteak dira, 2020ko hauteskundeetatik 18 urte bete dituztelako: 38.271 Bizkaian, 26.332 Gipuzkoan eta 11.031 Araban.

82.911 hautesle modu iraunkorrean atzerrian bizi dira. Atzerrian bizi diren Egoiliarren Hautesle Erroldan (AEHE) inskribatuta dauden pertsonak dira, eta errolda horretako botoak jasotzen ari dira eta datorren ostiralean, apirilaren 26an, zenbatuko dira.

Euskadin bizi diren pertsonen erroldatik 57.726 pertsonak eskatu dute posta bidez bozkatzea.  2016an baino %10 gehiago dira, urte horretakoak izanik alderatzeko moduko azken hauteskundeak; izan ere, orain dela lau urte, posta bidezko botoak gorakada nabarmena izan zuen pandemiaren ondorioz.

Ezinduen botoa

Urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak gaixo dauden edo oztopo fisikoren bat duten pertsonak garraiatzeko zerbitzu bat jarri du abian bihar bozketa-zentroetara hurbildu ahal izan daitezen. DYArekin, Bide Laguntza Elkartearekin, elkarlanean kudeatutako sistema da, eta bihar 105 pertsona eramango ditu bizi diren lekutik bozketa-mahaira.

14 hautagai-zerrenda

Hauteskunde hauetara 14 alderdi politiko, koalizio edo hautesle-elkarte aurkeztu dira, eta orain dela 4 urte 18 aurkeztu ziren. Gehienak (10) hiru lurralde historikoetan aurkezten dira, eta 1 bitan bakarrik aurkezten da eta beste 3 lurralde historiko bakarrean, Bizkaian, alegia.

  • Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba:
    • EUZKO ALDERDI JELTZALEA – PARTIDO NACIONALISTA VASCO (EAJ – PNV).
    • EUSKAL HERRIA BILDU (EH Bildu).
    • PARTIDO POPULAR (PP).
    • PARTIDO SOCIALISTA DE EUSKADI – EUSKADIKO EZKERRA (PSOE) PSE-EE (PSOE).
    • POR UN MUNDO MAS JUSTO – BIDEZKO MUNDURANTZ (PUM+J).
    • ELKARREKIN PODEMOS – ALIANZA VERDE (PODEMOS-AHAL DUGU – ALIANZA VERDE).
    • ESCAÑOS EN BLANCO PARA DEJAR ESCAÑOS VACIOS – AULKI ZURIAK ESERLEKUAK HUTSIK UZTEKO (EB – AZ).
    • SUMAR (SUMAR).
    • VOZ (VOX).
    • PARTIDO ANIMALISTA CON EL MEDIO AMBIENTE – ALDERDI ANIMALISTA INGURUMENAREKIN (PACMA).
  • Bizkaia eta Gipuzkoa:
    • IZAN (IZAN).
  • Bizkaia bakarrik:
    • PARTIDO COMUNISTA DE LOS TRABAJADORES DE ESPAÑA (PCTE).
    • PARTIDO HUMANISTA (PH).
  • Araba bakarrik:
    • ONGI ETORRI (O.E).

Giza dispositiboa eta dispositibo materiala zenbakitan

  • Bihar, igandea, 729 hautesleku gaituko dira, orain dela 4 urte baino 32 gutxiago. Horietan 695 mahai (hautetsontzi) egongo dira, orain dela 4 urte baino 17 gehiago. (Xehetasunak eranskinean)
  • Mahaiak 09:00ak baino lehen eratu beharko dira, eta ordu horretan hauteslekuak irekiko dira herritarrek botoa emateko. Mahai bakoitza lehendakariak eta 2 bokalek osatuko dute. Guztira 8.085 pertsonak osatuko dituzte mahaiak, 2020an baino 51 gehiagok. Pertsona horiek 08:00etan egon beharko dute hauteslekuan, 85 euroko kalte-ordaina jasoko dute, Gizarte Segurantzaren babes-sistema izango dute eta, euren lana egiteko, eskuliburu baten eta azalpen-bideo baten laguntza izango dute: DESKARGA https://we.tl/t-CsenfcU3uM
  • Gainera, 16.170 ordezko izendatu dira hauteskunde-mahaietarako, aurrekoan baino 102 gehiago.
  • Hauteslekuetan administrazio publikoaren ia 1.450 ordezkari egongo dira. Horien lana izango da laguntza ematea eta hauteskunde-eguna eta ondorengo boto-zenbaketa kontrolatzea.
  • Era berean, bozketa-zentroetan alderdiak, koalizioak eta hautesle-elkarteak ordezkatuko dituzten ia 1.750 artekari izango dira.
  • Egun osoan zehar lanean arituko dira hauteskunde-batzordeak osatzen dituzten 64 pertsonak. Euskadiko Justizia Administrazioan lan egiten duten langileen laguntza izango dute.
  • Beste 390 pertsonak osatuko dute dispositibo teknikoa, informatikoa nahiz ikus-entzunezkoa. Dispositibo horrek hauteskundeen jarraipena egiteko webgunearen eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agerraldien bidez zabalduko den informazioa bilduko eta hedatuko du.
  • Hauteskunde hauetarako, Eusko Jaurlaritzak inprimatu ditu:
    • Hauteskunde-mahaiko kideentzako jarraibideen 32.990 eskuliburu.
    • 20.238.500 boto-paper, 2020an baino 685.500 gutxiago.
    • Bozketako 2.018.550 gutun-azal, iaz baino 578.550 gehiago; izan ere, aurten jarri da abian boto erregutua (AEHE) eta boto-paperak modu iraunkorrean atzerrian bizi diren hautesleen etxeetara ere bidali dira.
    • Posta bidez bozkatzeko 130.000 eskaera-inprimaki, 220.000 gutxiago, kasu honetan ere boto erregutuagatik; izan ere, pertsona horiek ez daukate posta bidezko botoa eskatu beharrik.

Segurtasun-dispositiboa

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua izango da Segurtasuna Koordinatzeko Mahaiaren buruan. Mahai hori Gasteizen instalatuko da goizeko 8etatik boto-zenbaketa amaitu eta sinatutako aktak hauteskunde-batzordeei entregatu arte.

Segurtasun-dispositiboa bikoitza da:

  • Aurrez aurreko herritarren segurtasuna:1.127 agentek osatuko dute hauteskunde-eguneko segurtasuna zainduko duen polizia-dispositiboa. Euskadiko 22 ertzain-etxeetako 939 agente eta Euskadiko 81 udaltzaingoetako 288 udaltzain izango dira. Horietako gehienek bozketa-zentroetara bertaratuta egingo dute hauteskunde-egunaren jarraipena, baina beste unitate espezializatu batzuetako, besteak beste, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminalaren Unitateko edo Inteligentzia Bulego Nagusiko baliabide operatiboak ere izango dira.
  • Zibersegurtasuna: ziberzaintza-dispositiboaren ardura halako prozesuetan ohikoenak diren mehatxuak detektatzea izango da, esate baterako, sare sozialen bidez desinformazioa zabaltzea, identitatea ordeztea informazio sentsiblea baimenik gabe eskuratzeko, hautagaien lekua hartzea, defacement deiturikoa, zerbitzua ukatzea, etab. Arreta beti izaten diren mehatxuetan, hau da, arrazoi ekonomikoa dutenetan edo era guztietako zibererasoetan, ez ezik, profil hacktibista duten eta posizionamendu ideologikoa duten eragin-taldeek bultzatzen dituzten mehatxuetan ere jarriko da. Cyberzaintzak esparru horretako erreferentziako erakunde gisa jardungo du, hauteskundeetan zeregin aktiboa duten erakunde nagusien segurtasun digitala indartzeko, aipagarria den zerbait detektatzen denean ohartaraziz eta mehatxuaren eragina arintzeko behar den informazioa partekatuz.

Boto irisgarria eta inklusiboa

Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatibo bat eman du dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa bultzatzeko. Horrela, bihar hainbat neurri berri jarriko dira abian:

  • Adimeneko dibertsitate funtzionala duten edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako proiektu pilotu bat biztanle gehien dituzten Euskadiko 4 hirietako 8 bozketa-zentrotan: Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Barakaldo. Irakurketa errazeko formatuan diseinatutako deanbulazio-kartelak instalatuko dira, bi hizkuntzatan. Gainera, kartel horiek zuzen jartzeko jarraibideak izango dira, bai eta APNABI – Autismo Bizkaia elkarteko aditu eta balioztatzaile talde bat ere, nahi den deanbulazio-irisgarritasuna ematen den egiaztatzeko. Talde hori arduratuko da, hauteskundeen ondoren, esperientzia pilotuaren ondorioak bilduko dituen testu bat lantzeaz, Eusko Jaurlaritzak gida ofizial bat egin ahal izan dezan sistema hori Euskadin egiten diren etorkizuneko hauteskunde-prozesuetan ezartzeko.
  • Gainera, Eusko Jaurlaritzak, kasu honetan ere APNABI – Autismo Bizkaia elkartearekin elkarlanean, bideo bat sortu eta zabaldu du adimeneko dibertsitate funtzionala edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei bihar nola bozkatu behar duten azaltzeko. DESKARGA https://we.tl/t-y9ri4Np6EP
  • 66 pertsonak (orain dela 4 urte baino 54 gehiagok) bozkatuko dute bihar braillen. Pertsona itsuak, ONCEko kideak edo ikusteko % 30eko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak dira. Hazkunde esponentzial horren arrazoia da aurten, lehenengo aldiz, botazio egokiturako kit horiek garaiz bidali ahal izan direla etxeetara.
  • Bihar hauteskunde-mahaiko kide izatea egokitu zaien eta dibertsitate funtzionala, fisikoa edo adimenekoa, dutenek erabilgarri izango dute:
    • Doako zeinu-interpretearen zerbitzua, hauteskunde-mahaiko kide gisa dagozkien zereginak bete ahal izateko. Gainera, lehenengo aldiz, bukle magnetiko bat instala daiteke inplanteak edo audifonoak erabiltzen dituzten pertsonentzat.
    • Jarraibideen eskuliburua hauteskunde-mahaiko kideentzat eskuliburuaren bertsio egokitua. APNABI – Autismo Bizkaia elkartearen laguntzaz, irakurketa errazeko bertsioan egin den jarraibide-agiria da. DESKARGA https://we.tl/t-xrmD80Kmr8
    • Jarraibide nagusiak modu errazean eta ulergarrian laburbiltzen dituen 5 minutuko dibulgazio-bideo bat: DESKARGA https://we.tl/t-lGv9NGPqCI

Beste urrats bat berdintasunerantz

Hauteskunde hauetan, Eusko Jaurlaritzak genero-ikuspegitik berrikusi ditu erabiltzen diren materialetako eta agirietako testu guztiak: eskuliburuak, boto-paperak, gutun-azalak, inprimakiak, spotak, iragarkiak, bideoak, etab.

Berrikuspen horrek esamolde desegokiak, androzentrikoak eta genero-rol tradizionalak betikotzen ari zirenak detektatu eta zuzentzeko aukera eman du. Hizkuntzaren erabilera sexistaren ordez neutroak eta inklusiboak jarri dira, eta herritarren eskura jarri den material guztiak errespetatu egiten du administrazio publikoek hizkuntza zuzentasunez erabiltzeko duten betebeharra. Betebehar horrek, lege mailara 2025eko EAEko lehenengo berdintasunerako legeaz geroztik igo zenak, komunikazioan estereotipo matxistak ezabatzea eta, horrekin batera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitea ahalbidetzen du.

Emaitzak Aurkezteko Zentroa: Lehendakaritza

Eusko Jaurlaritzak aplikazio informatiko berri bat estreinatuko du bihar hauteskundeetako parte-hartzeari eta emaitzen zenbaketari buruzko datuak jasotzeko, prozesatzeko eta zabaltzeko. HautesData izena duen aplikazio hori Eusko Jaurlaritzarena da. Ikuspegi teknologikotik oso aplikazio aurreratua da, kanal anitzekoa, eta orain arte eskuragarri ez zegoen informazioa, esate baterako, herrien araberako parte-hartzeari buruzko datu errealak, eskuratzeko aukera emango du.

Aplikazio horrek hauteskunde-egunean zehar parte-hartzeari buruz eta, bozketa-zentroak itxi ondoren, boto-zenbaketari buruz jasoko duen informazio guztia, prozesatu eta formatu ulergarrian bidaliko da Lehendakaritzan instalatutako Emaitzak Aurkezteko Zentroak ezarritako herritarren komunikazio-kanaletara:

  • Josu Erkorekaren 5 agerraldi, datu-pantailekin: kalitate handiko seinalea eskainiko zaie komunikabideei, eta streaming bidez emango dira irekia.euskadi.eus webgunearen eta Eusko Jaurlaritzaren sare sozial guztien bidez:
SARE SOZIALA IZENA
Twitter @Gob_eus
Facebook @EuskoJaurlaritza
Youtube @IrekiaEJGV
Instagram @irekiaejgv
TikTok @irekiaEJGV
  • Komunikabideetako ia 100 profesionalek lan egingo dute Emaitzak Aurkezteko Zentrotik. Zentro hori hauteskunde-egunari buruzko informazioa emateko prentsa-zentro bihurtuko da.
  • Hauteskunde-egunaren jarraipena egiteko web-orria: gaurtik hasi eta astelehenera, hilaren 22ra, arte, Eusko Jaurlaritzak web-orri bat gaituko du herritarrek informazioaren jarraipena denbora errealean egiteko: euskadi.eus/hauteskundeak

Boto-zenbaketa 20:00etan hasiko da, botazio-zentroak ixten direnean. Lehenengo datuak 21:00etan emango dira, eta, hortik aurrera, boto-zenbaketa online jarraitu ahal izango da. Datuak 3 minutuz behin eguneratuko dira. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 22:30 inguruan amaituko da. Ordu horren inguruan, botoen % 100 zenbatuta daudenean, HautesDatak fitxategi bat sortuko du behin-behineko boto-zenbaketaren, hau da, biharko zenbaketaren, emaitzekin: Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonek aurrez aurre eta posta bidez emandako botoak izango dira.

Behin betiko emaitzak

2024ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen “boto-zenbaketa orokorra” Lurralde Historikoko hiru hauteskunde batzordeetako egoitzetan (justizia jauregietan) egingo da datorren ostiralean, apirilaren 26an. Horrek barne hartuko ditu:

  • Behin-behineko boto zenbaketaren emaitzei hauteskunde-igandetik aurrera aurkeztu eta Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeek (LHHB) onartu dituen erreklamazioak.
  • Atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldaren (AEHE), hau da, modu iraunkorrean atzerrian bizi diren eta botoa emateko eskubidea duten pertsonen, boto-zenbaketa.

Behin emaitza horiek lortuta eta erreklamaziorik ez badago, behin betiko bihurtuko dira, eta hauteskunde batzordeek hautetsiak aldarrikatuko dituzte. Aldarrikapen hori 7 eguneko epean argitaratu beharko da, gehienez, EHAAn eta lurralde historiko bakoitzeko aldizkari ofizialetan. Une horretan, Eusko Jaurlaritzaren web atariaren “hauteskundeak” atalean ere argitaratuko dira: www.euskadi.eus

Eguraldiaren iragarpena

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri du hauteskunde-eguna egonkorra eta lasaia izango dela, ez dirudiela euririk egingo duenik eta iparraldeko haize freskoa izango dela eguneko ordu zentraletan.

Egunean zehar tenperaturak 0 eta 15 gradu bitartean ibiliko dira barnealdean eta 6 eta 17 gradu bitartean kostaldean.