Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan iaz 2,7 milioi mailegu egin ziren, duela lau urte baino %48 gehiago

0
  •  Apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna
  • Sareak 976.500 erabiltzaile batzen ditu eta azken urtean gora egin dute nabarmen izen-emateak
  • eLiburutegian 121.901 mailegu egin ziren iaz eta lehendabizikoz 569 audioliburu eskaini dira.

Azken lau urtetan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan %48ko hazkundea izan da maileguetan eta pandemiak sortutako jatsiera ia erabat estali da. Iaz, Sareak 2.740.425 mailegu egin zituen eta paperak (2.618.524)  indartsu jarraitzen du euskarri digitalen aurrean. Honez gain, 253.363 mailegu egin dira liburutegien artean, hau da, erabiltzaile batek liburu bat bere liburutegian aurkitzen ez duenean, beste batetik helarazten zaio. Sareak 976.465 lagun batzen ditu eta iaz 42.000 erabiltzaile berri baino gehiagok izena eman zuten

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko. Sarearen oinarria udal-titulartasuneko liburutegiak dira, baina bertan daude Arabako Foru Aldundiaren Ignacio Aldecoa liburutegia eta sartzear da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Koldo Mitxelena Kulturunea. Sarean, halaber, udalaz kanpoko titulartasuna duten beste liburutegi batzuk ere sartzen dira (Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia, Arantzazuko Liburutegia, HABE,…). Gaur egun Euskadiko Irakurketa Publiko Sarea 198 udalerritan kokatutako 297 liburutegik osatzen dute eta 6.899.917 ale biltzen ditu. Honako hauek dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean 2023an gehien mailegatu diren liburuak:

  • Gaztelaniaz:
    • Esperando al diluvio (Dolores Redondo)
    • El ladrón de rostros (Ibon Martin)
    • El cuco de cristal (Javier Castillo)
  • Euskaraz:
  • Bar Gloria (Nerea Ibarzabal)
  • Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez)
  • Azken etxea (Arantza Urretabizkaia)

eLiburutegia

Euskadiko liburutegi digitalak, “eLiburutegiak”, bestetik, iaz  121.901 mailegu egin zituen. Gainera 6.826 erabiltzaile berri erregistratu ziren eta guztira, gaur egun, 65.686 pertsona daude eLiburutegian izena emanda. Mailegu gehien egin zen hilabetea abuztua izan zen (11.284)  eta erabiltzaile berri gehien erregistratu zen hilabetea urria izan zen. Honako hauek dira 2023ko datuak

 

 

HILABETEA

MAILEGUAK ERABILTZAILE BERRIAK
Urtarrila 9.374 648
Otsaila 8.721 522
Martxoa 9.799 625
Apirila 9.954 584
Maiatza 9.574 478
Ekaina 9.438 399
Uztaila 11.274 460
Abuztua 11.284 450
Iraila 10.508 675
Urria 11.162 802
Azaroa 10.256 595
Abendua 10.557 588
GUZTIRA 121.901 6.826

 

2023an honako hauek izan ziren eLiburutegian gehien mailegatu ziren liburuak:

  • Gaztelaniaz:
    • El ladrón de rostros (Ibon Martin)
    • Todo arte (Juan Gómez Jurado)
    • Esperando al diluvio (Dolores Redondo)
    • El nido del cuco (Camilla Läckberg)
  • Euskaraz:
    • Miñan (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde)
    • Bar Gloria (Nerea Ibarzabal)
    • Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez)
    • 19 kamera (Jon Arretxe)

Gaur egun 30.631ale biltzen ditu eLiburutegiak eta 12.600 film eta dokumental inguru ikusteko aukera ere eskaintzen du. Nobedade gisa, 2023. urtean, audioliburuak ere eskuragarri jarri dira liburutegi digitalean: 569 audio-liburu daude erabiltzaileen eskura .

Bestalde, euskal idazleei aitorpena egiteko, eLiburutegian “Euskadi Literatura Saria” lortu izan duten obrak batzen dituen atal berezia sortu da 2023an. Era honetan, erabiltzaileek errazago izango dituzte eskuragarri saritutako obrak.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2014. urtean jarri zuen martxan eLiburutegia egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko helburuarekin. Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegi publiko batean alta emanda egon behar du. Era horretan, liburutegi-txartelaren bitartez, pertsona horrek erabiltzaile-izena eta sarbide-pasahitza lortzen ditu.