Vitoria-Gasteizko Udala eta Alboan Fundazioa finalistak dira Hondakinen Prebentziorako Europako Sarietan

0
  • Sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 18an izango da, Marseillan 
  • EBko kide diren herrialde guztietako eskualdeetako eta estatuko koordinatzaileek izendatutako 63 ekintzen artetik Europako 15 finalista hautatu ditu epaimahaiak, bost kategoriatan 

Aurten, Hondakinen Prebentziorako Europako Asteko sarietarako hautagai diren bi euskal proiektuak, hain zuzen, elkarteen/GKEen kategorian (Alboan Fundazioa) eta administrazio edo erakunde publikoaren kategorian (Vitoria-Gasteizko Udala) lehiatuko dira.

Alboan Fundazioa finalista izan da duela ia hamarkada bat abian jarri zuen ekintza batekin: ‘Mugikorrak Lurraren alde’ kanpaina. Helburua da telefono eta tabletak biltzea, eta berriz merkaturatzeko berregokitzea, edo hondakinen kudeatzaileengana bideratzea, barneko materialak berreskuratzeko. Proiektuak, gailuak birziklatzeaz eta berrerabiltzeaz gain, horien fabrikazioak eragiten duen inpaktua arrazionalizatzen du, gailuen bizitza baliagarria luzatzen baita. Gainera, lortzen diren funtsekin ekintza humanitarioak finantzatzen dira.

Bestalde, Arabako hiriburuko udala hautatu da, “Berrerabilgune” zentroa bultzatzeagatik. Gune horretan, egoera onean egon arren baztertu dituzten artikuluei bigarren bizitza ematen zaie. Erabiltzaileek artikuluak dohaintzan eman eta jaso ditzakete, bai eta autokonponketa tailerrean parte hartu ere. Era horretan, balioa ematen zaio baliabide naturalak errespetatzen dituen kontsumo eredu bati. ‘Berrerabilgunea’ urtean zehar hainbat aldiz ateratzen da kalera, gai jakin batzuekin lotutako ekitaldiak egiteko. Helburua da zerbitzuari ikusgarritasuna ematea eta herritarren parte hartzea sustatzea, jostailuak, altzari txikiak eta erabilitako liburuak banatzen baitira.

Guztira, Europako epaimahaiak 3 finalista hautatu ditu dauden bost kategorietako bakoitzerako: Administrazio publikoa, enpresak eta industria, elkarteak eta GKEak, hezkuntza erakundeak eta herritarrak. Zeregin horretarako 4 irizpide lehenetsi dira: komunikazioa eta ikusgarritasuna, edukiaren kalitatea, originaltasuna, eragin iraunkorra eta jardueren jarraipena. Proiektu finalista guztiak esteka honetan ikus daitezke: 2023ko epaimahaiaren erabakia.

Astebeteko ekintza, urtebeteko mobilizazioa

Hondakinen Prebentziorako Europako Astean, hots, Euskadin Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak koordinatzen duen ekimenean, 190 ekintza erregistratu ziren lurraldean bertan, eta ekintza horiek 2023ko 15. edizio honetan Europa osoan antolatutako 14.500 ekintza baino gehiagori gehitu zaizkie.

Aste hau hondakinen prebentziorako kontzientziazio kanpainarik handiena bihurtu da Europan, eta guztia koordinatzeko, Ihobe, herrialde kide guztietako beste 35 koordinatzailerekin batera, jarduera sustatzeaz, erregistroa kudeatzeaz, proposatutako ekintzak baliozkotzeaz eta ondoren kategoria bakoitzeko ekintza nabarmenenak izendatzeaz arduratzen da.

Euskadik sari horietan parte hartzen duenetik, lau euskal erakundek lortu dute sari nagusia nork bere kategorian (Seur, Iparragirre Ikastola, IMQ Zorrotzaurre eta St George´s British International School), beste sei, gainera, finalista izan dira (Euskadiko Elikagaien Bankua, CEIP Mendiko Eskola HLHI, Uvesco –bi aldiz–, Bizkaiko Foru Aldundia eta Axular Lizeoa).

EWWR sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 18an egingo da, Marseillan dagoen Europako eta Mediterraneoko Zibilizazioen Museoan. Ekitaldi horretan egingo da, bigarren urtez, hondakinak murrizteko Aste Euro-Mediterraneoa. Sari horiek amaiera ezin hobea emango diote Hondakinen Prebentziorako Europako Asteari, han bilduko baitira jardueren antolatzaileak, erakunde koordinatzaileak, eta arrazoi horrek mugitzen dituen erakunde eta pertsonak.