Eusko Jaurlaritzak 80.000 euroko laguntza emango du sasoikako langileentzako ostatuak sortzeko eta hobetzeko

0
PRUEBA
  • Sasoikako langileentzako ostatu-sarea handitu eta hobetzera bideratutako proiektuak edo jarduerak babestuko dira, bai eta Euskadin dauden bitartean ostatu-baldintza duinak eta integraziora bideratutakoak bermatzera zuzendutakoak ere
  • Laguntza horiek Sasoikako Lanaren Arretarako V. Plan Integralaren barruan sartzen dira. Plan horrek sasoikako lanaren inguruan sortutako beharrei erantzuteko jardueren plangintza koherentea eta koordinatua arautzen du

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko jarduneko sailburu Arantxa Tapiaren agindua onartu du. Agindu horren bidez, nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileei ostatu emateko higiezinak sortu, egokitu edo ekipatzeko laguntzetarako deialdia egiten da 2024ko ekitaldirako. Guztira 80.000 euroko zenbatekoa dute, eta xede horretarako higiezinen jabe diren pertsona fisiko zein juridikoek, publiko zein pribatuek, jasoko dute laguntza.

Diruz lagunduko dira sasoikako langileentzako ostatu-sarea handitzeko eta hobetzeko proiektuak edo jarduerak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bitartean bizitoki duin eta integratua izateko baldintzak bermatzeko proiektuak ere. Horren barruan sar daiteke bizitoki horiek eraikitzea edo, hala badagokio, erostea eta gaitzea, eraberritzea, handitzea, egokitzea, hobetzea eta hornitzea, erregistratutako ostatua izateko eskatzen den araudia bete ahal izateko.

Laguntza horiek Sasoikako Lanaren Arretarako V. Plan Integralaren barruan sartzen dira. Plan horrek sasoikako lanaren inguruan sortutako beharrei erantzuteko jardueren plangintza koherentea eta koordinatua arautzen du. Azken helburua da gutxieneko bizigarritasun- eta duintasun-baldintzak betetzen dituzten ostatu-plaza nahikoak izatea.

Horretarako, baldintza horiek betetzen ez dituzten bizitokietan hobekuntzak egitea eskatzen da, gai gisa baimendutakoen (erregistratutakoen) kopurua pixkanaka dauden bizitokien kopurura hurbil dadin.

Eskaera egiteko epea

Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta ondorio horretarako jarritako aurrekontua agortzen denean amaituko da, edo 2024ko azaroaren 15ean.

Pertsona fisikoek modu presentzialean nahiz elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Eskabideak zuzenean aurkeztuko dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Izapidetze elektronikorako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.