Gobernu Kontseiluak 1,2 milioiko laguntzak onartu ditu turismo-ekintzailetzarako eta -lehiakortasunerako

0

Gaur onartu dira Gobernu Kontseiluan ekintzailetzan laguntzeko eta turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko 2024ko laguntzak (EMET), Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatuak. Laguntzen zuzkidurak 2023ko deialdiko aurrekontu bera mantentzen du, 1.285.000 eurokoa, turismo-ekintzailetza eta lehiakortasuna indartzeko eta bultzatzeko.

Laguntzen helburua da Euskadin tokiko garapena erraztuko duten turismo-negozio berriak sortzen laguntzea, baita euskal turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntza ere, berrikuntza teknologikoa, turismo-eskaintzaren hobekuntza eta optimizazioa eta/edo turismo seguru, jasangarri, arduratsu eta irisgarri baterantz egokitzea sustatuz.

Turismoaren arloan negozio berriak sortzeko ekintzailetzarako zuzkidura 500.000 eurokoa da, eta turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko 785.000 euro erabiliko dira.

Programa honen onuradunak turismoaren arloan diharduten honako enpresa hauek dira: ostatu-enpresak eta jatetxeak, bitartekaritzakoak, turismo-garraiokoak, turismo aktibokoak, kongresuen antolatzaile profesionalak, turismo-gidariak eta autokarabanentzako harrera-eremu berezien titularrak.

Berritasun gisa, turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzearen arloan, diruz lagundu ahal izango dira, mugikortasun mugatua duten pertsonen irisgarritasuna errazteko, oztopo arkitektonikoak kentzeko egiten diren zaharberritze-lanak.