BEAZek urtero antolatzen duen Bizkaia Enpresa topaketak 400 enpresa txiki eta ertain eta ekintzaile biltzen ditu aukera berriak sortzeko, interesak batzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiarekiko lotura sendotzeko. Jardunaldian zehar On Bizkaia Sariak banatu dira. Sari hauek Bizkaiko Foru Aldundiak eta Beazek lagundutako enpresak aintzatesten dituzte bost kategoriatan: Syngoi Technologies (enpresa berritzailearen sorrera), Jeremías España (berrikuntza), Sparber Líneas Marítimas (nazioartekotzea), Pevasa (trantsizio digitala) eta Nuuk (startup baten ibilbide onena).
Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobe Bizkaia Enpresa XIII. Topaketan buru izan da, eta bertan azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundia enpresa eta pertsona ekintzaileen «konfiantzazko aliatua» dela beren prozesuak, produktuak, enpleguaren kalitatea eta Bizkaian duten errotzea hobetzeko eta trantsizio berdea eta digitala bultzatzeko. «Lurralde txikia gara, eta gure indarrik handiena Bizkaiko botere ekonomikoa sendotzeko lankidetzatik dator; izan ere, hari esker —argitu du— eusten zaie kalitatezko enpleguei eta denontzako zerbitzu publiko onei».
Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak, bere sailak 2023an egin dituen jarduerak errepasatu ditu. Sailaren aurrekontuaren % 75 Bizkaiko industria- eta zerbitzu-enpresa aurreratuen lehiakortasunari laguntzeko inbertitzen da.
Eraldaketa digitaleko arrakasta-kasuak
Bizkaia Enpresaren aurtengo arretaren ardatza digitalizazio-proiektuek enpresen lehiakortasunean sortzen dituzten onurak agerian jartzea izan da eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak eraldaketa digitaleko ibilbidean laguntzeko apustu irmoa egin du. Olatz Goitia, Beazeko zuzendari nagusia, hiru kasu arrakastatsuren aurkezpenaren moderatzailea izan da: Jesús Oñate industria-enpresa, Barbara scale upa eta BCAM, Basque Center for Applied Mathematics ikerketa zentroa. Eztabaidan teknologia berriak, hala nola adimen artifiziala edo modelizazio matematikoa lan-prozesuetan, txertatzeko orduan dauden ikuspegietan sakondu da, eta baita horiek enpresen egunerokoan duten inpaktuan ere.
ON Bizkaia sariak, enpresa-sareko bost erreferente
Eguneko ekitaldi nagusia bost kategoriatan proiektu onenei eman zaizkien ON Sarien entrega izan da.
Start-up baten ibilbide onena: Nuuk Mobility Solutions
Nuukek mugikortasun elektrikorako irtenbide globalak eskaintzen ditu hiri-eremuan. Liderrak dira bi gurpileko ibilgailu elektrikoen matrikulazioaren ranking nazionalean; Amorebietako konpainia hau 2021ean 2 milioi euro fakturatzetik azken ekitaldian 20 milioi baino gehiago fakturatzera igaro da, eta 18 pertsonako lantalde batetik berrogeita hamar pertsonako taldera, I+G+bn 750.000 euroko etengabeko inbertsioa eginez. Nuuk 2012an sortu zen ibilgailu elektrikoak merkaturatzen zituen enpresa gisa, eta eboluzionatu egin du ibilgailu horiek garatzeko ingeniaritza-ekipo propioa sortu eta flotak kudeatzeko irtenbide globalak ere eskainiz. Hobekuntza hauei esker jauzi itzela eman zuen 2019an, eta Correos bezalako konpainia handiekin hasi ziren lanean. 200 tailer dituzte eta 15.000 ibilgailu mantentzen dituzte.
Enpresa Berritzailea Sortzeko Proiektu Onena: SYNGOI TECHNOLOGIES
Duela urtebete sortu zen; enpresa honek DNA sintetikoa ekoizten du, terapia genetiko edo zelular aurreratuak garatzea ahalbidetzen duen osagaia. Bere inbertsio teknologikoari esker enpresa honek paziente bakoitzarentzako tratamendu espezifikoak diseinatzen ditu. Syngoik teknologia bakarra du munduan DNAren propietateak modulatzeko eta tratatu beharreko paziente-taldeentzako jarraibide terapeutikoen beharretara egokitzeko. Zamudion du egoitza eta bere bezeroak Europako eta AEBetako enpresa bioteknologiko eta farmazeutikoak dira. Bere sistema berritzaileak DNA optimizatua ematen du, asteetan hornitzen dena, erraz erreproduzitzeko modukoa, eskalatzeko erraza eta purutasun handikoa.
Berrikuntza- eta hazkunde-proiektu onena: Jeremías
Enpresa hau Iurretan dago eta gasak husteko arloan sektorean handienak diren eta gehien ekoizten duten bost plantetako bat dauka. Enpresa 2007an sortu zen eta ahalegin handia egin du produktu berrien I+Gn. Biomasako galdaren eta berogailuen teknologia berokuntza sortzeko eraginkorrena da, ez baitu atmosferara isurtzen. Sariak bere azken proiektuetako bat aintzatesten du: Passivhaus definizioaren barruan kokatutako horma isolatzailearen diseinu berria eta FH (fish hook) lotura- kontzeptuaren bidez hodi zentrokideak zero soldadurarekin lotzeko kontzeptu berriaren garapena.
Nazioartekotze-proiektu onena: Sparber Líneas Marítimas
43 urteko ibilbidearekin Sparber Groupek hiru negozio-lerro garatu ditu mundu osoan zehar: lurreko, itsasoko eta aireko garraioa. Egoitza nagusia Bilbon du, eta bulegoak eta biltegiak ditu Irunen, Bartzelonan, Madrilen, Valentzian, Gijonen eta Zierbenan; era berean, nazioarteko ordezkaritzak ditu Mexiko, Txile, Dominikar Errepublika, Alemania eta Txinan. Gaurko sariaren bidez bere itsas-arloa aintzatetsi da. Sparber Líneas Marítimas taldearen negozio-unitate nagusia da askotariko zerbitzuei esker, hala nola, taldekatzea eta edukiontzi osoa.
Trantsizio digitaleko proiektu onena: Pevasa, Pesquería Vasco Montañesa
Pevasa enpresak ozeano Atlantikoan eta Indiako ozeanoan tunido tropikalak arrantzatzen ditu eta arrantza jasangarriaren aldeko apustua egiten du. 8 atunontzi-izozkailuz osatutako flotak MSC, Friend of the Sea eta Arrantza Arduratsuko Atunaren ziurtagiriak ditu. Gaur bere Trackline plataforma digital berritzailea saritu da. Plataforma honek, blockchain teknologian oinarrituta, hegalaburraren merkaturatze-katea irauli du. Dokumentazio-trukeak elektronikoki egiteko aukera ematen du eta alderdi guztiak inplikatzen ditu, itsasontzietatik hasi eta hirugarren herrialdeetako agintarietaraino eta bezeroenganaino, aztarna-marka digital aldaezina utziz eta prozesuaren urrats guztietan dokumentu-kudeaketa optimizatuz, eta horrek nabarmen murrizten ditu denbora eta lotutako kostuak.