Eusko Jaurlaritzak kontratazio publikoan gardentasunerantz beste urrats bat emateko egin dituen berrikuntzak azalduko ditu Bruselan

0

Europar Batasunak gonbidatuta, Eusko Jaurlaritzak datorren astean Bruselan azalduko du kontratazio publikoan formulario elektronikoak txertatzeko garatutako plataforma, gardentasunerantz beste urrats bat emateko. Izan ere, Estatuko administrazio autonomiko bakarra da formatu elektroniko berriak modu automatizatuan garatu eta EBko Egunkari Ofizialera bidaltzen.

Esperientzia hori partekatu egingo da kontratazio publikoari buruzko datuek EBko politikei egiten dieten ekarpenaren inguruko hitzaldi batean, barne-merkatuaren 30. urteurrenaren testuinguruan eta EBko Argitalpen Bulegoak antolatuta. Apirilaren 29an eta 30ean egingo den ekitaldi honetan, gogoeta egingo da kontratazio publikoko datuak argitaratzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko egungo moduak hobetzeko eta praktika eta esperientzia onenak editore nazionalekin partekatzeko bitartekoen inguruan. Aldi berean, lankidetza hobetzeko, sinergiak aprobetxatzeko eta burokrazia murrizteko aukerak identifikatu nahi dira.

Hain zuzen ere, esparru horretan emango du Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Elektronikoko Zerbitzuak —Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikitakoak— iaz abian jarritako tresna honekin duen esperientziaren berri.

Ponentzian nabarmendu egingo dira, halaber, formulario elektronikoak Kontratazio Publikoko Euskadiko plataforman (KontratazioA-n) integratzearen indarguneak. Horien artean dago lortutako efikazia handiagoa Europako eskalan eta eskala nazional eta eskualdekoan kontratazio publikoko iragarkiak argitaratzeari eta kudeatzeari dagokionez. Hobetu beharreko alderdiei dagokienez, azalduko da, besteak beste, plataformaren erabiltzaileekiko komunikazioa eta prestakuntza sustatzeko beharra, eta proposatuko da bideotutorial berriak zenbait hizkuntzatan egitea, haien irisgarritasuna zabaltzeko.