Ihobek Euskadiko deskarbonizazioan eta ingurumen-hobekuntzan duen lidergoa sendotuz amaitu du bere 40. urteurrena

0
PRUEBA
  • Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak 2023ko memoria korporatiboa argitaratu du. Urte horretan 40. urteurrena ospatu du, Euskadin klima-ekintzan, tokiko jasangarritasunean eta ekonomia zirkularrean liderra izanik 
  • Ihobek azken urtean ia 1.500 jarduketa sustatu zituen enpresekin azken urtean, eta 2.000 jarduera baino gehiago erakunde publikoekin ekonomia zirkularraren, klima-aldaketaren, lurzoruen eta erosketa berdearen arloetan 
  • Aurreko ekitaldiko memoria korporatiboan honako mugarri hauek nabarmentzen dira: 2030eko Ingurumeneko Esparru Programa onartu izana, SOILUZIOAK 2023 Euskadiko Lurzorua Babesteko Kongresua edo Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren lehen Euskal Legea izapidetu izana 
  • Euskal sektore publikoko produktu eta zerbitzuen kontratazioaren % 43 erosketa publiko berdearen irizpideen arabera egin zen, eta ekonomia zirkularreko enpresen ia bikoitza mobilizatu zen 2022aren aldean.

Ihobe Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak gaur aurkeztu ditu erakundeak bere 40. urteurrena ospatu duen 2023ko ekitaldiko bere jardueraren daturik nabarmenenak. Memoria korporatiboaren arabera, Ihobek gauzatutako ekintzak areagotu egin dira, 1.467 jarduketa egin baitira ekonomia zirkularraren, klima-aldaketaren eta lurzoru kutsatuen arloetan. 16,6 milioiko aurrekontuarekin, Ihoberen inbertsioa sozietate publikoaren gastu osoaren % 14 izan zen; aldi berean, 1.906 jarduera mobilizatu zituen erakunde publikoekin klima-aldaketaren, lurzoruen, ekonomia zirkularraren eta erosketa berdearen arloetan.

Horren erakusgarri dira erakunde publikoen 28 atxikimendu berriak, Udalsarea 2030, Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea, osatzen duten 198 udalerriekin bat egiten dutenak. Sare horrek 2023an aurkeztu zuen bere 2026ko Plan Estrategikoa. Udalsarea 2030en idazkaritza tekniko gisa, Ihobek 67 udalerriri lagundu die Klima eta Energia Planak garatzen; 14 udalerri eta eskualde, berriz, elkartu egin ziren Euskadin trantsizio klimatiko eta energetikoaren aldeko tokiko ekintza sustatzeko estrategia bateratu bat egiteko. Ingurumen-irizpideak politika publikoetan txertatuz egiten duen lanaren barruan, Ihobek emaitza onak lortu ditu erosketa publiko berdea sustatzeko helburuan: sektore publikoko produktu eta zerbitzuen kontratazioaren % 43 horrelako irizpideen arabera egiten da.

Ospakizunetarako urtea

2023 Ihoberen 40 urteekin bat etorri diren mugarri garrantzitsuek markatutako urtea izan da. «Halaber, urte horretan ezarri ziren Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren lehen Legea onartzeko —2024ko otsailean onartua— oinarriak; esparru juridiko horrek erraztu egingo du Euskadi bat etortzea bere konpromisoa eta atxikimendua adierazi duen nazioarteko araudi, politika eta plan guztiekin, neutraltasuna, erresilientzia eta trantsizio justua beranduenez 2050erako lortzeko helburuarekin», azpimarratu du Ihoberen zuzendari nagusi Alexander Botok.

2023ko mugarrien artean ere dago Euskadiko 2030ko Ingurumeneko Esparru Programa (2030 IEP), 2023ko martxoan onartua. Euskal ingurumen-politika hamarkada amaierara arte gidatuko duen iparrorratza da, sei erronka eta zortzi proiekturen bidez; horiek politiken zeharkakotasuna, osasuna, jasangarritasun lehiakorra, kontsumoaren eredu kontzientea, finantzaketa jasangarria eta monitorizazioa eta kudeaketa aurreratua jorratzen dituzte, Administrazioa, enpresak eta herritarrak inplikatuz. Botoren arabera, «lurraldeko hainbat jarduera-arlotan izango du eragina Eusko Jaurlaritzako Sail askoren ahalegin koordinatua gauzatuz; gero eta nabarmenagoa baita ingurumena ingurumen-politikatik harago doala».

Iaz, SOILUZIOAK 2023 Euskadiko Lurzorua Babesteko Kongresua ere egin zen, eta agerian utzi zuen Euskadi Europako lurralde aurreratuenetako bat dela esparru horretan. Ekitaldiak 300 aditu baino gehiago bildu zituen; FAO, Europako Batzordea edo Europako Ingurumen Agentzia bezalako nazioarteko erakundeetako arduradunak. Gainera, lurzoruaren babesaren kudeaketa integrala lortzeko eta «2050ean lurzoruaren zero degradazio garbia lortzeko beharrezkoak diren aliantzak ezartzeko» oinarriak ezarri zituen.

Klima-ekintza, jasangarritasuna eta egokitzapena

2023an, Ihobek LIFE IP Urban Klima 2050 garatzen jarraitu zuen, Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena; proiektu hori, iaz, bere erdira iritsi zen. Gainera, Euskadik lider gisa jardun du esparru horretan, Europako beste proiektu batean —Regions4Climate— parte hartuz, lurraldea klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko bidean aurrera egiteko. Proiektu berri hori, Eusko Jaurlaritza eta Ihobe buru dituena eta Tecnaliak, Aztik eta Zabalak ere parte hartzen dutena, 2023ko urtarrilean hasi zen, eta Europako 12 eskualde inplikatzen ditu bere erresilientzia-planak eta egokitze-bide eraldatzaileak garatzeko eta probatzeko. Zehazki, Euskadik Txingudiko badiako hainbat padura-eremu berreskuratuko ditu, eta horrek lehen urratsak ematea ekarriko du Klima Aldaketara Egokitzeko Euskal Misioan, EBren Misioarekin bat etorriz.

Jasangarritasunari dagokionez, nabarmentzekoak dira ASTEKLIMAren bosgarren edizioa, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, Ihobek eta EEEk bultzatua. «Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da» lelopean, 279 jarduera egin ziren; bertan 56 udalek, lau mankomunitatek eta hiru koadrilek parte hartu zuten, 935.665 biztanle bilduz. Berrikuntza gisa, ekimenak ekitaldi propio bat izan zuen, ASTEKLIMA Azoka, bederatzi euskal udalerritara iritsi zen azoka ibiltaria, eta 1.700 pertsona baino gehiago bildu zituen.

Bestalde, Ihobek kudeatzen duen Ekoetxea Euskadiko Ingurumen Zentroen Sareak 132.771 pertsona hartu ditu; pertsona horiek aldaketaren parte dira, aldaketak ematea laguntzen duten esperientzietan parte hartuz eta herritarrek jasangarritasunaren alde duten konpromisoaren bidez. Esanguratsuenetako bat Ingurumenaren Munduko Eguna izan zen, hondakin bilketa handia eginez Ekoetxea zentroetan: adin guztietako 400 boluntariok baino gehiagok 3,1 tona zabor bildu zituzten ingurutik. Ekoetxea Sarean abian jarritako ekimenez gain, Ihobek herritarrei zuzendutako ekimen berriak zabaldu ditu, hala nola «Let ‘s Clean Up Euskadi«, “Let ‘s Clean Up Europe!” ekimenaren emaitza eta Hondakinen Prebentzioaren Europako Astean kokatua.

Ekonomia zirkularra

Ekonomia zirkularraren arloan, Ihoberen memoria korporatiboak ITP Aero eta Petronor Basque Ecodesign Center delakora batu izana nabarmentzen du. Basque Ecodesign Center erreferentziazko aliantza publiko-pribatua da Europa hegoaldean ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren arloan, eta Ihobek eta Sprik koordinatzen dute. Dagoeneko 18 euskal enpresa handi daude aliantza horretan. Basque Ecodesign Centerren bitartez, Ihobek ‘Ingurumen-zaintza estrategikoko txostena: ekonomia zirkularrari buruzko 2024rako 10 gakoak’ txostena argitaratu zuen. Txosten horrek ekonomia zirkularreko 10 erronka nagusiak laburbiltzen ditu, epe labur eta ertainean, Europako Itun Berdeari dagokionez. Gainera, 2023an prestakuntza-programa berri bat abiarazi zen. Programa horretan 400 enpresak baino gehiagok hartu zuten parte arlo horretan, Basque Circular Hub (Bilbon eta Gasteizen kokatutako ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroak) delakoaren bidez. Ekimenak —Confebaskekin eta ETE Zirkular Euskadi ekimenari atxikitako bitarteko eragile guztiekin lankidetzan— 9 ikastaro zabaldu zituen, eta gai hauek jorratu zituzten, besteak beste: ingurumen-diagnostikorako tresnak, Bizi Zikloaren analisirako tresnak edo ontzietako ekodiseinua arau-esparru berrian.

Ihoberi buruz

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera atxikitako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikokoa da Ihobe. Ihobek ingurumenaren hobekuntza hartzen du helburutzat, ingurumen-irizpideak euskal politika publikoetan txertatuz, Euskadirentzat eta bere erakundeentzat balio lehiakorra duen elementu gisa.

Memoria korporatiboan Ihobe osatzen duten pertsonak nabarmentzen dira, gardentasunarekin, gobernu onarekin eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin konprometitutako erakundea baita. Gaur egun, 59 pertsonak osatzen dute taldea (43 emakumek eta 16 gizonek), batez beste 48,5 urte dituzte eta % 86k goi-mailako titulazioa. Ihobeko pertsonen % 84 pozik daude erakundean egiten duten lanarekin.

Ihoberen emaitza guztiak, baita 2023ko jardueraren mugarririk nabarmenenak ere, memoria korporatiboan kontsulta daitezke (bertsio digitalean eskuragarri).