Nerea Melgosa: “Ebidentziak aditzera ematen du minbiziaren biziraupenak gora egin duela orokorrean eta nabarmen Euskadin”

0
  • Minbiziaren aurkako Arabako Elkartearen egoitza berria inauguratu da Gasteizko Zabalgana auzoan

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak baikortasun-mezua helarazi die minbizi-kasuak bizi dituzten pertsonei eta familiei, “ebidentzian oinarritutako ikerketa zientifikoen ondorio nagusia da gora egin duela orokorrean eta nabarmen minbiziaren biziraupenak Euskadin; emakumeetan handiagoa da gizonetan baino, eta, bi kasuetan, hobekuntza oso agerikoa da” nabarmenduz.

Nerea Melgosa Minbiziaren aurkako Arabako Elkarteak Gasteizko Zabalgana auzoan inauguratu duen egoitza berriaren aurkezpenean izan da gaur arratsaldean.  Miren Bilbaok, Gorka Orivek, Blanca Palaciosek, Pablo Larrabidek, María Ángeles Garcíak, Zuriñe Ortiz de Latierrok, Patricia Garcíak eta beste ordezkari instituzional batzuek lagunduta, elkartearen egoitza berriko instalazioak bisitatu ditu.

“Minbiziaren aurkako Elkartea osatzen duzuenak mundu guztiak ezagutzen eta aitortzen duen kolektiboa zarete.  Horrela bada, eskerrak ematen dizkiot zuen Arabako Batzarrari, hemendik egiten duzuen lanagatik. Ramón Reyes, Minbiziaren aurkako Estatuko Elkartearen presidente hori, jakin ezazu oso harro gaudela egiten duzuen lan handi horretaz”, adierazi du Melgosak.

Sailburuak goraipatu du “bere borondatez elkarteari eta minbizia duten gaixoen kolektiboari eta haien ingurukoei bere denbora eskaintzen dieten pertsonen lana. Lan isila da, batzuetan oharkabean pasatzen dena. Arreta soziala, lagun egitea eta laguntza psikologikoa berezkoak dituzue”.

“Etxean “minbizi” hitza lehenengo aldiz entzuten denean, diagnostiko posible gisa, horrek ezezaguna denarekiko nolabaiteko beldurra eta izua sortzen ditu. Diagnostikoa irmoa denean, sendatzeko prozesua hasten da, eta askotan arreta soziala behar izaten da osasun-arretaz gainera”, erantsi du Melgosak.

Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du kasu batzuetan gaixo dagoen pertsona bakarrik egon litekeela edo familiak “arreta psikologikoa”  behar izan dezakeela, “eta hortxe, bertatik, gertutik, zuen elkartetik, lagun egiteko eta arreta eta babesa emateko lan egiten duzue” erantsi du.

“Minbiziak, orokorrean, gaur egun sendatze-ehuneko altuak ditu, eta askotan gaixotasun kroniko bihurtzen da diagnostiko goiztiarrean, terapia pertsonalizatuetan eta hain beharrezkoa den ikerketan izandako aurrerapenei esker. Hori guztia osasun-zerbitzuen eta horietako profesionalen esku-hartze bikainarekin eta gure gizartearen inplikazioarekin lortu da, eta, bereziki, zuena bezalako elkarteen bultzadarekin, ikerketako, prebentzioko eta laguntzako ekintzak egiten dituzuen neurrian”.