Sopelako hezkuntza proiektua garatzeko adostasuna

0
  • Hezkuntza Sailak, Sopelako Udalak eta Zipiriñe ikastetxeko zein Sopela BHI-ko Guraso Elkarteek udalerrirako hezkuntza-planteamendua adostu dute
  • Haur Hezkuntzarako eraikin berria egingo da, eta udalerriak Batxilergo ikasketak ere hartuko ditu

Sopelako hezkuntza-proiektua definituta gelditu da azkenik. Gaur arratsaldean, Hezkuntza Saileko, Sopelako Udaleko eta Zipiriñe HLHIko zein Sopela BHI-ko Guraso Elkarteetako ordezkariek datozen urteetarako hezkuntza-plangintza adostu dute. Bileran parte hartu dute, besteak beste, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Xabier Aizpurua Administrazio eta Zerbitzu sailburuordeak, Iñaki Orbe Bizkaiko Hezkuntza ordezkariak, Alfredo Ruiz Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendariak, Guruzne Carrasson Sopelako alkateak eta Josu Landaluze herriko alkate ohiak.

Azken hilabeteetan, Eusko Jaurlaritzak, Udalak eta ikastetxeek udalerriko hezkuntza-antolamenduak eskatzen dituen aukerak aztertu dituzte. Gaur egun, Sopelak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat du, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutua ere. Udalerriko bilakaera demografikoak eta datozen urteetarako aurreikuspenak egungo azpiegiturak indartzeko beharra adierazi dute.

Azpiegitura berriak

Gaur arratsaldez Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan egin den bileran, alde guztiek beren analisia egin ondoren, beharrezko diren azpiegitura berriak zehaztu dira, bai eta etorkizunean ikastetxe bakoitzak hartuko dituen hezkuntza-etapak ere.

Horrela, Loroño auzoak ikastetxe berri bat izango du Haur Hezkuntzarako, hau da, 2 urtetik 5 urtera bitarteko umeentzako. Egungo Zipiriñe  HLHI-k Haur Hezkuntza eskaintzeari utziko dio eta Lehen Hezkuntzari eutsiko dio. Bestetik, Sopela BHI institutuak, DBHrekin jarraitzeaz gain, Batxilergoko ikasketak ere hartuko ditu, egungoaren ondoan egingo den eraikin berrian (egun Sopelan ez dago Batxilergorik).

Bilera amaitzean, alde guztiek pozez hartu dute lortutako adostasuna, Sopelako hezkuntza proiektuari bultzada berria emateko balio izango duelakoan.