EAEk eusten dio udal idazkariak, diruzainak eta kontu-hartzaileak hautatzeko eskumenari

0
  • Gaur argitaratutako informazio ohar batean, Konstituzio Auzitegiak ez du zalantzan jartzen EAEk gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioak hautatzeko prozesuetan duen eskumena
  • Ohar horrek, Talde Parlamentario Popularrak aurkeztutako errekurtsoaren ebazpenak jasotzen duenak, honako hau adierazten du: ordainsarien araubidearekin zerikusirik ez dutenez, prozesu horiek ez dira Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu behar

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Konstituzio Auzitegiaren epaiak ez dio eragiten Euskadiko erakundeek gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako plazak hautatzeko prozesuetan duten eskumenari. Hori deritzo Eusko Jaurlaritzak, zeren eta Konstituzio Auzitegiaren ebazpena formala baita, eta ez da sartzen gaiaren muinean, hala izan balitz orduan bai eskumenekoa izango zen. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten dio gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako plazak hautatzeko prozesuaren eskumenari.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak arlo honetan duen eskumen ahalmena Toki Araubidearen Oinarrien Legean oinarritzen da (abenduaren 19ko 6/2023 Errege Lege Dekretuak aldatua). Lege horren 2. xedapen gehigarriaren 7. paragrafoan ezartzen denez, «langile horiekiko aurreikusitako ahalmen guztiak autonomia erkidegoko araudiak ezartzen dituen baldintzetan hartuko dira bere gain, horien artean honako hauek sartuz: hautaketa ahalmena, lanpostu horietako lanpostu hutsak betetzeko lan eskaintza publikoa onartzea bere lurralde eremuan, hutsik dauden lanpostuak betetzeko prozesuak bere lurralderako bakarrik deitzea, lanpostuak betetzeko prozesu horietan funtzionarioak izendatzeko ahalmena, lehen destinoa esleitzea eta administrazio egoerak».

Konstituzio Auzitegiak argitaratutako informazio oharrak 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen manu bat aipatzen du, Talde Parlamentario Popularrak errekurritu zuena. Ohar horren arabera, funtzio publikoarekin lotutako gai horrek «ez du loturarik gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen ordainsari-araubidearekin, eta ez du eragin ekonomiko zuzenik diru-sarrerekin edo gastuekin», beraz, aurrekontu-lege baten eduki posiblea urratzen du.

Praktikan, ebazpen judizialak ez du inolako ondoriorik gaur egun indarrean dauden hautaketa prozesuetan. Eusko Jaurlaritzak euskal autogobernuaren aldeko konpromisoari eusten dio funtzio publikoaren arloan, eta, bereziki, toki-erakundeetarako langileak hautatu eta hornitzeari dagokionez, idazkaritza, diruzaintza eta kontu-hartzailetza azpieskaletan.

Eusko Jaurlaritzak sentitzen du ebazpen horien berri informazio oharren bidez izatea, epai osoa eskura izan gabe, are gehiago prozesuek euskal herritarrei zuzenean eragiten dietenean.