- Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak polizia-interes komuneko gaiak aztertzeko antolatu duen bosgarren topaketa da
- Ertzaintzaren, udaltzaingoen, Mossoen eta Foruzaingoen 190 agente inguruk polizia-jarduketetan teknologia berriak erabiltzeari buruz eztabaidatu dute
Eusko Jaurlaritzak bosgarren “Ezagutza Partekatuz” saioa egin du gaur goizean, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak antolatuta, Euskal Poliziaren jarduerak eta euskal herritarren segurtasuna eta ongizatea indartuko dituzten ezagutzen eta esperientzien trukea sustatzeko.
Oraingo honetan, Ertzaintzaren, Euskadiko 34 udalerrietako udaltzaingoen, Esquadra Mossoen eta Nafarroako Foruzaingoaren 190 agente inguruk eztabaidatu dute polizia-arloko erabakiak modernizatzeari buruz, inteligentziatik eta datuen eta irudien kudeaketa egokitik gidatuta, funtsezko puntua izanik Euskadiko 2025eko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrean.
PROGRAMA
Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak inauguratu dute saioa, Asier Erkoreka Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Olatz Arabiourrutia Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendaria eta Malentxo Arruabarrena Arkauteko Administrazio eta Zerbitzuetako zuzendaria ere bertan direla, eta, ondoren, polizia-inteligentziaren eta datuen kudeaketaren arloko 6 agente adituri eman die hitza.
Lehenengo, Ertzaintzaren Inteligentzia Bulegoaren bi arduradunek, inteligentziak herritarrak babesteko prebentzio-lanetan, informazio geoerreferentziatuko sistemen eta poliziaren datu-baseen bidez, erabiltzen duen “patruilaje fokalizatua” azaldu die entzuleei. Jarraian, Juan Ramón Navarrok, Polizia Judizialaren Arloko eta Alcobendasko (Madril) Udaltzaingoaren Informazioaren Analisirako eta Bizikidetzarako Inteligentzia Unitatearen inspektoreordeak, polizia-datuaren benetako balioa aztertu du, baliabideak optimizatzeko eta aurreikuspenak hobetzeko erabakiak hartzea errazten duen aldetik analisi sakon baten ondoren.
Gero, Albert Vilatarsanak eta Josep M. Domínguezek, Sant Boi de Llobregateko Hiri Seguruaren Ataleko intendente zuzendariak eta Udaltzaingoaren Zerbitzua Koordinatzeko inspektoreordeak, Business Intelligence erremintek polizia-datuen kudeaketan duten aplikazioa aztertu dute. Eta, azkenik, Manuel Lópezek eta Pedro Buizak, Las Rozaseko (Madril) Udaltzaingoaren komisario buru nagusiak eta Teknologia Berrien ofizial arduradunak, inteligentzia kudeatzeko euren sistemek eskaintzen dituzten aukeren erakustaldi praktiko bat egin dute, denbora errealean.