Haurrei eta nerabeei arreta emateko 116111 Zeuk Esan telefono-zerbitzua 24 orduan egongo da operatibo datorren ostegunetik, maiatzaren 2tik, aurrera

0
  • Melgosa sailburuak Bilbon egin den “Zentzumen guztiak haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurka” jardunaldien esparruan eman du berrikuntzaren berri
  • Gaur, apirilak 25, haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako eguna da

Eusko Jaurlaritzak haurrei eta nerabeei arreta emateko Zeuk Esan zerbitzua indartu du. Adingabeei eta horien inguruko helduei informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dien zerbitzua batez ere 116111 telefono-zenbakiaren bidez ematen da. Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politiketako jarduneko sailburuak gaur jakitera eman duenez, maiatzaren 2tik, ostegunetik, aurrera, telefono-zenbaki hori “eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan” egongo da operatibo.

“Adingabeei zuzendutako baliabidea da, baina inguruan gauden pertsona helduak ere artatzen ditu: amak, aitak, beste senide batzuk eta profesionalak, besteak beste, irakasleak, jarduera ludikoetako begiraleak, medikuak eta beste batzuk”, azaldu du Melgosak, eta adierazi du Zeuk Esan zerbitzua “baliagarria eta arina” dela, eta “2023an bakarrik 1.625 kontsultari erantzun” ziela.

Sailburuak adierazpen horiek egin ditu “Zentzumen guztiak haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurka. Hautemate goiztiarra eta komunikazioa” jardunaldiaren esparruan. Jardunaldi horiek Bilbon egin dira, haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta. Alde horretatik, Melgosak nabarmendu du ezin dela “amore eman haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren gaitzespenean. Eskubide osoko pertsona horien aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa da.  Eta, gainera, eraso horrek giza, gizarte eta ekonomia kostu izugarriak ditu”.

24 orduko zerbitzua

Zeuk Esan zerbitzua haurrekin eta nerabeekin zerikusia duten gaietan espezializatutako profesionalek osatzen dute, eta orientazioa, aholkularitza eta informazioa ematen ditu. 116111 telefono-zenbakira egiten diren deiak doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan. Zerbitzuak, 116111 telefonoaz gainera, beste komunikazio-kanal batzuk ere baditu: newsletter bat, web-orri bat (www.euskadi.eus/zeukesan)  eta sare sozialetako profilak.

Datorren ostegunetik (maiatzaren 2tik) aurrera, telefonoak eguneko 24 orduetan emango du zerbitzua. Telefonoaren beste aldetik, psikologoek edo gizarte-hezitzaileek adingabeei eragiten dieten era guztietako egoerei erantzungo diete, haiekin harremanetan jartzen direnak adingabeak izan edo horien inguruko pertsona helduak izan.

2023an, Zeuk Esan zerbitzuak 1.248 pertsonaren bidez egindako 1.625 kontsulta artatu zituen, guztira. Pertsona horien % 56 adingabeak izan ziren (697) eta % 40 gertuko pertsona helduak (496) eta % 4 profesionalak (55). Adingabeen artean, kontsulta gehien 16 urtetik 18 urtera bitartekoek egin zituzten (525, % 72); eta nesken eta mutilen arteko proportzioa antzekoa izan zen (% 51 gizonezkoak izan ziren 2023an). Helduen artean, eskaeren % 61,5 (339) gurasoek egin zituzten.

Gaiei dagokienez, adingabeek aipatu zituzten gaiak izan ziren, besteak beste, ondoez psikologikoa (% 35), berdinen arteko harremanak (% 18) edo familia-harremanak (% 14). Helduek, berriz, familia-harremanei (% 22), Zeuk Esan zerbitzuari (% 18), ondoez psikologikoari (% 15), berdinen arteko jazarpenari (% 13) eta beste hainbat gairi buruzko kontsultak egin zituzten.