Astelehenean zabalduko da “Oporretan euskaraz” uztaileko udalekuetan izena emateko epea

0

Internet bidez eman daiteke izena www.donostia.eus helbidean, edo Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, 09:00-14:00etara

Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen ditu Oporretan Euskaraz Udalekuak, haurrek ongi pasatzen duten bitartean, hizkuntza lantzeko. Hain zuzen, iaz, 600 umek baino gehiagok parte hartu zuten, Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak baliatuz. Aurtengo uztailean, 1etik 26ra elkartuko dira gaztetxo talde hauek, eta parte hartzeko izen-emate epea zabalik egongo da, apirilaren 29tik maiatzaren 7ra.

Internet bidez eman daiteke izena www.donostia.eus helbidean, edo Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, 09:00-14:00etara (Konstituzio plaza, 2). Adierazi bezala, udalekuak uztailaren 1etik 26ra izango dira, astelehenetik ostiralera (jaiegunetan, ez), 09:00etatik 13:30era; eta behar duten familiek zaintza zerbitzua izango dute 08:30etik 09:00etara.

2013tik 2019ra (biak barne) jaio eta Donostian erroldatuta dauden haurrek parte har dezakete. Adinaren eta jasotze puntuaren arabera eratzen dira taldeak, eta, hain zuzen, auzo hauetan egongo dira umeak biltzeko puntu horiek: Aiete, Altza, Antigua, Bidebieta, Erdialdea-Amara, Loiola-Erribera, Gros-Ategorrieta, Intxaurrondo, Parte Zaharra.

Udaleku hauetan, askotariko jarduerak egiten dituzte haurrek: hondartzako jarduerak; parke eta lorategietako jolasak; euria ari duenean tailerrak, antzerkiak eta lehiaketak; ingurugiroa lantzen dute… Eta udan Donostian bideratzen diren beste hainbat ekimenetan parte hartzen dute: Jazzaldia, Pilota Eskola, San Telmo Museoa…

Plazak zozketa publiko bidez emango dira, maiatzaren 16an, eta zozketaren emaitzak ikusgai egongo dira maiatzaren 17an, www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus web guneetan.

 

Kuota ezberdinak familia motaren arabera

Hilabete osoko kuota arrunta 164,06 eurokoa da; familia ugariek edota guraso bakarrekoek % 75a ordainduko dute, hau da, 123,04 €. Bestalde, familia ugari berezia izanez gero, kuotaren %50a pagatu behar da, 82,03 €; eta gizarte-laguntza jasotzen duten familiek, berriz, kuotaren % 10a dute, 16,40 €. Prezio honetan garraioa eta materiala sartuta daude.