Babestu zure enpresa zibererasoetatik Enpresa Zibersegurtasuneko dirulaguntza berriei esker

0

Aurrerantzean, Programa Euskadiko enpresa guztientzat egongo da zabalik, sektorea edo tamaina edozein izanik ere

Bazenekien zibererasoak direla Euskadiko enpresen mehatxu handienetako bat? Eraso horiek galera ekonomiko larriak eragin ditzakete, zure izen ona kaltetu eta bezeroek zugan duten konfiantza ahuldu. Horregatik, funtsezkoa da zure informazioa eta sistemak babestea zibersegurtasun arloko neurri onenekin.

Helburu hori lortzen laguntzeko, SPRIk Enpresa Zibersegurtasun Programa jarri du martxan, eta orain Euskadiko enpresa guztientzat egongo da eskuragarri. Euskadiko enpresen segurtasun informatikoa hobetzeko dirulaguntzak eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen ditu. Programa honen bidez, aditu batek zure egungo egoera aztertuko du eta zure premietara egokitutako ekintza-plan bat proposatuko dizu. Hala, gai izango zara zibererasoei aurrea hartu eta erantzuteko eta zure negozioaren lehiakortasuna bermatzeko.

Ez izan dudarik, eta aurkeztu zure eskaera SPRIren Enpresa Zibersegurtasuna Programan. Aukera paregabea da zure enpresa arrisku zibernetikoen aurka babesteko!

Zure enpresaren informazio estrategikoa babesten lagunduko dizugu

Ez jarri zure enpresa arriskuan, ikuskatu ezazu eta babestu zibererasoen aurka

Enpresaria bazara eta zure enpresaren segurtasunak kezkatzen bazaitu (zibererasoak, informazio sentsiblearen lapurreta…), Enpresa Zibersegurtasuna programa da behar duzuna.

Programa honek hainbat abantaila eskaintzen dizkizu zure enpresaren zibersegurtasuna hobetzeko. 23.000 €-rainoko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzu aditu bat kontratatzeko, zeinak aholku eman eta ekintza-plan pertsonalizatu bat egingo dizun. Eta 18.400 €-rainoko laguntza jaso ahal izango duzu zure informazioa eta sistemak babestuko dituzten hardwarea eta softwarea erosteko.

Gainera, ikuskapenak egin ahal izango dituzu erabiltzen edo sortzen duzun softwarearen segurtasun arazoak detektatu eta konpontzeko. Hala, hobeto zainduko duzu informazio garrantzitsu eta delikatua, esaterako, datuak edo jabetza intelektuala. Eta zure enpresaren komunikazioak kontrolatuko dituzu segurtasun gailuekin.

Hona hemen zure enpresaren segurtasuna nabarmen hobetu dezaketen proiektu batzuk:

  • Zure IT/OT ingurunearen segurtasuna indartu babes-sistemak integratuz. Horrek aukera emango dizu zure enpresako informazio- eta operazio-sistemen babesa hobetzeko, zibererasoak jasateko arriskua murriztuz.
  • Ekipo informatikoen mantentze-lanetarako, kontrolerako eta kudeaketarako urruneko sarbideak segurtatzea. Hala, ekipoak eta horiek duten informazioa babestu eta kanpoko erasoen arriskua murriztu daiteke.
  • Kanpoko erasoak simulatu eta konpainiaren datuetarako sarbide-maila desberdinak dituzten profilak ikuskatu. Horren bitartez ebaluatu daiteke enpresa batek eraso bati erantzuteko duen gaitasuna, eta informazioaren babesa hobetzen da.
  • Gailu elektronikoen zibersegurtasuna ebaluatzea eta ziurtatzea. Ezinbestekoa da prozesu horiek etengabe egitea, mehatxuak eta teknologiak uneoro aldatzen baitira.
  • Egungo egoera diagnostikatu eta zibersegurtasuna hobetzeko ekintza-plan bat egin. Horrek aukera ematen dio enpresari zer hobetu identifikatzeko, eta estrategiak garatu ditzake bere aktibo kritikoak babesteko.
  • Zibersegurtasun industrialeko estandarrak eta araudiak bete. Horrela bermatzen da enpresak betetzen dituela bere sistemak eta informazioa babesteko eskakizun legal eta teknikoak.
  • Perimetroko segurtasun gailuak eta beste gailu industrial batzuk monitorizatu. Horrek aukera ematen dio enpresari mehatxu zibernetikoak detektatu eta azkar erantzuteko.
  • Negozioaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna bermatu informazio estrategiko edo garrantzitsua babestuz. Horrek aukera ematen dio enpresari bere lehiakortasun-abantaila babesteko eta galera ekonomikoen arriskua murrizteko.
  • Eraso-mota desberdinekiko arriskua eta ahultasuna murriztu, zibersegurtasun-maila esanguratsuki hobetzen duten beste proiektu batzuk inplementatuz. Horrek aukera ematen dio enpresari bere aktibo kritikoak babesteko eta zibererasoak jasateko arriskua murrizteko.
  • Langileak zibersegurtasunaren inguruan kontzientziatzeko ekimenak. Horrek aukera ematen dio enpresari sistemen eta informazioaren babesean trebatutako plantilla kontziente bat izateko.

Zibersegurtasuna orain Euskadiko enpresa guztientzat eskuragarri

Programaren aurtengo edizioaren berritasun nagusia da ez dela soilik industriako enpresentzat izango: enpresa guztientzat egongo da eskuragarri, tamaina edo jarduera-sektorea edozein izanik ere.

Nazioarteko alarmak, krisi zibernetikoak eta telelana direla eta, inoiz baino beharrezkoagoa da enpresen segurtasuna bermatzea.

Euskadiko enpresek urteak daramatzate eraldaketa digitalean baliabideak inbertitzen, munduko merkatuan lehiakorrak izaten jarraitzeko. Egun, zibersegurtasunak funtsezko rola du edozein enpresaren lehiakortasuna eta berrikuntza mantentzeko.

Enpresa askok hobetu nahi dute haien negozioen zibersegurtasuna, batez ere, orain, jende gehiagok egiten baitu lan etxetik. Horregatik, enpresak ahulagoak eta eraso egiteko errazagoak dira hackerrentzat.

Enpresaren aktibo digitalak babestuta, esaterako, jabetza adimenduna, ikerketa-datuak eta garapen edo isilpeko komertzialak, abantaila lehiakorra mantendu dezakete Euskadiko enpresek eta etorkizuna bermatu.

Halaber, funtsezkoa da bezeroaren eta merkatuaren arteko konfiantza sustatzea. Bezeroek eta bazkide komertzialek espero dute enpresak behar bezala babestea haien informazio konfidentziala eta pertsonala. Zibersegurtasun-neurri sendoak ezartzeak handitu egiten du merkatuak enpresarengan duen konfiantza eta bezero berriak erakarri daitezke.

Eta, zibersegurtasuna ezinbesteko baldintza da kanpoko bazkideekin lankidetza segurua izateko eta berrikuntza irekiaren arloko ekimenetan parte hartzeko. Partekatutako datuen eta komunikazioen segurtasuna bermatuz gero, enpresak lankidetza eraginkorra izan dezake merkatuko beste eragileekin, soluzio berriak eta produktu berritzaileak garatzeko.

Hori guztia dela eta, Zibersegurtasun Industrialerako Programaren edizio berri honek Enpresa Zibersegurtasuna izango du izena eta Euskadiko enpresa-ehundura osoari zuzenduta egongo da. Zibersegurtasuna funtsezkoa izango baita enpresa guztien etorkizunean, pirata informatikoetatik babesteko.

Zibersegurtasun industrialeko 1.200dik gora proiektu

2018az geroztik, Euskadiko industriaren segurtasuna hobetzea helburu duten 1.200dik gora proiektu babestu dira. Proiektu horietatik gehienak azken urteetan abiarazi dira, Covid-ak eragindako krisiaren ostean, eta hemendik aurrera ere ugaritzen jarraituko dutela espero da.

Ikusirik programaren azken deialdietan izan den eskaera handia, erabaki dugu 2024an 3,5 milioi euroko hasierako aurrekontua mantentzea. Aurreikuspenen arabera, 330 eskaera inguru babestuko ditugu 8.000 eta 11.000 € bitarteko batez besteko dirulaguntzekin.

Nola hasi hobetzen zure enpresaren segurtasun informatikoa

Zure enpresa gutxienez jarduera zentro bat baduzu Euskadin, dagoeneko eska dezakezu laguntza hau. Nahikoa duzu dokumentazio hau aurkeztea:

  • Enpresaren jarduera eta egungo egoera, teknologiari dagokionez.
  • Detektatutako arazoa / premia. Proiektuaren helburuak.
  • Egin beharreko ingeniaritza eta aholkularitzako lanen, produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.
  • Diru-laguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.
  • Ezarriko den zibersegurtasun konponbidearen azterketa sakona. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.
  • Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuko dituena aholkularitza edo/eta ingeniaritzako kostuak, sistemaren lizentziak, mantenimendua eta hardwarea, hala badagokio.
  • Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua.
  • Proiektua gauzatzeko egutegia.

Gogoan izan proiektuan beti egon behar dela aholkularitza edo/eta ingeniaritzako lanen bat. Ez dira onartuko Hardwarea eta Software lizentziak erostera mugatzen diren proiektuak

Aprobetxatu aukera hau eta jaso aholkulari aditu baten laguntza SPRIren bitartez, zure enpresaren zibersegurtasunaren egoera aztertzeko eta ekintza-plan pertsonalizatua egiteko. Azaroaren 8an amaituko da eskaera aurkezteko epea. Babestu zure negozioa gaur bertan!