- Santa Marinak bi sari jaso ditu berrikuntzaren arloan, Euskaliteko “Erakundeen kudeaketari aplikatutako Adimen Artifizialari buruzko Jardunbide Egokiak” arloan Epaimahaiaren Saria ere jaso baitu
Osakidetzako Santa Marina ospitaleak bi sari jaso ditu aste honetan berrikuntzaren alorrean: batetik, Madrilen izandako “Osasun Digitala” Sarien VIII. edizioko “Urteko erakunde digitala” saria; eta, bestetik, Euskaliten eskutik jaso duen “Erakundeen kudeaketari aplikatutako Adimen Artifizialari buruzko Jardunbide Egokiak” Epaimahaiaren saria.
Berrikuntza-proiektu ugari
Madrilgo CaixaForum kulturagunean egin den Osasun Digitala Sarien VIII. edizioan, Osasunaren arloko agintari eta profesional garrantzitsuen aurrean, Santa Marina ospitalea nagusitu egin zaie 8 kategorietako bakoitzerako eta Urteko erakunde digitala sarirako lehiatzeko proiektuak aurkeztu zituzten 125 hautagairi. Azkenean, sari hori ere eraman du. Grupo Mediaforum-ek, SaluDigital.es argitaratzen duen konpainiak, urtero ematen duen saria da, teknologiaren bidez pertsonen osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak aintzatesteko.
Santa Marina ospitalea “Urteko erakunde digitala” izendatu dute, hainbat berrikuntza-proiekturi esker: kronikotasunaren arretaren digitalizazioa, zainketa aringarrietan sentsorizatutako eta monitorizatutako ohe adimendunak, stockaren kudeaketaren digitalizazioa Farmazia Zerbitzuan, eskatu ahalako pastilla-kaxa adimendunak eta aginte-taula automatizatuak.
Adimen artifiziala pazienteei informazioa emateko
Bestalde, oraingo honetan Bilbon egindako ekitaldi batean, Santa Marina ospitalearen “Adimen Artifizialaren bidezko testu-prozesamendua pazienteei zuzendutako informazioa emateko” proiektuak jaso zuen Euskaliten Epaimahaiaren “Jardunbide Egokien Saria”.
Berrikuntza horrek HNP – hizkuntza naturala prozesatzeko algoritmo aurreratuak erabiltzen ditu testua berregituratzeko eta sinplifikatzeko, pazienteentzat eskuragarriago eta ulergarriago egin dadin, funtsezko informazioa arriskuan jarri gabe.
Aintzatespen horrek berekin dakar, gainera, Santa Marina ospitalea, proiektu honekin, aurten, Aragoiko Sustapen Institutuak koordinatuta, ekainean Zaragozan egingo den CEX sariaren bi euskal hautagaietako bat izango dela. Bikaintasunaren Zentro Sustatzaileen Elkarteak (CEXek) urtero deitzen du sari hau, erakundeen artean kudeaketa-jardunbide egokiak trukatzen laguntzeko asmoz.