Pedro Miguel Etxenike Honoris Causa doktore izendatu du Madrilgo Unibertsitate Autonomoak

0

Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) katedradun emeritua Honoris Causa doktore izendatu dute gaur Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egindako ekitaldian. 1968an sortu zenetik, UAM erreferente bihurtu da mundu osoan zientziaren eta letren zenbait diziplinatan. Bere klaustroan ia ehun irakasle eta pertsona ospetsu ditu, eta, gaur, Etxenike irakaslea gehitu zaie goi-mailako izendapen horrekin.

Ekitaldian izan dira Amaya Mendikoetxea UAMeko errektorea, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua, Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea eta Nekane Balluerka eta Iñaki Gorizelaia UPV/EHUko errektore ohiak.

Fernando Flores irakasleak egin du Etxenike irakaslearen Laudatioa, zeinak UAMeko urrezko domina eta Ikerketako Sari Nazionala baititu. Laudatioan, Etxenikeren ikerketa-arloko ibilbide osoaren errepasoa egin du, eta «azken 30 urteetako Espainiako zientzialari garrantzitsuenetako bat» dela adierazi. Baina, haren lorpen handiak zerrendatu baino lehen, bere ustez pertsona gisa definitzen duenari buruzko gogoeta egiten du: “Zientzian, eta beste arlo askotan, funtsezkoa da ausardia: gaztaroan agertzen den eta ezezaguna dena esploratzera eramaten gaituen jainkozko sen hori (…). Pedrok dohain batzuk ditu, eta haien artean daude, dudarik gabe, sormena eta zientzian lortutako arrakasta suspertzeko behar den ausardia”.

Etxenikeren ikerketa-karreraren hastapenetatik, Cambridgeko Unibertsitateko Cavendish Laborategi ospetsuan John Pendry irakasle ospetsuaren begiradapean egindako lana nabarmentzen da. Lan horren ondorioz, Etxenikek “Interaction of energetic particles with surfaces” (“Energia-partikulen eta gainazalen arteko interakzioa”) doktore-tesia argitaratu zuen 1976an, eta gainazalen eremuan izaera seminala duten zenbait artikulu ere bai. Etxenikeren eta Cavendish Laborategiko John Pendry eta Archie Howie irakasleen arteko lankidetzek hainbat urtez jarraitu zuten, eta, 1985ean, Cambridgeko Unibertsitateak “Overseas Fellow del Churchill College” izendatu zuen Etxenike irakaslea. Ken Arrow, Felix Bloch eta Phillip Anderson Nobel saridunek soilik jaso dute aitortza hori.

Etxenikek UPV/EHUko katedradun gisa eman dituen 30 urteetatik, Floresek nabarmendu du gaitasuna izan duela bikaintasuneko ikerketa-talde bat sortzeko, nazioarteko ospe handiko zientzia-lan batek bermatua, eta talde hori sendotzeko eta nazioarteko lankidetza garrantzitsuak garatzeko eta mantentzeko behar den azpiegitura sortzeko.

Horren adierazgarri, Euskal Herriko Unibertsitatea-CSIC Zentro Mistoa, CIC nanoGUNE Euskal Herriko lehen nanoteknologia-zentroa eta, batez ere, Donostia International Physics Center (DIPC) sortzeko emandako bultzada. Denek onartzen dute DIPC mundu mailako erreferentea dela; izan ere, urtero, 500 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratzen ditu, 25.000 aipamen baino gehiago jasotzen ditu eta hainbat herrialde eta kontinentetako 200 bisitari zientifiko inguru hartzen ditu.

Honoris Causa izendapena jasotzeko unean, Etxenike irakasleak eskerrak eman ditu aitortzagatik, bere ibilbide zientifikoari eta Euskal Herriko Unibertsitatearen bikaintasunari egindako aitorpen garrantzitsua dela adieraziz. Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak honakoa adierazi du: kasu gutxitan izango da egokiagoa bikain adjektiboa erabiltzea Etxenike irakaslearen ibilbide akademiko eta pertsonalean baino: ikerketa-ekarpen bikaina eta jarduera horretarako azpiegiturak sortzeko ekarpen bikaina. Baina bere lanaren elementu pertsonalagoak azpimarratu nahi nituzke: ezagutzarekiko grina edo zientzia eta edertasuna erlazionatzeko kezka. Hizlari bizigarri eta ausarta, beti dago prest belaunaldi berriei zientziarekiko grina transmititzeko, eta bere unibertsitateaz, Euskal Herriko Unibertsitateaz, harro dagon akademikoa da”.

Etxenikek aukera baliatu du belaunaldi berriak ikerketaren bidean jarraitzera gonbidatzeko. “Gauza txikia izanagatik zerbait lehen aldiz ikusteko plazera bizi izan duena betiko harrapatzen du ‘aurkikuntzaren uneak’, eta zaila izango da aurkitzaile hark ikerketa-jarduera uztea”, adierazi du Etxenikek. Baina gero gaineratu du: “Sormena, zientzian zein artean, ezin da antolatu, berez sortzen da talentu indibidualetik. Bereziki zaindu behar dira egiten dutenak, ideiak sortzen dituztenak, aberastasuna sortzen dutenak, edertasuna sortzen dutenak. Zientzia-politikarik onena gure gazteentzat aukera ugari sortzea da”.

Etxenike irakaslearen aitortza ugarien artean, Asturiasko Printzea saria eta Blas Cabrera Ikerketa Sari Nazionala daude, fisika-arloan Espainia mailan dauden bi sari ospetsuenak. Nazioartean, Max Plank saria du, eta Europako Fisika Elkarteko ohorezko kidea da. Titulu hori fisikako 19 pertsona ospetsuk bakarrik dute; besteak beste, zortzi Nobel saridunek, CERNeko hiru zuzendari ohik eta Jocelyn Bell Burnell astrofisikari bikainak.

Honoris Causa doktore titulua Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren aitortza akademiko gorena da, eta izaera akademiko, zientifiko, kultural, tekniko edo humanistikoko aparteko merezimenduak dituzten, nazio edo nazioarte mailan ospe handia duten eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren balioak garatzen eta sustatzen nabarmen laguntzen duten edo erakunde horrekin lotura estua duten pertsonei ematen zaie. Izendapen honekin, Etxenike irakasleak sei Honoris Causa doktorego ditu.