130 enpresak eta adituk baino gehiagok, telekomunikazioen arloko abangoardia eta sareen eta zerbitzuen (adibidez, zibersegurtasuna eta cloud) merkatu-joerak erakutsiko dituzte maiatzean. Maiatzaren 9an eta 10ean egingo dute 2024ko Aotec Teknologia Azoka, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC). Azokaren 17. edizioa izango da, eta SPRIren laguntza jasoko du.
IoT, adimen artifiziala, sare irekiak eta jasangarritasuna izango dira hizketagaiak. “Bultzada berritzailea” lelopean, konektagarritasunaren arloko aurrerapen eta joera nagusiak bilduko ditu, baita herri txiki eta ertainen, horietako enpresen eta biztanleen eraldaketa digitalera bideratutako zerbitzuak ere. Aotec 2024 azoka Bilbao Exhibition Centreko (BEC) 2. pabiloian egingo dute. 8.000 metro karratu hartuko ditu, eta standen beste eremu bat gehituko diote, dagoen eskariari erantzuteko.
Telekomunikazioen sektoreko Estatuko eta nazioarteko hornitzaile eta fabrikatzaile nagusiak biltzen ditu Teknologia Azokak eta, urtero, operadore alternatiboak (tokikoak eta neutroak), teknologoak, ingeniaritzak eta administrazioak elkartzen dira bertan. Edizio honek Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa du.
Aotec 2024 azokak bost ardatz nagusi ditu: komunikazio digitalen eta cloud arloko azpiegiturak; telebistako edukiak; teknologia disruptiboak eta eraldatzaileak (IoT, AA eta 5G), telefonia; eta zerbitzu osagarriak (zibersegurtasuna, alarmak, energia…). Gainera, lehen aldiz, startupentzako eremu bat izango du. Aurreko edizioa Alacanten egin zuten, eta 4.000 bisitari erregistratu zituzten.
Azoka honetan presentzia garrantzitsua izango dute honako enpresek: Huawei teknologia-enpresa; Aire Networks, Asteo Red Neutra, Onivia eta Bluevía operadore neutroak; Adamo, Avatel eta Finetwork operadoreak; AMC Networks Sourthern Europe telebistako edukien nazioarteko ekoiztetxea; Alea Soluciones integratzailea; konektagarritasun mugikorrean espezialistak diren Cablemóvil eta Silbo Telecom; eta American Towers, Totem eta Vantage Towers towercoak.
Enpresa teknologiko horiek funtsezkoak dira operadore alternatiboentzat (tokikoak eta neutroak). Operadore horiek arduratzen dira konektagarritasuna Espainiako landa eremuetako toki gehienetara eramateaz. Hala, arrakala digitala deuseztatzen, ekonomia bultzatzen eta despopulazioa eteten laguntzen da.
Tradizioari jarraituz, azokako lehen egunaren amaieran Aotec Sariak banatzen dira. Aurten Guggenheimen egingo da sari-banaketa. Urteko Operadoreari eta telekomunikazioen arloan lan nabarmena egin duen erakunde bati egingo diete aitortza.