770.000 euro lanbide heziketako berrikuntza eta ekintzailetza proiektuetarako

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Lanbide Heziketarako Agindu bat onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta. Honen bidez, 2024-2025 ikasturtean, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan garatu beharreko berrikuntza eta ekintzailetza proiektuak egiteko dirulaguntzak deitzen dira. Proiektuok, honako plan hauek  jasotzen dituzten ildo estrategikoekin bat etorri beharko dute: Lanbide Heziketako VI. Euskal Planarekin eta Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planarekin.

770.000 euroko diru kopuruarekin, deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako zentroetan irakasleak erabat edo partzialki liberatzeko dirulaguntzak ematea. Era horretan, irakasle liberatu horiek berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza proiektuak egin ahal izango dituzte. Aipaturiko proiektu horiek 2024-2025 ikasturtean gauzatu beharko dira.

Proiektuok garatzerakoan jaso den ezagutza hori ikasleengana transferitzea izango da helburua, bai eta Euskadiko gainerako Lanbide Heziketako ikastetxeetara eta enpresetara iristea ere, Enpresa Txiki eta Ertainetara (ETE) bereziki.

Deialdi honen bidez diruz lagundu daitezkeen berrikuntza eta ekintzailetza proiektuek honako eremu hauetako batekoak izan beharko dute:

  • Berrikuntza Teknologikoaren eta Sistema Adimendunen eremua da. Bertan, helburu orokortzat garapen teknologikoak egitea duten proiektuak sailkatzen dira, hala nola: fabrikazio aurreratua, fabrika digitala eta aurreratua, ingurune birtualak edo mugikortasun iraunkorra, besteak beste. Eremu horretara 462.000 euro bideratuko dira.
  • Biozientziak eta Iraunkortasuna. Besteak beste iraunkortasunarekin, energia-eraginkortasunarekin, energia garbien sorkuntzarekin, eraikuntza jasangarriarekin, bioteknologiarekin, 4.0 osasunarekin edo zahartze osasungarriarekin lotutako proiektuak sailkatzen diren eremua da. 308.000 euro bideratzen dira eremu honetara.

Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntza hauek, baldin eta 2024-2025 ikasturtean erdi eta goi-mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak itunduta badituzte.

Lanbide Heziketa ezinbesteko bidelaguna da enpresentzat profil profesional berriak garatzeko unean, eta ikasleen prestakuntza zein espezializazioa hobetzeko lanean dihardu. Horregatik, deialdi hau bat dator Lanbide Heziketako ikastetxeetan ingurune estrategikoak eta espezializazio-arloak ezartzeko helburuarekin. Ingurune eta arlo horien bidez, ikasleen enplegagarritasuna hobetzen da, eta, gainera, Euskadiko enpresei lehiakortasun abantailak eskaintzen zaizkie, bereziki ETEei.