Erakunde publikoak eta Reala Kopako finalarekin bat

0

Elkarlanean zaletuen bidaia Zaragozara prestatzen ari dira, baita Saguesen jai handi bat ere. Eta eskatzen dute balkoiak, leihoak eta etxe aurrealdeak bandera txuri urdinekin apaitzeko

Maiatzaren 18an emakumezkoen futbolak egun historikoa biziko du berriro ere. Zaragozako La Romareda Estadioak Erreginaren Kopako finala hartu du, eta bertan, Realak bere bigarren titulua bilatuko du – lehenengoa Granadan lortu zuen 2019an – FC Bartzelonaren aurka.

Donostiako Udaletxeko prentsa aretoak erakunde publikoek – Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk – eta Realak egun horretarako antolatutako ekimenen prentsaurrekoa hartu du. Helburua da hiriak eta Gipuzkoa osoak Realaren emakumeen futbol taldearekin bat egitea.

Zaragozara bidaia

Erakundeek eta Realak zaleen Zaragozara bidaia erraztu nahi dute. Helburua da 1987.urtean Erregearen Koparako bidai historikoa errepikatzea. Orduan, Realaren gizonezkoen taldeak Erregearen Kopa irabazi zuen maiatzaren 18ko finala hartuko duen estadio berean. Talde Txuri Urdinak 12.000 sarrera salgai jarri ditu, eta erakundeek bidai hori babestu nahi dute finalera joango diren zaleentzako autobusak antolatuz.

Hurrengo egunetan sarrera erosten duten pertsonentzat informazioa emango dute Aragoiko hiriburura joateko autobusen antolakuntzari buruz.

Jai erraldoia Saguesen

Zaragozara joan ezingo duten zaleek Donostiatik bizi ahal izango dute finala. Horretarako, erakundeak eta Reala Saguesen jai erraldoi bat antolatzeko prestaketak lantzen ari dira.

Sagueseko zabalguneak egun osoan zehar egin diren hainbat ekimen hartuko ditu. Helburua da, emozio handiko eguna familian pasa ahal izatea. Horretarako, beste hainbat zaleekin batera disfrutatzeaz gain, besteak beste, puzgarriak, hondartza futbola eta beste hainbat futbol modalitate txapelketak, jolasak, penaltiak jaurtitzeko makina birtuala, Goazen!-en eskutik ikuskizuna, eta DJ-a izango dira. Eta amaitzeko, partida pantaila erraldoian ikusteko aukera egongo da.

Donostia eta Gipuzkoa apaindu

Halaber, erakundeek eta Realak donostiar eta gipuzkoar guztiei dei egin diete kaleak, plazak, balkoiak, leihoak edo etxe aurrealdeak txuri urdin koloreekin apaintzeko.

Dagoeneko hainbat apaingarri jarri dira. Esaterako, Ijentea kalea eta Bulebar eta Kale Nagusiaren kantoiko eraikinean lona erraldoi bat dago lehengo ostegunetik, eta Anoetako Euskotreneko geltokia Realaren emakumezkoen futbol taldearen irudiarekin apainduta dago lehenengo ostiraletik. Bietan, taldeari babesa emateko honako goiburua irakurri daiteke: “Pausoz pauso bidea egiten. #GoazenNeskak”.