Euskadik araudi propioa izango du nekazaritza-sektoreko produktuak hurbileko salmentaren bidez merkaturatzeko

0
  • Dekretuak hurbileko salmentaren bidez merkaturatutako elikagaien higiene, osasun, trazabilitate, etiketatze eta publizitate baldintzak ezartzen ditu
  • Dekretu honen helburua hurbileko salmenta sustatzea da, ekoizleen emaitza ekonomikoak hobetzeko, produktu gehiago merkaturatuz

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hurbileko salmentaren bidez merkaturatutako elikagaien baldintza higieniko-sanitarioak, trazabilitatekoak, etiketatzekoak eta publizitatekoak arautzen dituen dekretua onartu du. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak proposatu dute.

Dekretu honen argitalpenaren helburua hurbileko salmenta sustatzea da, ekoizleen emaitza ekonomikoak hobetzeko, produktu primarioak edo eraldatuak gehiago merkaturatuz, eta, ondorioz, balio erantsia handituz, diru-sarreren iturriak dibertsifikatuz eta lehen sektorea eta landa-ingurunearen garapenari egiten dioten ekarpena ikusaraziz.

Era berean, kontsumitzaileek hurbileko elikagaiak eskuratu ahal izango dituzte, bai eta haien jatorriari, kostuari, ekoizpen-sistemari eta jasangarritasun-baldintzei buruzko informazio argia ere. Gai horien gaineko interesa handitu egin da kontsumitzaileen artean.

Elikagaien hurbiltasun-salmentaren helburua da nekazaritzan eta abeltzaintzan diharduten pertsonen hornidura- eta merkaturatze-kateak babestea eta kontsumitzaileekin lotura zuzenagoa ezartzea. Halaber, ekoizleen errentagarritasun ekonomikoa handitzea du helburu, bitartekaritza-kopurua murriztuz.

Hurbiltasuneko salmentaren kontzeptua honako salmenta-modalitate hauetako edozeinetan merkaturatzen diren elikagaien salmenta da: zuzeneko salmenta azken kontsumitzaileari edo zirkuitu laburreko salmenta; gehienez ere merkaturatze-katearen bitarteko maila baten bidez.

Gainera, dekretu honetan, arrautzak azken kontsumitzaileari zuzenean ematen dizkioten 50 oilo errule baino gutxiagoko ekoizleek bete beharreko baldintzak arautzen dira. Lehen mailako produktuen kantitate txikitzat hartzen dira, eta ez dute higiene-paketea aplikatu behar. Hori dela eta, arau berri honetan ezartzen dira Euskadin bete beharreko baldintzak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.