ITSASORATU programa onartu da 105.000 eurorekin, Euskadiko arrantza-flota gaztetzeko

0
  • Itsasoratu laguntzen bidez, itsas arrantzako heziketa-zikloetako ikasleak sektoreko errealitatera hurbiltzea errazten da, arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera emanez.
  • ITSASORATU programa 2018an abian jarri zen, eta ordutik 515.000 euro bideratu dira, 76 gaztek ontziratzeko eta prestakuntza praktikoa jasotzeko aukera izan dezaten.
  • Bi emakume baino ez dute parte hartu programan. Arrantza-sektorean emakumearen presentzia sustatze aldera, 1.000 euroko laguntza emango da ontziratzen den pertsona emakumea bada.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindua onartu du gaur goizean. Agindu horren bidez, ITSASORATU 2024 programaren deialdia egiten da, arrantza-sektorearen errealitatean prestakuntza-praktika sustatzeko, eta, horren bidez, nautika eta arrantzako heziketa-zikloetako ikasleak hilabete batez itsasontzietan ontziratzen eta arrantza-jardueraren egunerokoan prestakuntza jasotzen laguntzeko.

Laguntza horien bidez, ikasleak gaitzea eta profesionalizatzea bultzatu nahi da, euskal ontzidiko langileak gaztetzen direla bermatzeko, eta, horretarako, itsas arrantzako prestakuntza erauzketa-sektorera hurbiltzea eta benetan ezagutzea erraztu nahi da.

2024ko ekitaldirako 105.000 euro bideratuko dira ITSASORATU programarako. Programa hori Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza-portua duten arrantza-ontzien armadoreek emango dute, gazteak ontziratzeko aldi bakoitzean sortutako gastuak ordaintzeko.

2018an abian jarri zenetik, 515.000 euro bideratu dira ITSASORATU programara, eta, horri esker, 72 ikaslek prestakuntza-egonaldia egin ahal izan dute arrantza-ontzietan. Horietatik guztietatik, urte hauetan bi emakume baino ez dira ontziratu, horregatik eta arrantza-sektorean emakumearen presentzia sustatze aldera, deialdi honetan berriro ere laguntza indartuko da 1.000 eurorekin, prestakuntza-egonaldi hori egiteko hautagai den ikaslea bada.

Prestakuntza-egonaldien ezaugarriak eta diruz lagundu daitezkeen kostuak

Programak diruz laguntzen du itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako lehen mailako ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia egitea marea baten baliokide den aldi batean, hau da, 20 edo 30 egun bitartean. Egonaldia egoitza-portua EAEn duten arrantza-ontzietan edo lan egoitza EAEn duten armadoreen arrantza-ontzietan egingo da.

Enpresa onuradun bakoitzak gehienez 2 ikasle sartu ahal izango ditu prestakuntza-egonaldian. Egonaldia lehenengo ikasturtearen amaieratik hurrengo ikasturtearen hasierara bitartean egingo da.

Ontziratu daitezkeen ikasleek Blas de Lezo LHII eta Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHII ikastetxeetan edo Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzako Lanbide Heziketako Lanbide Heziketako ikastetxean egin beharko dituzte erdi-mailako eta goi-mailako itsas arrantzako heziketa-zikloen lehen kurtsoa, eta ikasgai guztiak gaindituta eduki beharko dituzte.

Hauek dira ITSASORATU 2024ren bidez diruz lagundu daitezkeen gastuak:

  1. a) Enpresak ikasle bakoitzari eman beharreko haborokina estaltzearen ondoriozko gastuak: 1.134 euro ikasle eta ontziratze-aldi bakoitzeko.
  2. b) Gizarte Segurantzan alta ematearen ondoriozko gastuak, ikasle bakoitza bere egonaldi osoan kontingentzia arruntengatik eta lan-istripuengatik estalita egongo dela bermatzeko.
  3. c) Prestakuntza-egonaldia egiten duten arrantza-ontziko ikasleen tutoretza eta monitorizaziotik eratorritako gastuak, bai eta haien mantenutik eta aldi horretan ontzian egin ditzaketen zereginen kontrol eta ikuskapenetik eratorritako gastuak ere. Zenbatekoa 3.600 eurokoa da. Ontziratzen den pertsona emakumea bada, zenbateko horri 1.000 euro gehituko zaizkio.
  4. d) Ekipoen eta laneko arroparen gastuak: 250 euro prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzeko.

Enpresa onuradunak praktiketako ikaslearen jarraipena eta tutoretza egin beharko ditu. Horrez gain, ikasleari beharrezko laguntza emango dio, eta prestakuntza-jarduera behar bezala garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzen lagunduko dio.

Eskabideak aurkezteko epea

Deialdia egiteko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko ekainaren 8tik uztailaren 7ra arte egongo da zabalik.

Eskaera-inprimakiak eta deialdi honi buruzko informazio guztia  www.euskadi.eus/servicios/1051107 webgunean egongo dira eskuragarri.