Lositek ospitaleetan eta osasun-zentroetan medikamentu eta produktu sanitarioen hornidura eta barne-kudeaketa hobetzen laguntzen du

0

Lositek 2022an sortutako Smartlog Group enpresaren ‘spin off’ bat da, eta, beste bazkide industrial batzuen laguntzarekin, sektore soziosanitariorako soluzio logistikoak sortzen espezializatuta dago. Sortu zenetik, ospitaleetan eta osasun-zentroetan prozesu intra-logistikoak automatizatzeko teknologia eta soluzio berritzaileak ezartzea izan du helburu. Bere enpresa nagusia industria-logistikan aritzen da, eta Lositekeko negozio-garapeneko zuzendari Iker Elizburuk dioenez, “aukera bat identifikatzen dugu industrian garatutako ezagutza logistiko sakona osasun-sektorera bideratzeko. Prozesu logistikoek hainbat sektoretan antzekotasunak badituzte ere, bide horretan daude botiken eta osasun-produktuen inbentarioaren trazabilitate– eta kontrol-eskakizunak bereziki nabarmenak dira”. Bi urteko lanaren ondoren, enpresak ekipo automatizatuak eta Galys Pharma izeneko software espezializatua garatu ditu. 

Plataforma horri esker, ospitaleko material guztien hornikuntza-kate osoa kontrola daiteke, eta denbora errealean integratzen da bere barneko sistema informatikoekin. Gainera, paziente bakoitzari emandako sendagaiak bezalako parametroak kontrolatzen ditu, eta, hala, hutsegite-arriskua minimizatzen du. “Proiektu bakoitzean gure ekipamendu fisikoa ezartzen dugu prozesuak automatizatu eta optimizatzeko, prestakuntzan produktibitatea handitzeko, biltegiratzeko gaitasuna zabaltzeko eta sendagaien prestakuntzan eta banaketan akatsak minimizatzeko”, adierazi du Iker Elizburuk. Hala, osasun-zentroetako eraginkortasun operatiboa eta ekonomikoa hobetzen dira, eta, horri esker, profesionalek pazientearen zaintzan zentratzeko aukera dute. 

Zazpi langile ditu Lositekek, eta hainbat ospitale nazionaletan prozesu logistikoak optimizatzea lortu du. Gaur egun ekipamendua berritzen ari da Osakidetzaren sareko OSIen farmazia-zerbitzu guztietan. Proiektu horretan fabrikazio propioko ekipamendua instalatu da eta bere kudeaketa-softwarea ezarri da. Horri esker, Osakidetzako ospitaleek nabarmen hobetuko dute farmaziaren kudeaketa integrala, dosi bakarren prestaketa barne. Eta merkatu nazionalaz gain, Lositekek nazioarteko merkatuan ere badago Latinoamerikan, Ekialde Ertainean eta Afrikako iparraldean abian diren ekimenekin. 

Hazten eta instalazioak finkatzen jarraitzeko,  enpresak aliantza estrategikoak lortu nahi ditu leku gehiagotara ailegatzeko eta bezero bakoitzarentzat soluzio pertsonalizatuak garatzeko. Smartlog Taldeak arreta berezia jartzen du I+G+Bko inbertsioan, eta Lositekek bere soluzioetan Big Data, Adimen Artifiziala edo robotika mugikorra bezalako teknologiak gehitu nahi ditu. 

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.