‘Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards”

0

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak oinarri teknologikoko ideia berritzaile eta jasangarriak sustatzearen alde egin du berriro, eta Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards lehiaketa antolatu du aurten ere. Lehiaketa Estatura begira ere egongo da, eta edozein ekintzaile indibidual eta startup aurkeztu ahal izango da, unibertsitatearekin lotura izan ala ez.

100.000 eurorainoko laguntza ekonomikoa banatuko da talde irabazle guztien artean. Diru-kopuruak eta horiek erabiltzeko moduak proiektu bakoitzaren arabera zehaztuko dira; baina, gehienez, 25.000 euro bideratuko dira proiektu bakoitzeko.

Sariaren zenbatekoa modu honetan gauzatuko da: Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritzako Gradu Bukaerako Lana edo Master Amaierako Lana egiten duen ikasle bat taldean sartzeko beka; Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko ikerketa-taldeen akonpainamendu teknologikoa ordaintzea; ekintzailetza-jardueretan laguntzea; proiektua aurrera ateratzeko bulego-espazioa eta industria- eta adimen-babeseko aholkularitza.

Ideia originalak aurkeztu behar dituzte taldeek: ez da plagiorik onartuko. Gainera, sariak bateragarriak izango dira antzeko beste sari eta finantzaketa-iturriekin.

Izen ematea eta epeak

Parte hartzeko izen-emateak maiatzaren 30ean amaituko dira, eta talde finalistak maiatzaren 14an jakinaraziko dira.

Lehenengo fasean izena eman beharko da galdetegian eta proiektua labur aurkezten duen bideo bat (3 minutu) bidali beharko da. Bideo horretan negozioaren ideia eta lantaldea zehaztuko dira. Maiatzean zehar, lehiaketan aurkeztu den pertsona edo taldea Mondragon Goi Eskola Politeknikoko (MGEP) Ekintzailetza taldearekin elkartuko da, taldearen eta proiektuaren ezagutza orokorrean sakontzeko. Ekintza-plan bat ere landuko da, proiektua errealitate bihurtu dadin jarraitu beharko lukeen plana zehaztuz.

Ekainaren 13an eta 14an, Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko Ekintzailetza Taldeak aurkeztutako proiektuen balorazioa egingo du eta talde edo pertsona irabazleen berri emango da. Ondoren, irabazleek taldean sartu nahi duten ingeniaritza-ikaslearen profila aukeratzeko epea izango dute. 2024ko irailetik aurrera ikaslea lan taldearekin bat egingo du eta aldez aurretik zehaztutako ekintza-plana jarraituko dute.

Enpresa laguntzaileak

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat urte daramatza lehiaketa bultzatzen, eta, urteotan, enpresa askok egin dute bat harekin. Aurtengo edizioan, FAGOR taldea, Orbea, KREAN eta MONDRAGON Korporazioa dira laguntzaile nagusiak; denen artean 100.000 euroko ekarpena egin diote aurtengo edizioari, ekintzailetza-lehiaketak aurrera egin dezan. Kooperatiba horiek Gipuzkoan dute egoitza nagusia, eta konpromisoa dute lurraldeko industria-sarea indartzeko eta bertan kalitatezko enplegua sortzeko; hori dela eta, lehiaketa babestuz, beren konpromiso sozialak sustatzen dituzte.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA INDUSTRIAL SUSTAINABLE ENTREPRENEURSHIP AWARDS