Garaipena Mendizorrotzako lagunartekoan

0

Athletic Clubek Deportivo Alavesi irabazi dio Marta San Adrianek lehen zatian egindako golari esker

Larunbatean Liga F-ko hitzordua iritsi baino lehen, lehoiek Deportivo Alaves gainditu dute Mendizorrotzan, Gasteizen emakumezkoen futbola sustatu nahian Gloriosas asterako ateak ireki zituen futbol-zelaian. Athletic Primera Federacion mailako bederatzigarren postuan geratu den aurkaria baino gehiago izan zen eta gol aukera ugari izan zituen bi talde ezberdin zati bakoitzean zelairatutako partida batean.

Lehen zatian David Aznarrek Arabako eta talde gasteiztarreko jokalari ohiak zelairatu zituen. Hasierako taldea honako hau izan zen: Quiñones, 90 minutuak jokatu zituen bakarra, Elexpuru, Garazi, Bibi, Gara, Oguiza, Pinedo, Yulema Corres, Arana, Azkona eta Sanadri.
Zuri-gorriren gola Marta San Adrianen botetan iritsi zen 13. minutuan. Ane Elexpuruk eskuinetik egindako erdiraketa bikaina aprobetxatu zuen. Hurrengo jokaldian ia berdindu egin zuten etxekoek, baina Bibik Laura Morenoren jaurtiketa atera zuen goleko marratik. Oguizak langara bidali zuen baloi bat atsedenaldia baino lehen eta Cris Auñonek gauza bera ere egin zuen. Hala ere, kanpokoak nagusi ziren berdegunean.

Aldageletatik bueltan ondorengo 11 jokalari hauek irten ziren: Quiñones, Eunate, Maddi, Landaluze, Nevado, Zubieta, Mariana, Sara Ortega, Jone Amezaga, Nahikari eta Zugasti. Zallako aurrelaria gola sartzetik gertu egon zen, eta Athletic askotan iritsi zen aurkariaren areara, baieder batekin bere gola ekidin zuen. 78. minutuan, Sara Ortegak zutoina miazkatzen bidali zuen bere errematea Nahikariren pase itzelaren ondoren. Azken abagunea Sara Carrillok izan zuen, Mariasun Quiñones ezustean harrapatu nahian. Aste honetan mendeurrena ospatzen ari zen Gasteizko estadioan giro bikaina izan zen. Lagunartekoaren ondoren bihar itzuliko dira lehoiak lanera Lezaman, larunbatean Villarreal CF talde behartsua etorriko baita (18:00etan).