- Urteko aurrekontua % 48 gehitu da, 250.000 eurotik aurten programara bideratu diren 370.000 euro baino gehiagora
- ERDU zuzentzen duten gizarte-erakundeek 303 pertsona artatu zituzten programa horren bidez
- ERDU 2020an sortu zen, konfinamendu betean, eta gaur egun izaera estrukturala du
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak aurten ere ERDU programa sustatu du, programara bideratutako baliabideak gehituz. ERDU pandemia betean sortu zen programetako bat da, eta adikzioak eta behar soziosanitarioak dituzten, baliabide tradizionaletatik aldenduta dauden eta arreta espezializatua jaso ezin duten pertsonen egoera hobetzen laguntzea du helburu.
2024an, Eusko Jaurlaritzak ia % 50 gehitu du ERDU programaren jarduerari erantzuteko aurrekontua, eta 2023ko 250.000 euroetatik aurtengo 370.798 euroetara pasatu da (% 48,32ko igoera).
Euskadiko lau gizarte-erakunde elkartu ziren ERDU proiektua bultzatzeko, eta proiektuan lanean jarraitzen dute EAEko hiru lurraldeetara irits dadin. Gizakia Fundazioa, Jeiki Fundazioa, Etorkintza Fundazioa eta Agipad – Gipuzkoako drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako elkartea dira. Lau erakundeek ikuspegi integral eta osagarri batetik heltzen diote berariaz adikzioen arazoari.
Programaren helburua da, pertsonaren inguruan sistema ezberdinen (oinarrizko gizarte-zerbitzuak, osasun mentaleko zentroak, bigarren mailako arretako zentroak, aterpetxeak, exijentzia txikiko zentroak, Ertzaintza, Lanbide, eta abar) baliabideak elkarlotzea. Modu horretan, gatazkak murrizten, sistemen eta baliabideen artean pertsonen fluxua hobetzen eta pertsona zaurgarrienek euren eskubideak baliatzeko dituzten aukerak areagotzen laguntzen da.
Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako jarduneko sailburuak aste honetan sinatu ditu Gizakia Fundazioak eta Jeiki Fundazioak ERDU programarekin lotuta Bizkaian eta Araban egiten duten jarduera finantzatzeko aginduak. Datozen egunotan Etorkintza Fundazioak eta Agipad elkarteak jasoko dute dirulaguntza.
Euskadin adizioak dituzten eta gizarte-zaurgarritasuneko egoeran dauden pertsonei arreta emateko hurbileko arreta komunitarioko programa Inor Atzean utzi Gabe funtsaren esparruan sortu zen, Covid 19ak eragindako pandemiako konfinamendu betean, 2020ko udaberrian. Funts horretatik zortzi programa sortu ziren, pandemiak eragindako edo areagotutako arrisku, bazterkeria eta/edo pobrezia egoerei erantzuteko. Programa horiek, ERDU barne dela, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen arteko lan partekatu baten ondorioz sortu ziren; izan ere, Euskadiko Elkarrizketa Zibileko Mahaiko bazterkeriaren aurkako batzordeak detektatu zituen egoera horiek eta gizarte-erakundeek garatu zituzten programak.
ERDU eta Aukerak Suspertzen, desabantaila sozialean dauden eta hezkuntzako eta ikaskuntzako prozesua jarraitzeko zailtasunak dituzten adingabeen premiei erantzuteko sortutako programa, dira, testuinguru jakin batean sortu ziren arren, izaera estrukturala izatera iritsi diren bi programak, eta mantentzeaz gainera, denborarekin indartuz ere joan dira.
2023
Iaz, ERDU programaren bidez, 303 pertsona artatu ziren, eta horietatik 199 kasu berriak izan ziren. 2022an, urtebete lehenago, 270 izan diren programaren onuradunak, eta 2023an, beraz, kasuen igoera % 12koa izan zen.
ERDU sustatzen duten lau erakundeak Euskadiko 49 udalerritan aritu ziren 2023an, eta 2022koak baino sei gehiago izan ziren.
Esku-hartzeei eta koordinazioei dagokienez, 2023ko memoriaren arabera, gora egin dute bi kasuetan. Esku-hartzeek % 47 egin zuten gora: 6.716tik 9.881era. Bestalde, koordinazioek % 18,20 egin zuten gora, 2022an 1.880 egin baitziren eta 2023an 2.222.
Nola funtzionatzen du? Arreta emateko unitate mugikor espezializatuen bidez, behar duten baliabideetara joaten dira, bertan egiten ari diren lanaren osagarri den adikzioen arreta eskaintzeko. Helburua da osasun- eta hezkuntza-arreta ematea, osasunaren eta gizartearen arloko zerbitzuekin koordinatuta, artatutako pertsonen osasun metala, egoera fisikoa eta psikologikoa hobetzeko.
Taldeak Psikologia Klinikoko, Medikuntzako, Erizaintzako eta Psikiatriako, Gizarte Laneko eta Gizarte Hezkuntzako profesionalek osatzen dituzte.